Sergio Treviño: "Helburua da Fagor Etxetresnek existitzen jarraitzea eta etxetresna elektrikoetara dedikatzea"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 29a, 10:40

Fagor Etxetresnetako zuzendari nagusiak elkarrizketa eskaini zion atzo, astelehena, ETB2ri. Helburua existitzen jarraitzea dela adierazi zuen eta, horretarako, esku artean duten bideragarritasun plana defendatu zuen. "Fagor Etxetresnen bideragarritasun plana bideragarria da, baina finantzaketa falta zaio", gehitu zuen.

• • •

Jakinarazpen ofiziala: Fagor Etxetresnek jarduera produktibo errentagarriak bizirik mantentzearen alde egingo dute

• • •

Arantza Tapia: "Treviñok azaldutako bideragarritasun plana ez dator guztiz bat Jaurlaritzak eskatutakoarekin"

• • •

Ordaindu komisioa: "Egoera larrian gaude eta familia askok bizitza osoan nekez aurreztutako dirua galduko dugu"

• • •

Ahaldun nagusia eta Debagoieneko alkateak berriz batzartuko dira Fagor Etxetresnez berba egiteko

Uda amaieran aurkeztu zuten Fagor Etxetresnen bideragarritasun plana eta "lehiakortasun beharrei aurre egiteko industria berregituraketa sendoa" jasotzen du, Fagor Etxetresnetako zuzendari nagusi Sergio Treviñoren esanetan.

Berregituraketa plana "oso sinplea" dela azaldu zuen Treviñok atzo ETB2ko elkarrizketan. ''Errentagarriak diren jarduerak bakarrik'' mantendu daitezkeela azaldu zuen, eta ahokadura aipatu zuen bereziki, labe, plaka eta kanpaiei erreferentzia eginez. Hozkailuei dagokienez, berriz, aktibitatearen itxieraz hitz egin zuen, eta soluzioa pertsonala murriztetik baino gehiago birkokatzeetatik etorriko dela gaineratu: "Kooperatiba bat gara, eta kooperatibek dituzten elkartasun mekanismo guztiekin kontatzen dugu, birkokatzeak egiteko aukerarekin, adibidez; hau da, kooperatiba batean soberan egon daitekeen enpleguari tokia bilatuz horren beharra izan dezakeen beste kooperatiba batean". Horri gehitu zion garrantzitsuena dela "Fagor Etxetresnek jarraitzea eta etxetresna elektrikoetara dedikatzen jarraitzea, ez beste aktibitate batera".

Brandt-en erosketa

Fagor Etxetresnek 2005ean erosi zuten Brandt eta erabaki "oso ona" izan zen, Sergio Treviñoren esanetan: "Brandt-engatik izan ez balitz gaur ez ginateke elkarrizketa hau egiten arituko". Treviñok azaldu zuenez, erosketa horrek arriskua dibertsifikatzea eragin zuen, hau da, aktibitateak azken zazpi urteetan bere tamainaren %70 galdu duen espainiar merkatuan soilik egoteari utzi zion. Baina zazpi urte horietan, aldi berean, berregituraketa prozesu bati eutsi behar zitzaion, eta ez zen halakorik egin, merkatuak jasandako kontrakzioarengatik seguruenik: "Zure fakturazio osoaren %50 suposatzen duen merkatua uzkurtzen denean, oso zaila da industri-berregituraketa prozesu indartsu bat aurrera eramatea. Horrek azkenean eragin du sortzen dena baino gehiago kontsumitzea".

Ildo horretatik, gehitu zuen Fagor Etxetresnek berregituraketa premia izan dutela azken urteetan, baina ez dela "posible" izan eta, ondorioz, elkartasun neurriak hartu dituztela taldeko gainontzeko kooperatibetan ere. Egia da, bere hitzetan, Etxetresnei erabaki zail eta korapilatsuak hartzea zegokiela eta ez direla hartu, baina horrek ez du esanahi hartu zitezkeenik, Treviñoren esanetan: "Egia da Fagor Etxetresnetan berregituraketaren gaineko erabaki bat hartu behar zela, baina egia da baita ere agian ez zituela erabaki hori hartzeko behar zituen errekurtsoak izan".

Langileak birkokatzeko "arazoak"

1.000 bat langile birkokatzeko erronkari dagokionez, Treviñok onartu zuen ''konpontzen zaila'' izango den zenbatekoa dela, baina ''Enplegu Bulegoak egin dezakeela aurreratu'' duela azpimarratu zuen. Zuzendariaren hitzetan, gainera, "prozesu hori ez da zertan aldi baterako langileen kaltetan egin behar".

Finantziazio falta

Bideragarritasun plan horren inguruan azaldutako kritiken aurrean, Treviñok azpimarratu zuen ''bideragarria'' dela, baina "finantzaketa falta" zaiola, eta hori lortzeko lanean ari direla: "Bideragarritasun plana aurrera ateratzeko finantzazioa behar dugu eta Mondragon Korporazioko kideak izanik, ate hori jo dugu lehenik; eta gero, finantza erakundeekin, instituzioekin eta azken finean finantzatu gaitzaketen eragile posible ezberdinekin hitz egin dugu", adierazi zuen.

Bideragarritasunaren inguruan gauza asko esan direla uste du, baina planak ''beharrezkoak diren neurriak'' biltzen dituela defendatu zuen atzo.

Fagorren irtenbidea beste plan bat egitea baldin bada, egingo dutela ere aurreratu zuen, baina ''zuzendu beharreko atalak aztertu eta planteatu beharko" direla gaineratu zuen.

Fagor Etxetresnetako zuzendari nagusiak azaldu zuenez, 859 milioi euroko zorra du kooperatibak; herena, banketxeekin.

Ekarpenak

Kapital sozialaren eta ekarpenen balizko galeren inguruan galdetuta, Fagor Etxetresnetako zuzendariak esan zuen ''aurrera jarraitzea'' dela ekarpen horiek defendatzeko modurik onena. Hala ez bada, ''Fagor Etxetresnek diru hori bueltatzeko ahal duen guztia egingo dute, baina, jarraipenarekin lotutako esparru batetik kanpo, Fagorren kontroletik at geratuko da itzulera hori'', ohartarazi zuen. Izan ere, hartzekodunekin akordiora iritsi ezean, konkurtso egoeran sartuko da kooperatiba, eta hor Fagor Etxetresnek ez ezik epaile batek eta konkurtso-administrari batek ere erabakiko dute.

Edozein kasutan, "ekarpenak egin dituztenek ez dute zertan kobratzen azkenak izan, ez dira hartzekodunen zerrendan azkenak", Sergio Treviñoren esanetan.

Eredu kooperatiboa

Orain 50 urte baino gehiago sortu ziren Fagor Etxetresnak, "gaur egungoarekin zerikusirik ez duen testuinguru sozial, ekonomiko eta politiko batean", azaldu zuen Treviñok. Horregatik, eredu kooperatiboak "eboluzionatu beharra" duela esan zuen, baina horrek ez duela esan nahi balio ez duen eredua denik. Ez du uste Mondragon Korporazioak Fagor Etxetresnetatik bereizi nahi duenik, eta "mahai gainean duten bideragarritasun planak laguntza gehiagoren premiarik ez izatea eta Etxetresnek duten egiturazko arazoa konpontzea ekarriko du", Treviñoren ustez.

Fagor Etxetresnak hartzekodunen borondatezko aurre-lehiaketan sartu zirenetik Sergio Treviñok eskainitako lehen elkarrizketa izan zen atzokoa. ETB2n izan zen, gazteleraz.

Elkarrizketa osoa, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak