Adegik kezka agertu du Fagor Etxetresnen krisiaren ondorioez

Leire Kortabarria 2013ko aza. 4a, 14:00

Adegi patronaleko buruek kezka agertu dute Fagor Etxetresnen egoerak Gipuzkoako ekonomian izan ditzakeen ondorioez. Zentzu horretako adierazpenak egin dituzte egunotan Pello Gibelaldek eta Jose Miguel Aiertzak.

Adegiko presidente Pello Gibelaldek joan den zapatuan El País egunkariari emandako elkarrizketa baten, Fagorren krisia "oso kolpe gogorra" izan dela esan zuen, eta honakoa gaineratu zuen: "Mondragon Korporazioko presidenteari animuak eman dizkiogu, eta gure babesa daukatela esan diogu. Honetatik gauza asko ikasi behar dugu. Langile guztiek elkarrekin daukaten enpresa izanagatik, ez dago arazoak izatetik salbu. Enpresa guztiona da eta denok hondoratu edo salbatuko gara. Edozein enpresak, edozein direla bere akziodunak, arazoak izan ditzake iraultza, azkartasuna, gauzak bi aldiz pentsatzea eta erreforma bizkorra ez baditu aplikatzen".

Eusko Jaurlaritzak emandako diru babesaz galdetuta, Gibelaldek esan du Adegik ez duela "inoiz" ezer esan kooperatibek zeuketan tratuaz: "Ogasunarekin araudi berezia izan dute, baina beste ezer ez".

Bestalde, Radio Euskadin hitz egin du Adegiko idazkari orokorrak, Jose Miguel Aiertzak, eta Fagor Etxetresnen krisia dela eta "Euskadin enpresak itxiko" direla eta "langabezia handiagoa" egongo dela iragarri du. "Elkartasuna" adierazi die Fagor Etxetresnetako eta Mondragon Korporazioko langile guztiei, izan ere, "itxi diren enpresen zerrenda luzean" sartu dira. Esan duenez, Gipuzkoan, azken urteetan, 2.500 enpresatik gora itxi dira, eta 50.000 pertsona lanik gabe utzi dute; Euskadin, 7.500 enpresa eta 180.000 langabe.

Euskadin, 135 milioiko erosketak

Fagor Etxetresnen gaineko datu batzuk gogorarazi ditu: "Fagorrek eman dituen zifrak hauek dira: Euskadiko hornitzaileei 135 milioi euroko erosketak egiten zizkieten, eta estatuan, 250 milioikoak. Zifra esanguratsuak dira eta, duda barik, enpresak ixtea eta jende gehiago lanik gabe geratzea eragingo dute Gipuzkoan eta Euskadin", esan du Aiertzak.

Gaurko iragarrita zegoen eta atzeratu egin den batzarraren gainean galdetuta, "arazo larri" horren "ondorio txarrak bideratzeko neurriren bat" bertatik irtengo den itxaropena agertu du.

Fagor Etxetresnei emandako dirulaguntzen aferaz galdetuta, honako iritzia agertu du Aiertzak: administrazioak badituela egoera txarrean dauden enpresei laguntzeko planak, eta horiek, "funtsean, bueltatu behar diren abalen eta maileguen bidez" ematen direla. "Europako Batzordeak gainbegiratutako legezko politikak dira", esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak