Bergarako Udalak txalotu egin du Arrasateko Hondakinen Mahaiak lortutako akordioa

Julen Iriondo 2013ko aza. 2a, 13:38

Itxaropena agertu du herrian ezartzera dihoazen sistemaren aurka dauden herritarretatik hainbatek iritzia aldatuko dutela gauzak nola izango diren "lehen eskutik" jakiteko aukera edukitzerakoan.

Bergarako Udal gobernu taldeak "poztekoa" deritzo Arrasateko Hondakinen Mahaiak lortu duen akordioari: "Bereziki helburuetan lortutakoa, bederatzi hilabetetan %70eko tasetara iristea adostu baitute. Adostu dute, baita ere, tasa horietara iristeko kontrol sistema. Horretaz gain, froga hori egin ondoren, bederatzi hilabetetan helburu hori lortzen ez bada, atez atekoa jarriko dutela iragarri dute; izan ere, frogatuta dago atez ateko sistemarekin tasa horiek lortzen direla".

Gobernu taldeak "txalotzekoa"  deritzo akordioa "horren denbora laburrean" lortu izanari: "Bergarako Hondakinen Mahaiak, nahiz eta askoz denbora gehiago igaro negoziatzen, ez du horrelakorik lortu. Akordiotik gertu samar egon garen bakoitzean, EAJ eta Bergara Garbiko ordezkariak aurrerabidea zapuztera etorri zaizkigu behin eta berriz. Ez helburu, ezta bitartekoetan ere, ez dute adostasunetara iritsi nahi izan. Itzulinguruka erabili nahi izan gaituzte azpijoko politiko batean, udal gobernua desgastatzeko asmo garbiz. Mahaiaren progresiorik ezak eta hondakinak biltzeko azpiegitura zaharkituak aldatzeko premiak eraman gaitu Bildu eta Aralar taldeak mahaia uztera".

Arrasaten lortutako akordioari buruz, oharrak dio "zorionez" han konturatu direla badaudela "hondakinen bilketa baino arazo handiagoak": "Bergarako udal gobernuak badu esperantza orain horren aurka dagoen hainbat herritar aurki jabetuko direla atez atekoaren ezarpenak ez duela merezi horrenbeste  zalaparta. Kuboak jasotzera etorri den herritar batzuek gauzak nola izango diren lehen eskutik jakiteko aukera izan dutenean 'hau al zen dana?' esan dute harridura handiz. Zu ere etorri jasotzera eta denon artean Bergara garbiagoa izango dugu, ingurumenak eskertuko digu!", dio Udaletik bidalitako oharrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak