Bazkideak Plataforma: "Lanpostuen, etorkizunaren eta kooperatibismoaren defentsan"

Ubane Madera 2013ko aza. 25a, 13:27

Fagor Etxetresnetako eta Edesako bazkideen plataforma aurkeztu dute goizean, Arrasateko Arimazubi plazan, Bazkideak Plataforma izenarekin. Ehunka bazkideren babesarekin, Mondragon Taldearen egoitza nagusiaren bueltan giza katea egin ostean aurkeztu dute plataforma berria. Hiru puntu aldarrikatu dituzte: “Bazkide izaera mantentzea betirako; lan-mahaian parte hartzea eta hondamendi hau eragin dutenei erantzukizunak eskatzea”. Egubakoitzerako manifestazioa deitu dute, 18:00etan, Arrasaten.

“Helburu garrantzitsuena langileok ditugun arazoak lantzea da”, eta hori abiapuntu Bazkideak Plataformak ezinbesteko ikusten du lehen aipatutako hiru puntuak defendatzea.

Zailtasunik handienak dituztenak

Diote hiru puntuok defendatzeko “lan poltsa bat ezinbestekoa iruditzen” zaiela. “Gure inguruan guztiontzat lana sortzeko”. Zentzu horretan, “konpromisoa” gura dute, bereziki, lan-talde jakin batzuekiko, “haiek gaizki irten ez daitezen”. Adibide moduan ezintasunak dituzten langileak edo 45-55 urte bitartekoak jarri dituzte. “Azken batean, horixe da kooperatibismoaren filosofia: pertsonak kapitalaren aurretik jarri eta elkartasunean oinarritu; beraz, bereziki zailtasun handienak dituztenekin gogoratzea ezinbestekoa da”, esan dute. “Uste dugu, orokorrean kooperatibismoaren aita fundatzaileen baloreak desagertzen joan direla aberastasuna sortu den neurrian”, gaineratu dute.

Bestalde, “orain arteko “efekto domino” negatiboa gelditzea” nahi dutela ere adierazi dute. Eta honako konpromisoa hartu dute: “Egunerokotasunean bazkide bakoitzak dituen zalantzak entzun eta bideratzeko” .

Egunero elkartu

Hala, jakinarazi dute Bazkideak Plataformako ordezkariak “egunero” elkartzen direla, “egunero” joaten zaie-eta kasuistika berezitua duen bazkideren bat laguntza eske. Hori horrela, edozeinek plataformarekin harremanetan jarri beharko balu, honako telefono zenbakia jarri dute Fagorreko langileen eskura: 637 55 28 26 (Juan Antonio).

Egubakoitzean manifestazioa

Sinadurak batzeko asmoa dutela ere iragarri dute; zentzu horretan, aurrerantzean agerraldi gehiagoren berri ematen segituko dutela jakinarazi dute; eta era berean, animatu dituzte “kaltetu guztiak”  astean hirutan (astelehen, martitzen eta eguaztenetan) egiten dituzten giza-kateetan zein oraingo asteko egubakoitzean 18:00etan, San Andrestik aterako den manifestazioan parte hartzera.

Aldarrikapenak

Gaurko protesta ekimen zein aurkezpenera eraman dituzten karteletako aldarrikapen nagusiek salatzen dute "etorkizuna lapurtu" egin dietela eta "saldu egin" dituztela; eta oro har, "benetako kooperatibismoa", "birkokatze duinak" eta "lanpostu finkoak" eskatzen dituzte. Hori guztia aldarrikatzeko txilibitu, bozina eta bestelako elementu zaratatsuak erabili dituzte. Euren aldarrikapen nagusiarekin bat datozen kamiseta gorriak jantzi dituzte protestara atera diren bazkideetako askok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak