Aurtengo Agenda 21 irudi bakar batek ilustratuko du

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 18a, 13:01

Biodibertsitate gaia landuko dute Aretxabaletako eta Eskoriatzako ikasleek aurtengo Agenda 21n baitan. Egin diote gaiari sarrera: ekimena ilustratuko duen irudia egin, proposatu eta aukeratu dute. Berritasuna izan da; orain arte Aretxabaletak eta Eskoriatzak irudi bana eduki badute ere, aurten bakarra erabiliko dutela eman dute aditzera.

Ikasturtea hastearekin batera Agenda 21 programari hasiera ematen diote Eskoriatzako eta Aretxabaletako ikastetxeek. Ibarraundi Museotik kudeatzen da bi herrietan eta urtero-urtero programari irudia ipintzeko lehiaketa antolatzen dute. Aurtengo ikasturtean, baina, horrekin lotuta berritasunen bat ere egon dela eman dute aditzera.

Irudi bateratua

Museoko Saioa Alzuak aldaketaren nondik norakoak azaldu ditu: "Orain arte Aretxabaletarako eta Eskoriatzarako irudi bana hautatu izan dugu, baina aurten erabaki da bakar bat egotea. Izan ere Aretxabaletako ikasleak dabiltza Eskoriatzan ikasten, eta baita alderantziz ere, eta biak guk kudeatzen ditugunez aproposa zela ikusi genuen".

Ikasleek marrazkiak egin zituzten eta guztien artetik aukeratu dute dagoeneko bat. Ikasturte honetan baliatuko dituzten dokumentu eta bestelakoetan presente egongo den irudia izango dela eman du aditzera Alzuak. Eta programa ilustratzeko marrazkiei esker, jorratuko den gaira sarrera egin diote aldi berean.

Biodibertsitatea izango da aurten ere Eskoriatza eta Aretxabaletako ikastetxeetan neska-mutilek landuko duten gaia. Guztira 35 taldek hartuko dute parte, "hogeina ikasle bakoitzean, gutxi gorabehera".

Aurrena, ikastetxeetan

Aurtengo Agenda 21aren baitan lehenengo urratsak eman dituzte, beraz. "Gainera, eskolen arteko foro bat egin dugu bi herrietako ikastetxeetako gela bakoitzeko ordezkariekin. Guztien artean hautatu zuten ikurra eta gainera, datozen hilabeteetan jorratuko duten gaia aurkeztu genien".

Orain ikastetxeetan biodibertsitate gaia lantzen hasiko dira. "Eta hurrengo urratsa izango da gurekin gaia lantzea. Otsaila eta apirila bitartean talde bakoitzak saio bat egingo du gurekin. Biodibertsitatearen gaineko herriko diagnosia egiteko irteerak egiten ditugu, esaterako."

Egindako behaketetatik ondorioak aterako dituzte gero ikasleek eta proposamen edo eskari batzuk garatuko dituzte horietatik abiatuta. "Herri bakoitzeko udal gobernuari aurkezten dizkiete kurtso amaieran osoko bilkura baten. Eta amaitzeko, gaiaren jarraipena ere egiten da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak