Borrokatzen jarraitzeko dei egin du Euskadiko Stop Kaleratzeak plataformak Arrasaten

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 9a, 13:40

Euskadiko Stop Kaleratzeak eta Hipotekarengatik kalteturikoen plataformek agerraldia egin dute Kulturaten. Fagorren krisia dela eta Arrasate hautatu dute agerraldia egiteko, "toki aproposena dela uste dugu". Azken urtearen balantzea egin dute eta "kaleetan egiten den borrokarekin jarraitzea eta areagotzea" inoiz baino garrantzitsuagoa dela diote.

Herri ezberdinetako plataformetako kideak bertaratu dira Arrasatera, bertan egin den prentsaurrekoan eta ondorengo bileran parte hartzeko.

Salva Gonzalez Debagoieneko Stop Kaleratzeak plataformako kideak irakurri du euskarazko oharra. "Gaur urte bat bete da Amaia Egañak Barakaldon, kaleratze jakinarazpena jaso eta gero bere buruaz beste egin zuenetik. Amaia ez zen lehenengoa ezta bakarra izan eta espero duguna genozidio finantzarioaren biktima gehiago ez egotea da".

Aditzera eman dutenez, urtebete honetan "etxe kaleratzeen drama soziala indarrean dago". Langabeen kopuruak gora egin duela eta egoera dramatikoaren azken erakusle Fagorren krisia dela azpimarratu dute agerraldian. 

Kasu berriak agertzen dira

Bestalde, Debagoienean asteon euren hipoteka ezin ordaindu duten beste 5 kasu berri eman direla eman dute aditzera. "Urte honetan zeharr exekuzio hipotekario prozedurak ez dira gutxitu, gora egin dute".

Eta gaineratu dutenez Gipuzkoako epaitegietan gehiegizko klausulei buruzko ahozko 21 epaiketa salatu dituzte, "horietariko 11 Kutxabanekoak".

Bestalde, etxerik gabeko jendea eta jenderik gabeko etxeen bidegabeko egoera kontraesankorra areagotu dela gaineratu dute. Horregatik, Maileguengatik kalteturiko plataformetako kide eta herritarrek etxebizitza hutsen berreskurapenean egiten ari diren lanaren baitan, bi aldarri azaldu dituzte: etxebizitza ordainean ematea eta alokairu sozialena.

Laboral Kutxari deia

Bestalde, Stop Kaleratzeak plataformako kide Juan Luis Merinok Fagorreko auziaren harira, Laboral Kutxako arduradunei dei egin die hipotekei aurre egiteko zailtasunak dituzten edo izango dituzten herritarrekin bildu eta arazoari irtenbidea bilatze aldera mekanismo guztiak martxan ipini ditzaten.

Abokatuei laguntza eske

Bestalde, aditzera eman dutenez, enkateek eta kaleratzeek aurrera jarraitzen dute. "Hauek gauzatzen ez badira ez da bankuen borondateagatik, epaitegietan jartzen ditugun traba legal eta herritarron mobilizazio eta salaketengatik baizik".

Horretarako, abokatu eta zuzenbide ikasketak egiten ari direnei eskaera berezia egin diete Arrasaten. Hain zuzen ere, lan asko eta asko dutela eta guztien laguntza funtsezkoa dutela gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak