Xabier Bengoetxea: "Ezer lortzen ez badugu, hamar egunetan konkurtso egoeran egongo gara Frantziarekin eta Fagor Etxetresnekin"

Jon Berezibar 2013ko aza. 1a, 18:28

 

"Gauzak gertatu behar dira datozen zazpi-hamar egunetan; eta ezer lortzen ez badugu, uneotan hartu dezakegun erabaki bakarra konkurtsora joatea da"
"Denok gara erantzule"
"Zaila da esatea noraino izango garen gai ekarpenei soluzioa emateko"

Eguaztenean, Poloniako filiala hartzekodunen lehiaketan sartu eta gero, egoera honetan jarraitzea, egunetako kontua da, bere esanetan: "Zazpi-hamar egun ditugu aurretik zerbait lortzeko, baina zaila ikusten dugu, eta ezer egiten ez badugu, egia da hamar egunetan hor egon beharko ginatekeela, Frantziarekin eta Fagor etxetresnekin". Izan ere, ezer lortu ezean, ez zaie erabaki hori hartzea beste erremediorik geratuko: "Gauzak gertatu behar dira datozen zazpi-hamar egunetan, bestela Kontseilu Errektoreko kideok -administrari bezala- behartuta gaude erabakiak hartzera; eta ezer lortzen ez badugu, uneotan hartu dezakegun erabaki bakarra konkurtsora joatea da".

"Denok gara erantzule"

Erantzukizunari buruz galdetuta, Bengoetxeak uste du denak direla erantzule: "Denok egon gara azken urteetan erabakiak hartzen eta ez nuke esango bat edo bestea denik erantzulea. Egia da gauzak ez direla atera espero moduan, baina egia da baita ere badirela kanpoko faktoreak egun bizi dugun egoeran garrantzia eta eragin handia izan dutenak".

"Hartzen den erabakia onartu egin behar dugu"

Orain arte izandako jarrera eta jasotako laguntza eskertu ditu eta hartzen den erabakia onartzea beste erremediorik ez zaiela geratuko aitortu: "Momentu honetara iritsita gure beharrak oso handiak dira eta horregatik ate asko jo ditugu, baina ezin izan da.  Alde batetik, kopuru altua da eta ez da erraza aurkitzea; eta bestetik, ulertzen dut, esaten den bezala, gure planaren sinesgarritasuna zalantzan dagoela. Horiek kontuan hartuta, hartzen den erabakia onartu egin behar dugu, baina egia da guk konfiantza osoa genuela gure planean".

"Zaila da esatea noraino izango garen gai ekarpenei soluzioa emateko"

Lan bazkideek kooperatibari egindako borondatezko ekarpenak eta kapital sozialari egindako ekarpenak errekuperatu ahal izango dituzten galdetuta, Etxetresnetako presidenteak azaldu du konkurtso batean sartzen badira eta likidazio prozesu bat etortzen bada,  zaila dela esatea egoera horretan noraino izango diren gai horiei soluzioa emateko, hainbat arrazoirengatik: "Gure eskuetatik kanpo dagoelako, administrariak hartzen dituelako erabakiak eta ikusi egin beharko delako baita ere zenbat diru lortzen den likidazio egoera horretan". Garbi esan behar du, hori bai, Fagor Etxetresnetako Errektore Kontseiluak eta Kontseilu Sozialak ahalegin guztiak egingo dituztela soluzioak bilatzeko, aukera posible guztiak mahai gainean jarriz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak