Jon Emaldi: "Aurten, 230 enpresa sortzen lagundu izango du Gaztempresak"

Leire Kortabarria 2013ko aza. 27a, 01:00

Laboral Kutxako Kalitate eta Gestio Ereduko zuzendari Jon Emaldik dioenez, Gaztempresarekin enpresa txikiak sortzen laguntzen dute; bakoitzak ia bi lanpostu sortzen ditu.

Urte bukaerarako, 440 lanpostu sortu nahi zenuten Gaztempresa Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak. Zertan da hori?

Helburua betetzetik hurbil gaude eta, urte amaierarako, 230 enpresa berri sortu izango ditugula uste dugu. Enpresa txiki horietako bakoitzak, batez beste, 1,8 lanpostu sortuko ditu; beraz, 440 lanpostu horietatik oso gertu ibiliko gara.

Ze motatako enpresak sortu dira orain arte, aurten?

Mikroenpresak dira, oso txikiak, zerbitzuekin eta merkataritzarekin lotuta: tabernak eta halakoak, 37 (%28); ile-apaindegiak dira beste asko, 18 (%14); osasunarekin lotutakoak, 13 (%10), eta formazioarekin, beste 11 (%8). Sortu diren 70 komertzioetatik 33 elikadurakoak dira (%47), eta arropa-dendak, 12 (%17). Pixka bat denetarik dago.

Lehen handiagoak ziren Gaztempresaren eskutik sortzen ziren enpresak?

Gure kasuan, beti horrelakoak izan dira. Gure ekintzaileak nahiko profil berezikoak dira: gehienek ez dituzte unibertsitateko ikasketak egin; egin dituztenak ia %27 bakarrik dira. Martxan jarri nahi dituzten negozioak ere beti enpresa txikiak izan dira. Gertatu dena da krisiarekin ikusi dugula galga, geldialdia sartu dela. Guk, orain dela hiru urte, nahikotxo enpresa gehiago sortzen genituen, 300 enpresatik hurbil, eta aurten, berriz, 230 sortuko ditugu; eta nahiko gustura gaude horrekin ere.

Enplegu Sailetik ze kolaborazio duzue?

Gaztempresa Fundazioko partaideak Mondragon Korporazioa eta Laboral Kutxa dira, baina fundazioaren kostu finkoen ia erdiak Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ditu; ez maileguak, horiek Laboral Kutxatik datozelako. Eusko Jaurlaritzak, gero, Europako fondoetatik lortzen du horren zati bat. 

Ze baldintza bete behar ditu ekintzaile batek Gaztempresaren laguntza jasotzeko?

Hasieran, funtsezkoa zen gazteentzako enpresa bat izatea; baina hori gero eta gutxiago gertatzen dabilenez, orain, gazteendako enpresak izan beharrean, enpresa gazteak laguntzen ditugu, merkatuan urte asko ez daroatenak. Ekintzailearen adinari ez diogu kasu handirik egiten, gure ekintzaileek, batez beste, 36 urte dituztelako; nahi dugu ahalik eta gazteenak izatea, hori bai. Enpresaren hasierako 3-4 urteetan jasoko dute laguntza.

Ze bide jarraitzen duzue pertsona hori etortzen denetik? 

Sei pauso ditugu: ideiaren bideragarritasuna lantzea eta ekintzailearen profila egitea. Bigarren pausoa formazioa da: ekintzaileak ofizioaz asko jakin dezake, baina enpresa baten problematika ez du ezagutuko. Hirugarrenik, ideia bideratzeko bideragarritasun plana behar da, eta horretan ere laguntza ematen diogu. Laugarren pausoa finantza-plana da: ideia egia bihurtzeko modukoa dela eta bideragarritasuna duela ikusten badugu, bankura bueltatzen gara eta finantza-plana planteatzen dugu. Hurrengo pausoa enpresa sortzea da; eta, bigarren momentu baten, enpresa sendotzen laguntzen dugu. Horretarako laguntza-pertsona bat dugu, taldeka arazo zehatzak lantzeko mintegiak ere bai… Eta consulting-pro zerbitzua dugu martxan. Gero, sare soziala ere sortu dugu, eta helburua da Gaztempresatik irten direnendako gune digital bat izatea, ideiak eztabaidatzeko eta elkarri laguntzeko. 

Maileguak lortzeko modu berezirik badute ekintzaileek?

Bai, baldintzak desberdinak dira. Gaztempresaren bitartez ez baletor proposamena, seguru asko edozein banketxetan ezetza emango liokete. Baldintzak ere hobeak dira: prezioak baxuagoak dira eta garantiak ere txikiagoak dira. 

Laguntza-modalitate berriak dituzue: enpresak eskualdatzeko, bata, eta esperientzia eta jakintza berezirik ez duen jendearentzako soluzio integralak, bestea. Zertan datza modalitate bakoitza?

Enpresak eskualdatzea erretiro kasuetan planteatzen dugu. Jabea erretiratzen denean, ohikoena da negozioa beste norbaiti pasatzea, eta datorren ekintzaile berriak ez ezagutzea enpresa edo sektorea. Saiatzen gara erretiratzen denaren eta sartzen denaren artean bateratze bat egitea, heziketa prozesu batekin, enpresak ahalik eta errazen jarrai dezan aurrera.

Soluzio integralak ekintzailearen profila duen baina bere ideia hain ona ez den norbaiten kasuan ematen ditugu. Badauzkagu kontaktu batzuk beste enpresa batzuetan, eta frankizia antzeko zerbait planteatzen dugu; guk beste ideia bat proposatzen diogu ekintzaile horri. Batzuetan, guk jartzen dugu soluzio osoa eta ez bakarrik lagundu ekintzaileari bere ideia aurrera eramaten.

Krisiarekin, jende gehiago etortzen da Gaztempresara?

Inoiz baino jende gehiago jartzen da gurekin harremanetan; baina ideiak pobreagoak dira eta enpresa berri batek merkatuan jarraitzea zailagoa da. Iaz, 892 eskaeratik ideiak landu genituen 427 kasutan, erdiak. Eta horietatik 211 lagunek sortu zuten enpresa. Horrek esan nahi du kontaktu guztietatik %25 ideia inguru jarri genituela martxan. Orain dela urte batzuk, ez dut esango erdiak zirenik, baina laurdenak baino gehiago izaten ziren.

Beharbada enpresa berritzaileak sortzea zailagoa delako orain?

Normalean, proiektu hauek guztiak sektore ezagunetan daude. Guk ez ditugu erronka teknologikoko enpresak sortzen. Hain negozio txikietan, berritasunak ez dira erraz sortzen. 

Fagor Etxetresnen gainbeherarekin, euren enpresa sortzeko bidea gehiagok hartuko dutela uste duzu?

Izan daiteke. Fagorren kasuan, enpresa barruan berritzeko esperientzia oso politak egon izan dira; ez Gaztempresarekin, proiektu handiagoak izan direlako, baina bai Saiolanen eskutik, eta oso gauza interesgarriak egin izan dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak