ELA "oso kezkatuta" agertu da Fagor Etxetresnen egoera dela-eta

Leire Kortabarria 2013ko aza. 13a, 11:38

ELA sindikatua "oso kezkatuta" agertu da Fagor Etxetresnen egoera dela-eta. Prentsa-ohar baten, "industria jausten" dabilela esan du. Fagor Etxetresnak bazkideenganako eta langileenganako "erabateko ezkutukeriaz" jokatzen dabiltzala esaten du ELAk, eta Fagor Etxetresnetako eta Mondragon Korporazioko zuzendaritzek "erantzukizuna" dutela gaineratzen du.

Hona hemen ELAren prentsa ohar osoa:

Zuzeneko eta zeharkako lanpostu ugari dago airean, baita gure herriko sare industrialaren zati handi bat.

Industria jausten ari da, eta joera honen ardatzak hauek dira:

1. FAGOR Etxetresnak-ek egoera erabateko ezkutukeriaz kudeatzen du, bai bazkideekiko (informazioa, enpleguen egoera, ekarpenekin zer gertatuko den...), zein soldatapeko langile izanik, ordezkaritza sindikala dutenekiko. Zuzendaritzak ez du ELArekin bilerarik egin nahi izan, Hartzekodunen Konkurtsoak zuzenean eragindako enpresetan ordezkaritza sindikala duen arren. ELAren ustez, sindikatuekiko mespretxua ohikoa izan da Talde Kooperatiboaren ibilbidean. Areago, krisi egoeran edozein multinazionalek langileen ordezkariei informazio gehiago ematen die Fagor Etxetresnak eta MCCk baino. Ezin onartukoa da ustez ardura sozialeko irizpideak ipartzat dituen enpresa batek honela jokatzea.

2. FAGOR eta MCCko zuzendaritzak ezin dute saihestu gertakarietan izan duten erantzukizuna. Zorpetze izugarri batekin finantzatu den zabaltze prozesuari buruz galdetuz gero, erantzuten dute “ni ez nengoen hori erabaki zenean”. Erabakia hartzerakoan present ez egoteak ez du inola ere ezabatzen FAGORren nahiz Talde Kooperatiboaren ardura.

3. ELAk sarri salatu izan du Eusko Jaurlaritzak ez duela politika industrialik. Gobernuak nahastu egin ditu politika industriala eta enpresei ematen dizkien laguntzak; hauetako asko, itzuli beharrik gabekoak eta zertan erabili diren kontrolik gabeak. Nabarmena da FAGORri emandako azken laguntzak ez zeudela inongo bideragarritasun planik egin beharrari lotuta. Industria lehentasuna bada, edozein laguntza emateko halako planen bat exijitu beharko litzateke, eta MCC Taldeak ardurak bere gain hartuko dituela bermatzea. Edozein planek enpresa guztien egoera aintzat hartu beharko luke (EDESA, GRUMAL...), baita enpleguak ere, kooperatibako bazkideak eta soldatapekoak barne (finko eta aldi baterakoak direla ere).

4. Gobernuak gidatu beharko lukeen politika industrial horren gabeziak bestelako arazo batzuk ere eragiten ditu, eta horiek gutxieneko herri ikuspuntu bat izanik ez lirateke gertatu beharko. Agian gobernuak egin duen kalkulu politiko baten ondorio da, baina ez da itxurazkoa politika industrialean Aldundiak lehian ibiltzea, zeinek egiten duen gehiago, bitartean ikuskizuna ETBk zuzenean ematen duelarik. Lidergo ezak ekarri du heldutasunik bat ere adierazten ez duten egoera politikoak bizi izana, bitartean industria hondoratzen ari denean. ELAk Jaurlaritzari eskatzen dio politika industrialean aitzindari izan dadila. Oraingoz Lakuak agertu duen laguntzeko borondatea gainerako 178.267 langabeei ematen zaienaren antzekoa da, eta ezin liteke bestela izan. Bide batez, gogoratu beharra dago ELAk salatu duela enplegu politika horren erabateko porrota.

5. Ezinezkoa da politika industrialaren izena merezi duen ezer egitea finantza-
sistemak izan behar duen eginkizuna aipatu gabe; gutxienez, gobernua babesten duten alderdiak erakunde horien Administrazio-Kontseiluan daudenean. KUTXABANK eta LABORAL KUTXAz ari gara (azken hau Mondragon Taldeko kide izanik). ELAk salatu egin behar du bi erakundeok egoera industrialarekiko agertu duten axolagabekeria. Finantza-erakundeok, beste bankuek bezala, lehentasuna zor publikoarekin espekulatzeari ematen diote. Espekulazio horrek eragiten ditu, hain zuzen, gobernuak erabakitzen dituen murrizketa sozialak. ELAk erakunde hauei exijitzen die industriaren emergentzia egoera medio jokabide aktiboa hartu eta kreditua eman dezatela. Izan ere, FAGOR beste enpresa askoren antzeko egoeran baitago, proiektuak pikutara joaten dira finantziaziorik lortzen ez dutelako.

6. ELAk berriro dio soldatak jaistea ez dela irtenbidea. Ez da baliagarri izan FAGORren, eta are gutxiago orokorra bilakatzen bada. Aitzitik, soldata jaitsiera hedatuz gero, langabezia hazi egingo da. Eusko Jaurlaritzak patronalaren estrategia hau babesteak adierazten du bat datozela posizio ideologiko batetan: langileak are gehiago pobretu nahia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak