Jokin Zaitegi bekaren irabazleek aurkeztu dute ‘Hori da umorea, maisu!’ liburua

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 16a, 16:07

Atzo, egubakoitza, egin zuten aurkezpena, Donostian. Bertan izan ziren 26. Jokin Zaitegi sariketaren irabazleak edo, bestela esanda, 2012ko Literatur Nobel saridun Mo Yanen liburua euskara itzuli dutenak, eta baita AEDko eta Elkar argitaletxeko ordezkariak ere. Kutxa Fundazioak diru laguntza kendu ostean, ikusteke dago, ordea, itzulpengintza beka horrek etorkizunik izango duen; Nobel-truk ekimenak izaten duen erantzunaren arabera hartuko du erabakia AED-k.

Maialen Marin eta Aiora Jakak euskaratu dute Mo Yanen lana. 252 orrialde ditu, urrian kaleratu zuten eta 20,50 eurotan saltzen da.

Itxaro Artola (AED), Jaka eta Marin itzultzaileak, eta Xabier Mendiguren (Elkar), aurkezpenean.

Egileari eta itzultzaileei buruz

"Gizakiaren grinak eta ergelkeriak erakusten dituzte Mo Yanen istorioek, ironiaz, samurtasunez eta gordinkeriaz. Gosea eta behar gorria zer diren dakien eta inoiz ahazten ez duenaren begiradaz aztertzen ditu bere herrialdearen historia eta gaur egungo kontraesanak, on-gaiztoak bereizten ez dituen modu bortitz eta ederrean. Tradizioa eta modernitatea elkartzen ditu Mo Yanek, Txinako ondarea eta mendebaldeko idazleen irakurketa. Oinarri errealista dute haren kontakizunek, magiaren eta umore beltzaren ukituekin zipriztindua. Kritiko agertzen da bere sorterriko gaitzekin, baina giza makurkeria ulertzen dakienaren enpatiaz". Hitz horiekin deskribatu ditu Elkar argitaletxeak Mo Yanen kontakizunak, eta lerro batzuk ere idatzi ditu egileari berari eta itzultzaileei buruz:

Mo Yan (benetako izenez Guan Moye) Shandong probintziako Gaomi Dongbei herrian jaio zen 1955ean, nekazari-familia batean. Haurtzaro pobrea izan zuen, gosea ezagutu zuen, eta ez zuen eskola handirik izan, Kultura-Iraultzaren garaian, artean haurra zela, petrolio-fabrika batean hasi baitzen lanean. Soldadutzan ekin zion idazteari, eta gero ere Armadan jarraitu zuen lanean, kultura arloan. Ipuinez gain eleberriak idatzi izan ditu: Basarto gorriaren klana, Paradisuko baratxuriaren baladak, Alkoholaren herria… Bere lanen zinemarako moldaketek eman zioten lehenik ospea munduan, Zhang Yimouren eskutik, eta 2012an Literaturako Nobel Saria irabazi zuen.

Maialen Marin Lacarta (Donostia, 1983) Itzulpengintzan lizentziatu zen Bartzelonan, Ingeles eta Txinera espezialitatean, eta baditu masterra eta doktoretza ere; tesian, egungo txinatar literatura Espainian nola itzuli den aztertu du, Mo Yanen kasua bereziki landuz. Unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan lan egin izan du, artikulu espezializatu askoren egilea da, eta literatur itzulpenak ere egin izan ditu, txineratik gaztelaniara. Egun Herbehereetan bizi da.

Aiora Jaka Irizar (Donostia, 1982) Itzulpengintzan lizentziatura, masterra eta doktoretza ditu, EHUn. Tesia, Sarrionandiaren itzulpen-lanaz egin du eta berriki argitaratu du Euskaltzaindiak. Gasteizko Letra Fakultatean irakaslea da, eta hainbat artikulu espezializatu eta literatur itzulpenen egilea.

Nobel-truk

Hori da umorea, maisu! liburua da emaitza, iazko Jokin Zaitegi bekarekin argitaratutako lana. Bekarekin aurrera jarraitu ahal izateko AED-k antolatutako Nobel-truk ekimenean parte hartu eta 50 euroko ekarpena egiten dutenek doan jasoko dute Hori da umorea, maisu! liburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak