Jose Antonio Vitoria: "Kirola praktikatzea eta begano izatea posible da, dieta orekatua egiten badugu, behintzat"

Ane Miren Etxeberria 2013ko aza. 26a, 01:00

Jose Antonio Vitoria (Bilbo, 1977)  ofizioz kirol monitore eta entrenatzaile pertsonala da, baina baita Historiako irakaslea ere. Bere zaletasunen artean musika eta kirola dira nagusi; gainera, azkenengo bost urteetan hainbat triatloitan parte hartu du. Beraz, kirola oso ondo ezagutzen du, baita kirola egiteko jarraitu beharreko dietak ere. Orain dela aste batzuk Elgetan izan zen, Elikadura beganoa eta kirola hitzaldia egiten.

Zer da beganoa izatea?

Beganoa izatea bizitza filosofia bat da. Animaliak errespetatzen ditugu eta ez ditugu ikusten kontsumo produktutzat. Gainera, elikagaitzat ez hartzeaz gain, ez ditugu arropetan, aisialdi uneetan eta beste modu batera erabiltzen. Animaliak animaliak dira, ez kontsumorako izakiak. Gure ustez, animaliek sufritu egiten dute eta guk ez dugu nahi min horren parte izan.

Kirola egiteko elikadura orekatua izan behar dugu; beganoa izanda lortzen dugu?

Zalantzarik gabe. Dieta beganoaren eta orojalearen arteko desberdintasuna da nondik, zein iturritatik ateratzen edo lortzen ditugun gorputzak behar dituen mantenugai edo elikagai guztiak. Izan ere, gorputzak funtzio batzuk garatu behar ditu eta horretarako mantenugai batzuen beharra izango du, horien jatorria oso garrantzitsua da.

Askok diote beganoa izanda proteina edota bitamina falta izaten dela; egia da hori?

Ez; alde batetik, dieta beganoa eginda, errazagoa da behar den bitamina kopurua gureganatzea; izan ere, bitamina gehienak frutan eta barazkietan izaten dira, eta, beraz, dieta mota hori eginda bitamina asko kontsumitzen dira. Halaber, gizakiok behar dugun proteinen kopurua ez da aldatzen ateratzen den iturrriaren arabera; hau da, ez da aldatzen proteinen kopurua jatorri begetala dutelako edota animalia bada proteina horien sortzailea. Dieta beganoa eginda, beharrezkoak ditugun proteina, bitamina... gureganatzen ditugu, ez da egia gabeziak izaten ditugula.

Zein abantaila eskaintzen ditu dieta mota honek kirola egiteko orduan?

Ez da kirola praktikatzeko sortutako dieta bat, baizik eta erabaki etiko batean oinarritutako elikadura batean oinarritzen da. Hortaz, dieta begano orekatua egin edo dieta orojale orekatua egin, berdin-berdinak dira kirola egiteko orduan izan ditzakeen abantailak. Zera esan nahi dut, dieta bat edo beste bat egin, orekatua baldin bada, abantaila asko izango ditu kirola egiteko orduan, oso garrantzitsua baita elikadura osasuntsu eta orekatua egitea. Bestalde, irtenbide negatiboak ere ekar ditzakete bi elikadura dietak ez badira egoki zaintzen. Esan bezala, beharrezko mantenugai guztiak hartuz gero eta beharrezko kopuruan, edozein kirol egiteko dieta egokia izango da beganoa, baina baita orojalea ere.

Jarraitu beharreko dieta kirolari etekina ateratzeko...

Praktikatzen den kirolaren arabera, kontsumitu beharreko bitamina, mineral, grasa, karbohidrato eta proteina kopuruak desberdinak izango dira eta horren arabera jan beharreko elikagaiak desberdinak izango dira. Baina argi utzi nahi dut dieta beganoa zein orojalea, biak direla egokiak. Elikagai egokiak jaten ikasi behar dugu kirola egoki eta indarrez egiteko. Kirola egitea oso garrantzitsua da gure gorputzarendako, baina are gehiago elikadura egoki eta orekatua egitea. Behin eta berriz errepikatzen nabil elikadura orekatua izan behar dela, baina oso garrantzitsua den puntu bat da...

Gorputzaren arabera dieta desberdina jarraitu beharko dugu?

Noski. Pertsona bakoitza ezberdina da eta denok gara desberdinak. Emakumea edo gizakumea izan, eta baita adinak ere, eragin handia dauka mantenugaien asimilazioan. Osasun egoerak eta egunero kirola egiten dugun edo ez, horrek ere eragin handia du, noski. Azken batean, gorputzak beharrezko mantenugai guztiak asimilatu eta ondo funtzionatzeko osasuntsu egon behar du eta norbera zein egoeratan dagoen eta nolakoa den ere eragin handia dauka.

Orokorrean, gorputz femeninoak eta maskulinoak modu desberdinetan erreakzionatzen dute koipearen akumulazioari dagokionez, muskulaturaren sorrerari dagokionez, ariketa fisikotik eratorritako estimuluei dagokienez... oso desberdinak gara, eta, horrenbestez, egin beharreko dieta ere oso desberdina izango da.

Hitzaldiak egiten dituzu gai honen inguruan; laburpen bat egiterik?

Beste izaki batzuen sufrimendutik kanpo dagoen elikadura egin beharraren etika zein den esplikatuz hasten ditut hitzaldiak. Izan ere, nire ustez, animaliek ez dute sufimendurik sentitu nahi, eta eurak elikatzeko, janzteko edota beste zerbaitetarako erabili eta sufrimentua sorraraztea ez da zilegi. 

Puntu hau argitu eta gero, gizakiak dituen beharren inguruan mintzatzen naiz; hau da, elikagai aldetik gure gorputzak behar dituen beharren inguruan hitz egiten dut. Jatorri begetala duten elikagaien onurak azpimarratu eta kirola kontuan hartuz, kirolari batek behar dituen elikagai edota dietaren inguruko informazioa ematen saiatzen naiz. Azken batean, helburu fisiko eta deportiboa lortzeko pertsona batek bere dieta ondo zaindu behar du, eta horren inguruan informazio desberdina ematen saiatzen naiz. 

Beganoa, moda ala kultura?

Irabazi ekonomikoak lortzea helburutzat duen gizarte honetan, eskaeraren arabera hornitzen da merkatua. Eskaera horiek artifizialki modak sorrarazteko eta herritarrak moda horrenpean egoteko nahiarekin eramaten dira aurrera, baina hori batzuetan ez da horren negatiboa; izan ere, zenbat eta eskaera gehiago egon halako produktuetan (jatorri begetala duten produktuak), orduan eta txikiagoak izan daitezke animalien sufrimendua sorrarazten duten eskaerak. Eta oso tristea izango litzateke betebehar moraleko kategorian kokatzen den erabaki bat; erabaki morala da, moda hutsean geratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak