Iñigo Segurola: "Landare inbaditzaileen aurkako kanpainen kontra nago"

Txomin Madina Milikua 2013ko aza. 28a, 01:00

Nekazaritza ingeniaria, Edinburgon ikasi zuen Paisajismoa; 'Bricomanía' eta 'Decogarden' saioetan argi uzten duen moduan, lorategi eta parkeek ez dute sekreturik berarentzat.

1. Zenbat aldiz azaldu behar izan duzu paisajistaren lana zein den?

Kanpoan ikasi eta hemen lanean hastean, askotan. Telebistari esker, egun, jendeak badaki. Parke eta lorategien diseinua da: arkitektoek espazioak hildako materialekin sortzen dituzte; guk landareekin.

2. Belarra besterik ez duen lursaila dut. Nondik hasi apaintzen?

Naturarekin nolako harremana nahi duzun hausnartuz: estetikoa bakarrik? Ortua ere nahi duzu? Bakoitzaren izateko erak naturarekin dugun harremanera garamatza. Irrika sortuta, infiniturantz doan atea irekitzen da; mila aukera.

3. Paisaia bat sortzeko, edozein landare da baliagarria?

Bai. Horretan eskuzabala naiz: landare inbaditzaileen aurkako kanpainen kontra nago. Gure berezko paisaia iraindu arren, badute lekua, guk eman diegu-eta; zentzugabekeria da akabatzea.

4. Eta usainak zein garrantzi du honetan guztian?

Gurean txikia: hezetasunak, landare mota asko landatzeko aukera eman arren, usaimena kentzen du. Mediterraneoan, aldiz, usaimenak sekulako garrantzia du.

5. Zein da aho zabalik utzi zaituen gizakiak sortutako azken paisaia?

Normandiako Le Jardin Plume: ikusi dudan lorategi politena da, negar eta guzti egin nuen. Estetika basatia eta frantziarren berezko ordena uztartzen dituzte. 

6. Landareei hitz egiten dien horietakoa zaitugu?

Beti diot hitz egiteak landareei barik, guri egiten digula on; suposatzen du bizidunak bezala tratatzen ditugula, garrantzia eman eta bere beharrak aseta. Horrek guri eta landareari ere egingo dio on. Guk entzun egin behar ditugu.

7. Utahko Unibertsitatearen arabera, landareak zaintzeak argaltzen laguntzen du. Ados?

Horrek esan gura du azken lau urteetan ez ditudala ondoegi landatu, 10 kilo erantsi ditut-eta!

8. Lore sorta oparitu gura dizunak zerekin ez luke hutsik egingo?

Edozeinekin. Uste dut egin daitekeen oparirik politena dela. Nik gehienetan hori oparitzen dut; jaso, baina, gutxitan. Gustatuko litzaidake gehiagotan jasotzea!

9. Ia hogei urte telebistan Bricomanía-rekin. Gutxiren esku dagoen meritua...

Bai, mirakulua bezala da, Informe Semanal eta horien pare. Baditugu 100.000-200.000 ikusle fidel. Akaso da jendea nagia delako eta eserita besteak lanean ikustea gustatzen zaiolako. Ereduak, ia aldaketarik gabe, balio du oraindik.

10. Eta zure itxura ere, ia berbera. Zein da sekretua?

Hor daude lehengo hamar kiloak; jendeak, gainera, lotsa barik esaten dizu gizendu egin zarela. Mototsagatik badirudi ezetz, baina bai, aldatu egin dut itxura.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Gizakion populazioa serioski murriztuko nuke, ez dakit %1 ere utziko nukeen. Uste dut gizakiok izan garela eta garela mundu zoragarri honen aniztasuna murrizten ari garenak, eta murrizketa hasi besterik ez da egin. Ez daukagu inongo eskubiderik bizi izaten jarraitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak