Isidro Sanchez: "Kooperatibari eskatzen diogu gure dirua itzultzea"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urr. 31a, 10:00

Gauetik egunera langabezian geratu diren Fagor Etxetresnetako langileetako bat da Isidro Sanchez, Eskoriatzan bizi den arrasatearra. Kooperatibako kapitalera egindako borondatezko ekarpenak edo kapital sozialari egindako maileguak kobratzea eskatzen duten 200 lan bazkide horietako bat da, Ordaindu batzordeko kidea.

Nortzuk osatzen duzue Ordaindu batzordea?

Irailean batzar bat egin genuen Arrasaten, esku artean arazo berdina geneukan Fagor Etxetresnetako hainbat langile. Komisio bat osatzea erabaki genuen. Handik dator Ordaindu. Harrezkero, Errektore Kontseiluarekin-eta batzartu gara, baina ez digute irtenbiderik eman, zor zaiguna kobratzeko itxaropenik ez digute eman. Informazio eske joan izan gara. Galdetu dugu egoera honetan zenbat langile gauden. Eskatu dugu garantiazko fondo bat sortzea zor zaiguna kobratuko dugula ziurtatzeko eta dirua itzultzeko epe bat ere eskatu dugu.

Menpeko ekarpenen gainean-eta berba egin da azkenaldian. Hori da zuen kasua?

Ez, ez dauka zerikusirik. Hau ez da kooperatibaren dirua, geurea da, geure aurrezkiei ahalik eta etekin handiena sortzeko kooperatiban sartu dugun dirua da.

Zenbat lagun zaudete bertan?

Ez dakigu zehazki, ez digutelako datu hori eman, baina uste dugu 200 baino gehiago izango garela. Arrasaten irailean egin genuen batzarrean 170 bat elkartu ginen, baina gehiago gara, ziur. Orain, batzorde bat osatu dugu eta 10 bat lagun elkartzen gara astero, gaiaren jarraipena egiteko, ekimenak zehazteko… Gehienak debagoiendarrak gara.

Kapitalera egindako borondatezko ekarpenak eta kapital sozialari egindako maileguak erreklamatzen diharduzue?

Bai, hala da. Ulertzeko: badago jendea bere aurrezkiak banku baten epe finkoan edo pentsio plan baten jartzen dituena, errendimendu bila. Gure kasuan, kooperatibari egiten diogun ekarpen edo mailegu bat da, inbertsio bat, pentsatuz, kooperatibari laguntzen diogula kapital horrekin. Horren trukean, diru horrek errendimendu bat ematen digu eta irabazi hori sei hilero jasotzen dugu. Interesa merkatuaren arabera aldatzen doa. Urtero, urtarrilaren 2an eta uztailaren 2an jasotzen genituen etekin horiek. Bestetik, zuk egindako ekarpen hori, zeure diru hori, nahi duzunean jaso dezakezu, eskatu eta hilabetera jasotzen duzu diru hori. Baina, iazko azaroaren 1etik aurrera Fagor Etxetresnetako Errektore kontseiluak, aldebakarrez, erabaki zuen ekarpen horiek ez itzultzea, kooperatibaren egoera zein zen ikusita. Interes batzuk kobratu genituen martxoan, baina uztailekoak ez ditugu oraindik jaso.

Eta kapital sozialari egindako ekarpenak?

Horiek ere eskatzen gabiltza. Horiek dira dagoeneko, esaterako, erretiroa hartuta daukaten lan bazkideek egiten dituzten ekarpenak. Lanean zeudenean sortutako kapitala erretiratu beharrean, kooperatiban bertan uztea erabakitzen dutenen dirua da hori. Eta horiek ere ez dute interesik jaso eta egindako ekarpenak ere ez zaizkie itzuli.

Azalpenik jaso duzue?

Ez eta hori oso kezkagarria da guretako. Burofax bat bidali dugu, azkenekoz, informazioa eskatzen, baina ez dugu jaso erantzunik. Batzar baterako dei egin digute, baina esan diegu planteatutako gaiei erantzun zehatzik ez badizkigute eman behar, ez goazela batzarrera.

Errektore Kontseiluak erabaki dezake ekarpenak egin dituzten lan bazkideen dirua erretenitzea edo ez ematea?

Hori ez daukagu horren argi, baina abokatuen bulego batekin gaude harremanetan kontu hauek argitzeko eta Fagor Etxetresnek zor diguten kantitate zehatza zein den jakiteko. Borondatezko ekarpenen kontua oso argi dago. Nik sinatutako kontratuan oso argi dago guztia. Arazoa da Fagor Etxetresnek ez dutela dirurik guri itzultzeko eta, hortaz, ezin dezakeela kontratua bete. Halere, larria da, esaterako, iazko azarotik dirurik jaso ez arren, eta Errektore Kontseiluak ekarpenak edo interesak ez itzultzea erabaki ostean, lantokiko informazio guneetan oraindik indarrean eta agerian egotea ekarpenak egiteko eskaintza. Dirua enpresan sartzeko eskaintza egiten zabiltzan une berean, erabaki duzu ez duzula itzuliko ez diru hori eta ezta diru horrek sortzen dituen interesak.

Diozue engainatuta sentitzen zaretela.

Bai, bai, erabat engainatuta. Errektore Kontseiluan esan izan digute bazebiltzala gaiarekin, negoziatzen eta hau eta beste. Gaur arte. Horregatik, proposamen konkreturik ez badaukate ez gara berriro batzartuko haiekin. Hartzekodunen konkurtsoa konboka daiteke edozein momentutan eta ez gaude denbora galtzeko. Guk eskatzen dugu diru hori itzultzea berehala eta kopurua kuantifika dadila kooperatibaren zor moduan, eta, gero, zor horrekin zer egin behar den erabaki dezala erabaki behar duenak. Diru hori ekarpenak egin dituzten lan bazkideena da ez da kooperatibarena.

Ze kopuruz ari gara?

Pertsonaren arabera da. Ez dakigu. Hori pribatua da. Edozelan ere, Balore-merkatuko Batzordean jasotako datuen arabera, 2010ean, borondatezko ekarpenetan, 53 milioi euro zeuden eta, kapitalari egindako maileguetan, beste 42 milioi euro. 2011n ere antzekoak ziren kopuruak. 2012an, borondatezko ekarpenetan errekuperatu ziren 8 milioi eta bestean 42 milioirekin jarraitzen genuen.

Zetorrenaz ohartuta ekarpen horiek erretiratzea erabaki zenutenak asko zarete?

Bai, batzuk bai. Izan ere, ez genuen argi ikusten gure aurrezkiak kooperatiban ziur zeudela. Iazko azarotik egoera larrian gaude, gure aurrezkiak errekuperatzeko lanean, erabakiak hartu behar dituenak har ditzala eskatzeko, gure arazoaren berri hedabideetan zabaltzeko… Errektore kontseiluak eta Zuzendaritza Kontseiluak arazoa tapatu nahi izan dute. Baina guk ezin dezakegu hori egin.

Itxaropenik baduzue?

Ez dakit. Argi daukagu diru hori gurea dela eta errekuperatu nahi dugula eta eskuetan daukagun guztia egingo dugula berreskuratzeko.

Ze beste urrats eman behar duzue?

Informazio gune bat ireki dugu, egoera honetan dauden guztiak bertara daitezen eta eskatzeko zorraren zenbateko zehatza zein den. Errektore Kontseilukoekin batzartu gerenean aitortu digute gurea dela dirua, kontratua ez dabiltzala betetzen eta gertatzen ari dena ez dela legezkoa, baina berbak haizeak eroaten ditu eta guk eskatzen dugu proposamen zehatza idatziz jasotzea.

Fagor Etxetresnak hartzekodunen aurre konkurtsoan dago. Arriskuan ikusten duzue zuen dirua prozesu honetan?

Bai; izan ere, gu ere hartzekodunak gara. Gure enpresako hartzekodunak gara, horixe paradoxa tristea!. Hiru motako hartzekodunak daude: batetik, pribilegiatuak, hau da, bankuak eta erakundeak; bestetik, arruntak, eta horien artean geu egongo ginateke; eta, azkenik, menpekoak, hau da preferenteak. Konkurtso-administratzaile bat baldin badator, lehentasunen arabera banatuko ditu ondasunak eta ez dakigu guretako egongo den dirurik. Horregatik eskatzen dugu garantiazko fondo bat sor dezatela orain, zor diguten diru hori jasoko dugula ziurtatzeko. Ez dugu eskatzen dirua orain bertan itzultzeko, baina bai sortzeko fondo bat. Behin hori lotuta, hitzartuta eta sinatuta, berba egingo dugu dirua itzultzeko epeen gainean.

Honek guztiak ze egoeratan uzten zaituzte?

Hondamendian, gure aurrezki guztiak gal ditzakegulako. Kooperatibari egin genion derrigorrezko ekarpenekin ahaztuta gaude, hori ez dugu eskatzen. Gure kooperatibak daukan 800 milioiko zorrak ordaintzeko beharko da hori. Borondatezkoak erreklamatzen ari gara. Azkenaldian, soldataren %80 kobratzen ari ginen; orain kobratuko dugu langabezian, %80 horren %80. Hipotekei, egunerokoari, seme-alaben gastuei, horri guztiari, aurre egin behar diogu eta gure bizitzako aurrezkiak daude jokoan. Inpotentzia handia daukagu eta gure dirua itzultzea eskatzen dugu.

Baikor zara Fagor Etxetresnen etorkizunarekin?

Uste dut Zuzendaritzatik eta Errektore Kontseilutik lanean dabiltzala, ondo borrokatzen. Zorrak birnegoziatu nahi dituzte eta bideragarriak diren negozioak indartu eta horiekin jarraitu. Baina hau lehenago egin behar zen. Fagor Etxetresnetako krisia ez dator 2008tik. Izan ere, garai onenetan ere ez zen diru asko irabazten, mozkinak ez ziren handiak. Asko eraikitzen zen eta, ondorioz, etxetresna asko saltzen ziren, baina, berriro diot, irabaziak ez ziren handiak.

Zer egin behar zen?

Nik uste dut, oparoaldian, Fagor Etxetresnen egitura behar baino gehiago handitu zela. Langile gehiegi ginen egiten genuen produktua egiteko. Jende gutxiagorekin egin genezakeen. Eta produktuari balio erantsi handiagoa eman. Efizientzia arazoa dela uste dut. Arazoa ez da izan soldata handiegiak izan ditugula, ez delako egia, gure produktuak fabrikatzeko langile gehiegi izan ditugula baizik.

Zergatik ez zen murriztu lan taldea?

Arazoa birkokapena zen. Mondragon taldeko beste kooperatibak ez dira benetako egoeraz jabetu orain arte. Birkokapen txiki batzuk egiten hasi dira orain, baina hau askoz ere lehenago egin behar zen. Behin behineko langileak atera eta lan bazkideak kokatu. Hori da bidea, ez dago besterik. Orain zaila izango da 1.800 lagunendako lana topatzea kooperatibetan, baina 800 birkokatzen badituzu, gaitzerdi!

Hartzekodunen aurre lehiaketa egoeran dago orain zuen kooperatiba eta, hasiera batean, behinik behin, lau hilabete dituzue gauzak argitu edo negoziatzeko?

Oraingo aurre-lehiaketako egoera hau interesatzen zaigu denoi; izan ere, enpresaren esku dago hartzekodun edo hornitzaileekin adostasunetara heltzea. Baina, orain lortzen ez badugu, borrokatzen segituko dugu gurea dena lortu arte.

Kontseilu sozialak ez dizue egoera guztiaren berri eman?

Kontseilu sozialaren bidez heldu ginen Errektore Kontseilura eta, hasieran, esan ziguten dirua hiru hilero itzultzen hasiko zirela, baina espero zuten diru bat heldu ez zenez, bide hori eten egin zuten.

Aurrerantzean zer?

Era guztietako mobilizazioak egingo ditugu. Baina, orain, lehen urrats moduan, kontu honegatik kaltetutako lan bazkideen datuak jasotzen ari gara, dokumentazio osoa, epaitegira eroateko. Bestetik, batzar bat egin nahi dugu kaltetutako guztiekin.

Sergio Treviño Fagor Etxetresnetako zuzendari nagusiak hedabideetan esandakoen gainean ze iritzi daukazu?

Esan du finantzazio bila dabiltzala errentagarri edo bideragarri izan daitezkeen negozioak jarrai dezaten. Korporazioaren teilatuan dago pilota eta hark eman behar dio argi berdea finantzazioari. 170 milioi euro behar ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak