Erraustegia bertan behera uzteko akordioa itxi dute

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 13a, 14:50

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) eta obra egitekoa zen UTE Gipuzkoa CGR-k itxi dute akordioa. GHK-k 8,2 milioi euro ordainduko dizkio enpresari, kontratua amaitzeagatik eta Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua bertan behera uzteagatik. Kontsortziotik adierazi dute akordio hori bi aldeek erakutsitako "borondate onari esker" lortu dela, "gipuzkoarron mesederako" lan egiteko alde bien jarrerari esker.

Lanak eteteko erabakia hartua zeukan lehendik ere partzuergoak, eta jokoan zegoen zer-nolako kalte-ordainak eman beharko zizkien enpresei; 2013ko urriaren 3an Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren zuzendaritzak eta UTE Gipuzkoa CGR-ko ordezkariek sinatutako akordioak, hain justu,  bi hilabeteko epea ematen zien akordio batera iritsi eta bi aldeak lotzen zituen kontratua adostasunez amaitzeko. Bada, gaur, eguaztena, lortu dute akordioa eta, honenbestez, baztertuta geratu da bide judizialera jotzeko aukera.

Ondorengo puntuak jasotzen ditu kontratuak:

  • Bi aldeen arteko kontratu harremana amaitzea formalki, eta ondoriorik gabe uztea Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua.  
  • Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE Gipuzkoa CGR-ri %3 ordaintzea eraiki gabe geratu den zatiaren lortu gabeko irabaziengatik, eta beste hainbeste CGRG-k proiektatutako planten ustiapenaren lehen bost urteengatik: 6.690.000 eta 1.500.000 euro, hurrenez hurren. 
  • Ondorioz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE Gipuzkoa CGR-ri ordainduko dion zenbatekoa, kontratua amaitzeagatik eta Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua bertan behera uzteagatik, 8.190.000 eurokoa izango da.

Donostian sinatu dute akordioa partzuergoko ordezkariek eta enpresa eraikitzaileetakoek ―FCC, Serbitzu Elkartea, Altuna y Uria eta AE&E Inova―, foru aldundiaren egoitzan.

16:00etan emango dituzte azalpenak Ainhoa Intxaurrandietak, GHKko eta Partzuergoko presidentea, eta Iñaki Errazkinek, Gipuzkoako Ingurumen diputatua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak