Debagoieneko Sortu: "Badago etorkizuna, baina aldaketan dago etorkizuna"

Jagoba Domingo 2013ko aza. 26a, 20:21

Debagoienean bizi dugun egungo egoera sozioekonomikoaren harira, Sortuk agerraldia egin zuen atzo iluntzean Debagoieneko Mankomunitateak Arrasaten duen eraikinean. Bertan, besteak beste, murrizketen eta krisiaren inguruan esan zuten "langile klaseak ezinbesteko gertaera gisa onartu beharko lituzkeen elementu atmosferiko bezala saltzen" dituztela, eta "irtenbideak eta alternatibak" badaudela aldarrikatu zuten. Sortuko Debagoieneko bozeramaile Ibai Redondok gaineratu zuen "alternatiba bakarra soberanista, ezkertiarra eta egungo hegemonia ekonomikoaren kontrakoa" dela.

Azaldu zuenez, azken hilabetean langabeziak nabarmen egin du gora, industria sektorean batez ere, eta gaur egun Debagoienean 3.775 langabetu daudela zehaztu zuen; salatu zuen, gainera, enplegua duten asko, enplegu prekarioetan dabiltzala lanean. Debagoienak, etorkizunean ere, eskualde industriala izaten jarraitu behar duela gaineratu zuen Redondok, hori bai, eredu industriala aldatuz: "Lurraldearekin orekan, eta beste sektoreekin, bereziki lehen sektorearekin, errespetuz jokatu behar du".

Beste puntu garrantzitsu bat, burujabetza dela esan zuen Redondok: "Egungo egoerara Europa zein Madrildik ezartzen diguten ereduagatik heldu gara eta herri bezala pentsatu eta erabakitzeko ordua heldu da". Bide horretan, Gipuzkoan eta Debagoienean, urrats batzuk eman direla ere aipatu zuen, besteak beste, zerga-politika justuagoa lortuz, aberastasuna hobeto banatuz edota tokiko garapenerako proiektuak martxan jarriz; hala ere, nahikoa ez direla eta nahi baino motelago ematen direla esan zuen.

Fagor Etxetresnen egoeraz

Fagor Etxetresnen egoera ere aztertu zuten, eta 1.800 kooperatibisten auziaz gain, Fagorri lotuta zeuden 200 enpresa hornitzaileen egoera larria salatu zuten Sortutik: "Milaka lanpostuz, pertsonaz, ari gara".  "Etengabeko galera horrek basamorturantz garamatza zuzen zuzenean, baina bide horretan besterik ez dela sinestarazi nahi digute eta ez da egia", esan zuen Redondok, eta alternatiba badagoela gaineratu zuen. Bere esanetan, gainera, Fagor Etxetresnen likidazio hutsa egingo balitz, bankuek soilik irabaziko lukete.

Egoera horren aurrean, haserrea kalera ateratzeko, eta enpleguaren, eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren alde indarrak batzeko garaia heldu dela gaineratu zuten Sortuko kideek. Era berean, Eusko Jaurlaritzari, "inorentzako edo gutxi batzuentzako" izango diren makro-proiektuak alde batera utzi eta diru hori enpleguaren sorkuntzara eta babes sozialera bideratzeko eskatu zioten.

Mobilizaziorako deia

Fagorren auziaren harira, Sortu azken minutura arte borrokatzeko eta alternatibak bilatzeko prest dagoela esan zuten. Eta zentzu horretan, LAB sindikatuak zapatuan Donostian deituriko mobilizaziorako deialdia egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak