Andoni Agirregomezkorta: "Nik ere pasa dut boladatxoa lan oso gutxirekin"

Txomin Madina Milikua 2013ko aza. 14a, 01:00

Azaroaren 5ean estreinatu zuten 'Irrikitown' umorezko programaren bigarren denboraldia eta bertan agertzen den aktore sortaren barruan jarraitzen du donostiarrak

1. Astearte gauetan, Irrikitown. Zergatik ikusi beharko nuke?

Une on bat pasatzeko, barre pixka bat egiteko... Egungo egoerarekin gizartean tristura zabalduta dago; normalean irribarre egiteko beharra dugu eta garaiotan, gehiago.

2. Umorearekin , arazoak ez dira hain arazo?

Arazoak beti arazo, baina umorearekin beti ematen duzu urrats txiki bat arazoak gainditzeko, edo pixka bat suabeagoak izateko.

3. Bigarren denboraldia: gauzak dauden moduan, ez dago gaizki…

Ez; oso gogorra izaten ari da denontzat eta aktoreen bizitza ez da errazagoa, guztiz kontrara. Ezin gara kexatu; ez da egonkortasun handiko gauza, ikusleek eskatzen duten mailan egon behar dugu eta hor gabiltza borrokan.  

4. Lan bat bestearen atzetik kateatzen ikusi zaitugu. Zertan nabaritu duzu krisia?

Nik ere pasa dut boladatxoa lan oso gutxirekin. Gaizki ohituta nengoen: baterako edo besterako, telefonoak beti jotzen zuen. Krisiak autogestionatzen erakutsi dit: lanak sortu, proiektuak martxan jarri...

5. Denborak ematen duen perspektibarekin, nola gogoratzen dituzu Vaya Semanita-ko garaiak?

Oso politak izan ziren, esperientzia mundiala izan zen. Badira urte batzuk utzi nuela, eta oraindik ere leku askotatik iristen zaizkit zorion mezuak.

6. Esposados-en audientzia kontuak ez ziren oso ondo joan...

Tristurarekin hartu nuen; Pepa Charrorekin gainera oso gustura nenbilen, baina... Kanpotik ez nuen hain gaizki ikusi. Ez nuen umore mota gogokoena, eta uste dut ikusleek ere hori ikusi zutela.

7. Aconcagua, 101 Gaztelu... Abenturarako beti prest?

Aconcaguakoa oso polita izan zen: aurretik ikuslea nintzen, eta abentura moduan gustatu zitzaidan, baita profesional moduan ere: barrutik nola lan egiten den ikusi nuen. 101 Gaztelu-ko partaidetza adiskidestasunagatik izan zen. 

8. Zuk esana: ''Frikia naiz''.

Erradikala ez, baina banaiz frikia, batez ere zinemari dagokionez: pelikula batzutako esaldiak gogoan izaten ditut, pelikulekin lotutako bitxikeriak ere baditut etxean... 

9. Sare sozialetan buru-belarri zabiltza. Zer ematen dizute?

Twitterren bereziki. Sarri ez dut astirik kaleko jendearekin hitz egiteko, eta uste baino lotsatiagoa ere banaiz. Laguntzen dit mezuak jasotzen eta nire lan, sentimendu eta usteen berri ematen. Gure ogibidean oso lagungarria deritzot.

10. Duzun zintzo aurpegiarekin, zein izan duzu azken gaiztakeria?

Gazteagoa nintzenean, tabernetako komunetan aire-gozagarriari pilak kendu eta lagunen artean banatzen genituen oroigarri gisa; duela gutxi berriz ere egin nuen.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Makilarekin klase politikoaren zati handi bat aldatuko nuke, batez ere agintariak. Iruditzen zait euren buruagan eta euren alderdian gehiago pentsatzen dutela gizartean baino eta ez dirudi krisiarekin asko ikasi dutenik. Berdinetan jarraitzen dute, eta euren kabuz ez dira aldatuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak