Mikel Muxika: "Baserrisarea.com'-etik esango baligute, adibidez, txekor erdi baten eskaria dagoela, berehala prestatuko genituzke okela-sortak"

Imanol Soriano 2013ko aza. 11a, 17:48

Irumendi elkartekoek urteetako esperientzia dute abeltzaintzan. 60ko hamarkadan du jatorria elkarteak, nahiz eta egungo egiturarekin 1994a ezkero diharduen. Esne-behiekin hasi ziren lanean, baina, berregituraketatik hona, okeletarako behiak dituzte ogibide Irumendi elkarteko lau kideek, horien artean Mikel Muxikak. 

Zenbat abere dituzue?

Bi urtetik gorako 200 behi ditugu. Horiez gain, sei hilabetez azpiko 74 bigantxa eta ixku, sei eta hamabi hilabete arteko 60 inguru eta hamabi hilabetetik 24 hilabeterako 90en bat.  

Zein arrazatakoak dira?

Pirenaika behiak ditugu eta arraza bera haragitarako moduan dago katalogatua.

Denak okelatarako hazten dituzue?

Alde batetik daude okeletarako gizentzen diren txekor eta behiak, eta bestetik, bizirik mantentzeko  hazten ditugunak. Haragia Harakai-Urkaiko kooperatibaren bidez saltzen dugu, Eusko Label ziurtagiriarekin. Bizirik saltzeko abereen kasuan, ernai dauden bi urteko bigantxak saltzen ditugu. Espainian zehar egiten diren hainbat azoka eta enkantetan saltzen ditugu, Pirinio inguruetan, Teruelen, Sorian, Kantabrian, Palentzian eta Extremaduran, besteak beste. 

Bestelako proiektu batzuetan ere bazabiltzate, ezta?

Bai; hobekuntza genetikoaren plan batean gabiltza. Pirenaika arrazaren hobekuntza genetikoa oso garrantzitsua da, bertako arraza izanda ez dugulako beste leku batzuetako hobekuntza genetikoa aprobetxatzerik. Horrek ustialekuan gastu gehiago izatea eragiten du, besteak beste, pisua kontrolatzeko lan handia egin behar delako. 

Bestalde, bigantxen ugalketarako I+Gko lan bat egiten ari gara: elikadurak euren ziklo hormonalean eta ernai geratzeko garaian zela eragiten duen aztertzeko. 

Zuen lanean zertan lagundu ahal dizue Baserrisarea.com moduko egitasmo batek?

Uste dut beste produktu batzuk ongi saltzen direla, baina okelarekin oraindik eskari gutxi dago. Ez dago zalantzarik, eskaria balego guk baditugu tresnak haragia zatitan, sortaka, prestatu eta saltzeko. Kooperatibako kide gara eta baditugu horretarako baliabideak; beraz, Baserrisarea.com-etik esango baligute barazkiekin egiten den moduan txekor erdi baten eskaria egiten dutela, berehala prestatuko genituzke okela-sortak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak