Ordaindu komisioa: "Egoera larrian gaude eta familia askok bizitza osoan nekez aurreztutako dirua galduko dugu"

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko urr. 28a, 19:46

Ordaindu komisioa Fagorreko 200 bazkide inguruk sortu dute. Fagorren dituzten kapital sozialak eta borondatezko kapitalak eskatzeko sortu dute komisioa, izan ere, diote duela urtebetetik hona ez dietela dirua itzultzen. Ordutik "engainatuta" sentitu direla azaldu dute eta gaineratu dute "ez dutela inolako informaziorik jaso". Arazoari irtenbidea bilatu nahian, eguenean, hilak 31, beraien abokatuak Kulturaten izango dira kaltetuen dokumentazioa jasotzeko, eta ondoren, kaltetuen dokumentazio guztia kooperatibara aurkeztuko dutela azaldu dute.

"Ekitaldi honetarako deialdia egin dugu 200 familia inguru gauden babesgabetasuneko egoera ilegala eta larria salatzeko. Izan ere, gure lanpostuak galtzeaz gain, arazo lazgarri hau pairatu behar dugu". Hitz horiekin hasi du prentsaurrekoa Mikel Olabe Ahots kooperatibistetako eta Ordaindu komisioko kideak.

Azaldu du duela urtebete baino gehiago eta "inolako batzarren babesik gabe", Errektore Kontseiluak alde "bakarrekotasunez" erabaki zuela kapital soziala eta borondatezko ekarpenak ordaintzeari uztea. Beraz, kapital hori era "ilegalean" dagoela salatu dute borondatezko ekarpenak berreskuratzeko "hilabeteko epea dagoelako itzulpena eskatzen denetik" eta kapital sozialaren itzulpen aldetik ere "derrigorrezko epeak" daudela adierazi dute.

"Engainatuta"

Olabek azaldu du engainatuta sentitzen direla: "Ordutik engainatuak izan gara eta ez dugu inolako informaziorik jaso. Kapitala ez itzultzeaz gain, ez digute inolako garantiarik eman etorkizunean berreskuratzeko. Gauzak horrela, gutako asko egoera larrian gaude eta familia askorentzat hondamena izango da bizitza osoan zehar nekez aurreztutako dirua galduko dutelako".

Kaltetuak eta medio ugari izan dira prentsaurrekoan.

Era askotako ekarpenak

Bazkideei dagoeneko kobratuta izan beharko lituzketen era askotako ekarpenak zor zaizkiela salatu dute, aktiboei zein ez aktiboei: "Badaude baita ere bazkide ohiak bost urteko epean kapitalaren itzulpena eskatu arren, bazkide aktiboa edo ez aktiboa izateari baja jaso dutenak, eta dagozkien partidak kobratzen ez dituztenak. Era berean badaude bazkideen oinordekoak direnak, esaterako hildako bazkide ez aktiboenak, legez dagokien dirua oraindik berreskuratzeko daukatenak".

Zorraren partidarik handiena dagokie 1992tik Fagor Etxetresnek jaulkitako borondatezko ekarpenei. Kasu horietan, aplikatu beharreko araudian ezarritakoa jarraituta, ekarpenak berreskuratu ahal izateko "eskubidedunok derrigorrez aurkeztu behar izan dugu erreklamazioa eta hilabeteko epea igaro ondoren, Fagorrek, horretara legez behartuta egon arren, ez dizkigu ekarpen horiek itzuli".

Ordaindu komisiotik jakinarazi dute 2014ko urtarrilean euren dirua kobratuko zutela, hala ere, prentsaurrekoan adierazi dute ikusteko dagoela zer esango dieten data hori iristen denean.

Burofaxa Fagorri

Egoera horren aurrean, 2013ko irailaren 12an erabaki zuten 200 kaltetu inguru bildutako asanblada egitea eta euren dirua berreskuratzeko kudeaketak egiteko gai den batzorde bat eratzea. Batzorde horrek, Ordaindu du izena eta Errektore Kontseiluarekin izandako lehendabiziko elkarrizketetan "gauza handirik atera ez" zutenez, kaltetuen izenean Fagorri burofax bat bidali zioten ondorengo eskakizun hauekin: "Zorrei aurre egiteko diru-funtsa sortzea; zorraren zenbateko zehatza esatea; zorraren itzulpen epea ezartzea eta exijentzia sorta horri 15 egutegi-eguneko epean erantzutea." Gaineratu dute, "zoritxarrez" ez dutela erantzunik jaso.

"Ez dugu amorerik emango"

Komisiotik adierazi dute euren ustez ez dela "onargarria" ezta "etikoa" ere jasandako "begirune gabeko tratu hori", "are gutxiago kooperatiba batetik etorrita", azaldu dute. Eta horrelaxe jarraitu dute: "Ez dugu halako burlarik merezi. Horren guztiaren ondorioz, erabaki dugu arazoa jende aurrean zabaltzea, eta era berean adieraztea, ez dugula amorerik emango eta gure esku dauden baliabide guzti-guztiak erabiliko ditugula justizia lortzeko. Gurea dena berreskuratu nahi dugulako. Horregatik, exijitzen dugu gure diruaren berehalako itzulpena edo bere kobrantza bermatzen duen irtenbide bat Errektore Kontseiluak eragindako egoera ilegal honekin amaitzeko".

Kaltetuendako deia

Ordaindu komisiotik abokatuak jarriko dituzte eguenean, hilak 31, Arrasateko kulturateko Loramendi bulegoan arazo horiengatik kaltetuta dauden pertsonendako. Hauek dira fotokopietan eraman behar diren dokumentuak: daukaten produktua baieztatzen duen papera, NAN-a eta euren egoeraren laburpen txiki bat. Abokatuak egongo dira 09:30etik 13:00ak arte eta baita arratsaldean ere horrela behar izanez gero. Ondoren, dokumentazio guztia Fagorren aurkeztea da asmoa.

Prentsaurrekoaren amaieran kaltetuen zalantzak argitzen saiatu dira Ordaindu komisioko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak