Asisko Urmeneta: "Dudarik gabe, eskua burua baino azkarrago doakit"

Txomin Madina Milikua 2013ko urr. 30a, 01:00

Ilustrazioak, komikiak, telebista, irratia, liburuak, zinema... Ez dira asko gaur egun Nafarroa Beherean bizi den iruindarrak jorratu gabe utzi dituen soroak.

1. Pizkundean jaio izan bazina, euskal Da Vinci zinateke?

Ez; gehienez ere Iñaki Perurenaren jarraitzaile xumea. Inoiz ez dut lortuko berak lortutakoa: harakina, poeta, harri jasotzailea, aktorea, historialaria, aktibista politikoa...

2. Marraztean, eskuak ala burua, zer doakizu azkarrago?

Eskua, dudarik gabe. Gertatzen da mezua bidali gura bada, gidoilaria behar dela ondoan; edo bestela, asko marraztu eta agertuko da bat ulertuko dena. 

3. Behar den balioa ematen al diegu komikiei?

Zibilizazio honek, formalki, ez: nahiz eta komunean liburu bat eta ondoan komiki bat ikusi eta gehienok komikia hartu, kosta egiten zaigu onartzea. Baina era naturalean, konbentzituta nago baietz.

4. Zenbatetan jarri dituzu komikietako protagonisten ahotan zeu esaten ausartzen ez zarenak?

Figura literarioa da; liburuetan ere pasatzen da: pertsonaia bakoitza egilearen desdoblamendua izaten da. Komikgile batzuek joera dute bere burua marraztua agertzeko; ni ez naiz horretara ausartzen: nire pertsonaiak aunitzetan dira nigandik arras urrun daudenak. 

5. Irudigilea bai, baina beti hizkuntzarekin jolasean.

Komikigileok bi makulu baliatzen ditugu eta ni makulu bakarrarekin aski erren ibiltzen naiz.

6. Euskararekin serioegiak gara?

Hemen ere, formalki: izu handienetakoa dugu barregarri geratzea. Hizkuntza idealizatzen dugu egoera linguistiko eta politikoagatik eta Sabino Arana bezalako umoregileen purismoak segurtasun falta dakar. Normala da seriotasuna; aurkako ekimenak ere bai: gureak oso ondo hartu dira.

7. Irudimenari inoiz jarri behar izan diozu mugarik?

Bai. Ditugun legeak hausteak ondorio penalak eta ekonomikoak dakartza; eta autozentsura politikoaz gain badira argitaratzen ez direnak kolektibo batzuendako iraingarriak izan daitezkeelako.

8. Egungo Euskal Herria edo duela 500 urtekoa, zein interesatzen zaizu gehiago? 

Oraingoa; hau tokatu zaigu, eta dentistarenean bada anestesia, Internet dago... Baina gaurkoa ulertu eta Euskal Herria inoiz libratzeko duela 500 urte ginena eta   egin digutena behar dugu jakin.

9. Aitatasunak baretu ala eroagotu egin zaitu?

Baretu. Era naturalean, pentsatzen duzu ezin zarela desagertu gauetik goizera. Erotasun kalkulatua da: ekonomia planifikatu sozialista, ez segida seguru gabeko istorioa.

10. Iruñea hiria utzi, eta Hozta herrixkara. Damutu zara inoiz?

Ez. Teknologiari esker bada kontsumismo ero eta suizidatik ihesi herri txikietan bizitzeko modua. 

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Independentzia eskatuko nuke; eta ezin bada, kataluniar bihurtuko nintzateke. Makila zinez magikoa bada, gaur bertan lortuko nuke independentzia eta hortik, gainerakoak erabaki: poesia edo komiki ministeriorik muntatu behar dugun ikusi; probintzialismo barregarria gaindituz zein eskualde antolatu; demokrazia eratu...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak