Jaurlaritzaren ustez litekeena da Fagor Etxetresnak ixtea

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 30a, 14:08

Europa Press berri agentziak dioenez, Arantza Tapiak goizean jakinarazi du Eusko Jaurlaritza zain dagoela Fagor Etxetresnen jakinarazpen ofiziala noiz jasoko, eta bere esanetan, badirudi "aktibitatea likidatzera eta kooperatiba ixtera" doazela, "agertoki posible guztien artetik okerrenera" joango dela, alegia. Jaurlaritza "laguntzeko prest" dagoela berretsi du, baina gaineratu du "ezin" duela enpresa pribatu baten jarrera hartu.

Goiena harremanetan dago Mondragon Korporazioarekin, eta jakinarazpen ofiziala jaso bezain laster emango dugu horren berri; 20:00ak ingururako iragarri dute.

Donostian, Adegik eta Kutxabankek euskal industrigintzari buruz antolatutako gosari batean egin ditu adierazpenok Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, Europa Pressek dioenez.

Taldeak duen "erantzukizunari" egin dio berriz ere erreferentzia Tapiak, eta Jaurlaritza laguntzeko egon dela eta egongo dela esan arren, taldea eta kooperatiba laguntza hori onartzeko prest egon behar direla gaineratu du. "Bideragarria, zehatza eta egingarria" izango den bideragarritasun plan baten premia azpimarratu du beste behin, eta horretan "korporazioaren inplikazioia ezinbestekoa" dela gehitu.

Fagor Etxetresnen behin-betiko erabakiaren zain dago, beraz, Eusko Jaurlaritza, eta baita Mondragon Korporazioaren jakinarazpen ofizial baten zain ere, taldea Etxetresnen bideragarritasun plana finantzatzen laguntzeko gertu dagoen edo ez jakiteko. Hori gertatzen ez bada Eusko Jaurlaritzak, beste egoera batera garamatzatela ikusirik, neurri ezberdinak hartuko dituela adierazi du Tapiak.

Finantzaketa, "zalantzan"

"Korporazioak ez du horretarako asmorik", ordea, hedabide batzuek diotenez; Goiena korporazioarekin harremanetan dago, informazio hori zehazteko. Hedabide horiek diote Mondragon Korporazioak ez duela balizko Fagor berri bati buruzko finantzaketari dagokionez beste erabakirik hartuko, besteak beste, urriaren 15etik —Mondragon Inbertsioak organoaren batzarren egunetik— "erabakita daukalako Fagorren bideragarritasunaren inguruko auzia. 50 milioi euroko laguntzari oniritzia ematea zegoen mahai gainean orduan, baina aukera hori baztertu egin zuen korporazioak, 'neurrikoa' litzatekeen baino ahalegin handiagoa egitea baztertuta". Diotenez, "asteburuan jakinarazi zion korporazioak kooperatibari ez duela bere bideragarritasun plana finantzatuko, eta gaurtik egubakoitzera bitartean seguruenik jakinaraziko du behin-betiko erabakia, publikoki".

Maiatzean, Mondragon Korporazioak 70 milioi euroko laguntza eman zien Etxetresnei, taldeko gainontzeko kooperatibek egindako ahaleginari esker, baina ekarpen hori ez da nahikoa izan  etxetresnen egilearen zenbaki gorriak zuzentzen hasteko. Gaur egun, 170 milioi euro beharko lituzkete Fagor Etxetresnek.

Konkurtso egoeran sartzetik "gertu"

Bestalde, Fagor Etxetresnak konkurtso egoeran sartzetik gertuago egon daitezke, izan ere, denbora bukatzen ari da; lau hilabeteko epea bizpahiru astera mugatu daiteke. Espainiako konkurtso legearen aurrekoak lau hilabete ematen ditu, kudeatzaile judiziala izendatu aurretik, baina Frantziakoak eta Poloniakoak ez. Horregatik, hango hartzekodunek konkurtso legea derrigortu dezakete aurki, ordainketak egiteari uzten zaien arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak