Nahia Alkorta: "Informazio bila hasi eta konturatu ginen euskaraz ez zegoela ia ezer"

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko aza. 13a, 12:19

Astebete pasatxo da Nahia Alkortak 'Sabeletik mundura' izeneko atari digitala aurkeztu zuela; gurasook badugu euskarazko informazio iturri berria.

Ama da Nahia Alkorta, eta Sabeletik mundura atari digitala sortu berri du. Duela astebete aurkeztu zuen.

Ze ibilbide du Sabeletik mundura atari berriak?
Bi urteko ibilbidea du. Guraso izatea erabaki genuenean informazio bila hasi eta konturatu ginen euskaraz ez zegoela ia ezer, eta zegoena oso sakabanatuta zegoela eta oso zehatza zela; ez zegoela gai guztiak batzen zituen ezer. Haurdunaldian zehar liburu piloa irakurri nuen, eta joan nintzen markatzen garrantzitsua iruditu zitzaidana. Orain, haurrak 15 hilabete ditu eta markatutako horiek guztiak euskarara ekartzen eta osatzen hasi naiz.

Zer da bertan aurkituko duguna?
Haurdunaldiaren kontakizuna egin genuen blog batean. Orain, informazioa da eskaini nahi duguna. Haurdunaldi-aurrea, haurdunaldia, erditzea, erditze-ostea, edoskitzea eta atxikimenduzko haziera landuko ditugu. Autore ezberdinetan oinarrituko gara: Carlos Gonzalez, Rosa Jové, Michel Odent, Ibone Olga, Laura Gutman... Horien liburuetatik atera dugun informazioarekin eta bestelako ikerketekin osatuko ditugu gure artikuluak. Gaiaren inguruan korronte oso ezberdinak daude, eta gehienetan kontrajarriak dira. Nik, topatu dut niretzat egokiena zena, eta uste dudana ugaztun izate horretatik hurbilen dagoena. Gure asmoa ez da inor kritikatzea. Errespetua izango du oinarri webguneak. Helburua da guk dugun informazioa ematea.

Nora jo atala berezia da.
Bai. Atal horretan batu nahi ditugu sektore ezberdinetako profesionalak. Fisioterapeutak, emaginak, edoskitze-aholkulariak, doulak... Gai horietan lan egiten duten profesionalei zein elkarteei dei berezia egin nahi diet proiektuan parte har dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak