Euskarak 365 egun

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko aza. 21a, 17:40

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da abenduaren 3an. Horren harira, AED, Jardun eta Loramendi elkarteek eta Arrasateko euskalgintzakoek aldarrikatu dute egun hori euskaltzaleendako "bizitzeko, aldarrikatzeko, plazaratzeko eta ospatzeko eguna" izango dela. Eta dei egin diete herritarrei urte osoa euskararen egun bihurtzeko eta aldarrikatzeko. Beste dei bat ere egin dute: hilaren 29an Goiena paperaren bitartez etxeetan banatuko diren 'Euskarak 365 egun' leloa izango duten kartelak ikusteko moduko tokietan itsasteko.

"Urte osoan euskaraz bizi nahi dugunontzat eta euskaltzale garen guztiontzat egun garrantzitsua da abenduaren 3a, geurea delako", horixe adierazi du Loramendi elkarteko Josu Retolazak. Baina gaineratu du hurrengo egunak, asteak eta hilabeteak ere garrantzitsuak direla eta euskaltzaleek badakitela urte osoko ahaleginak ematen dituela bere fruituak.

Retolazak hauxe gaineratu du: "Euskarazko kulturgintza gozatzeko guneak sortu ditugu; euskaldunontzako harreman sareak ehuntzen dihardugu; sortu ditugun herri aldizkari eta hedabide ugariei esker, euskarazko informazio iturri hurbilak ditugu; aisialdi taldeen bidez haur eta gazteek aisialdia euskaraz gozatzeko guneak ditugu; era guztietako entitate eta erakundeetan euskaraz aritzeko eragile lana egiten dugu, eta; herriko euskal hiztunon komunitatea martxan jartzen dugu".

Euskararen egunak kalean bizitzeko gonbitea egin dute, hau da, euskarak eta euskaldunek kalea hartzeko gonbitea egin dute eta urte osoa euskararen egun bihurtzeko eta aldarrikatzeko deia ere egin dute.

Kartelak jartzeko deia

Euskarak 365 egun leloa daukan kartela banatuko da hilaren 29ko Goiena paperarekin batera bailaran euskara elkarteak dauden herrietan, hau da, Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan. Euskara elkarteetako ordezkariek herritarrei dei egin diete etxean jasoko dituzten kartel horiek ikusteko moduko lekuetan itsasteko hilaren 30eko eguerdia baino lehen.

Kartelak, besteak beste, toki hauetan jartzea proposatu dute: etxeko atarian, balkoian, etxeko leihoren batean, dendan, tabernan, kafetegian, eskolan, osasun etxean, kultura etxean, Udal bulegoan, gaztetxean, gazte lokalean, ludotekan, bulegoan, lantokian edo kalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak