Zero Zabor saria Oñatiko Elkar Hezi ikastetxearentzat

Jagoba Domingo 2013ko aza. 20a, 17:59

Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeak aurtengo Zero Zabor Saria jaso du gaur goizean, Ibarrako Uzturpe ikastolarekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen saria Oñatira ekarri dute, besteak beste, eskolan bertan konpostatzen dutelako sortzen dituzten hondakin organikoak.

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen haritik, Zero Zabor Sariak banatu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurten, Oñatiko Elkar Hezi eskolak eta Ibarrako Uzturpe ikastolak jaso dute saria.

Martin Garitanoren arabera, Zero Zabor norabidean, hezkuntzaren erantzuna bikaina ari da izaten, eta aurtengoan egin duten lanagatik zein erakutsitako konpromisoagatik saritu dituzte bi zentroak. Lan horri esker, Gipuzkoako haurrak eta gaztetxoak hondakinak nola gutxitu, berrerabili eta birziklatu ikasten ari dira-eta.


Maite Aiastui, Elkar Hezi ikastetxeko Agenda 21-en arduraduna.

Urte osoko lanari saria

Ibarrako Uzturpe ikastolak, hiru konpostagailu izan zituen martxan aurreko ikasturtean, bertako materia organiko guztia tratatzeko. Eta Oñatiko Elkar Hezi eskolak organikoaren zati handi bat inguruko baserri batera eramaten du eta, gainera, konpostagailu bat ere badu ikastetxean. Bi ikastetxeetako haurrek Zero Zabor tailerretan parte hartu dute, eta aurten sekuentzia didaktikoaren esperientzia pilotua inplementatzen ari dira. Pozik zegoen Elkar Heziko Maite Aiastui, eta eskerrak emateko aukera ez du galdu. Ikastetxeko langile guztien kolaborazioa azpimarratu du, eta Oñatiko Udalak emandako laguntza ere presente izan du.

Zero Zabor norabidean, hezkuntza munduak konpromiso bikaina hartu duela adierazi dute gaur goizean. Duela urtebete, Zero Zabor programa bat garatzeko erabakia hartu zuten eta hitzarmen horren lehenengo urtean, Lehen Hezkuntzako 642 ikaslek parte hartu zuten Zero Zabor tailerretan; eta bigarren ikasturte honetan, Gipuzkoa osoan, 1.700 ikaslerengana iristea da helburua.

Zero Zabor, helburu bezala

Hala ere, eskolak bakarrik ez, gizarteak hartu beharreko norabidea dela azpimarratu du Garitanok. Europako hainbat herrialderen birziklapen tasatik oso urrun gaudela aipatu du, hala ere, konpromisoarekin eta lanarekin, ondorengo belaunaldiei Gipuzkoa berde eta osasuntsu bat uzteko bidean gaudela esan du. Beraz, lan asko egiteko dagoen arren, Oñatiko Elkar Hezi eta Ibarrako Uzturpe, eredu bezala hartuz gero, pixkanaka Zero Zabor helburua gertuago egongo da, izan ere, gaztetatik ohitura hartzea oso garrantzitsua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak