Esperantza pizteko unea

Ubane Madera 2013ko urr. 26a, 02:00

Fagor Etxetresnen lantegiak geratu zirenetik astebete pasa igaro denean, bateko eta besteko iritziak batu ditugu: Geyser-Gastech S.A.ko gerentearena, Kontseilu Sozialarena, bazkideena, Ibai Arte elkartearena, Arrasateko taxilari batena... eta baita erakundeena ere: elkarlanerako prestutasuna erakutsi dute.

Berba, zeresan, eztabaida… asko eta asko entzun eta ikusi ditugu joan zen asteaz geroztik, baina egoerak lehengotan segitzen du: impass deserosoan. Batez ere, informazioa sumatzen da faltan; bereziki, langileen artean.

"Batez ere, zalantza handiak ditugu. Garbi dugu 1.800 lagun Fagor Etxetresnetakoak eta Edesakoak astelehenetik aurrera etxean gaudela, garbi dugu honek bai Euskal Herrian, bai bailaran eta kanpoan ditugun Frantziako eta Poloniako enpresetan ere kalte handia eragin duela. Langileen artean dugun sentimendua da galduta gaudela, ez dakigulako, oraingoz, zeintzuk izango diren irtenbideak. Eta horiek azaltzen joan arte duda asko daude kolektiboan. Eta pena ere badugu, egun batetik bestera jausi egin da-eta dena. Sentimendu asko daude: urte askoan bertan lanean egon den jendearena, lankideen arteko harreman sendoa momentu batetik bestera apurtu egiten da… sentimenduak bi dira: nahastuta gaudela, ez dakigulako gure irtenbideak zeintzuk izan behar diren, eta bestea penarena, galtzen duzun guztiarengatik". Hala helarazi dio Goienari Andoni Azkargortak, Fagor Etxetresnetako langileen izenean, bertako Kontseilu Sozialeko bozeramaileak.

Lan ildoak zehazten

Etxean bai, baina geldi ez daudela ere kontatu du Azkargortak. Astelehenean Basaurin manifestazioa egiteaz gainera, besteak beste, eguenean eta egubakoitzean bi batzar egin dituztela jakinarazi du. Kontseilu Sozialeko kideek euren artean, batetik, "hurrengo lan ildoak zeintzuk izango diren konkretatzen joateko". Eta beste bat Fagor Talde mailan: "Gure egoeraren berri eman eta ekarpenak edukitzeko talde mailatik".

Azkargortak berretsi egin du euren eskaera nagusiek joan den egubakoitzean plazaratutako berak izaten segitzen dutela: "Koporazioak esaten duen 1.000 lanpostuko plan hori zehaztea; irtenbidea ematea 1.800 langileri; irtenbidea ematea horrek eragindako filialei, hornitzaileei… egindako kalteei. Gure enpresak egindako galerekin, gure zorrekin zer pasatuko den jakitea falta zaigu eta horrekin lotuta eskaera zuzena egiten dugu irtenbidea edo, behintzat, esplikazioa emateko, eta, baita ere, ekarpenak eta aktibo ez diren bazkideen maileguekin zer pasatzen den argitzen joateko. Bi mobilizazio egin dira, eta hor eskaerak egin ditugu. Ikusi behar dugu ze erantzun jasotzen duten eskaera horiek, eta horren arabera ikusiko dugu aurrera begira ze pauso eman".

Izan ere, Fagor Etxetresnetako Kontseilu Sozialeko kideek ez dute baztertzen mobilizazioekin segitzea. Baina edozeren gainetik behar eta gura dutena da erantzunak jasotzen hastea.

Negozio berrien promozioa

Horren harira, Mondragon Korporazioak eguaztenean Goienari bidalitako komunikatuan jakinarazi zuen kooperatiban dituzten elkartasun mekanismoak indartu egingo dituztela egoera zail honi aurre egiteko. Eta iragarri dute "konpromiso sendoa" hartu dutela "negozio berrien promozioa sustatzeko, lanpostu aukera berriak sortzeko".

Geyser: lasaitasun mezua

Bien bitartean, momentuko errealitatea da Fagor Etxetresnetako eta Edesako ia 2.000 langile lan barik daudela. Salbuespen birekin: Geyser-Gastech SA (Fagorren "semeetako" bat) eta Fagorreko zerbitzu teknikoa.
Bergaran dagoen Geyser-Gastech SA lantegiaren kasua apartekoa da. Gehienbat, lanean segitzen dutelako, oraingoz, behintzat, 170 langilerendako lana bermatuta dutelako; eta, gainera, ildo horretan, bertako arduradunek lasaitasunerako mezua gura dute helarazi, bai euren hornitzaileei, eta baita bertan lanean dihardutenei ere.

Joseba Beldarrain da Geyser Gastech SAko gerentea, eta hark kontatu du zela joan den eguaztenera arte (urriaren 16) normal jardun zuten lanean eta hortik aurrera etorri direla aldaketak. "Urriaren 17an eta 18an ez genuen lanik egin, Fagorrekoaren ostean lantaldea berrantolatzeko. Hori egin ostean (248 langiletatik 77 kalean geratu dira), oraingo astelehenaz geroztik lanean dihardugu, eta hala segituko dugu Vaillant Group alemaniarrendako produktuak hornitzen. Gu ez gaude hartzekodunen aurre-lehiaketan sartuta, eta Vaillantek epe motzean ez du beste aukerarik hemen jarraitzea baino. Bestalde, Fagor ez dugu galdutzat ematen. Guri, behintzat, hori transmititu digute. Eta Fagorrek gurekin zorra duen arren, zor horren bi herena aseguratuta dugu".

Geyser-Gastech SAko langileen egoerari dagokionez, berriz, "lantaldeko 50 izan ezik enpresarekin zuzeneko kontratuak dituztelako, gainontzeko guztiak (kalean geratu direnak barne) Fagorreko bazkideak gara", kontatu du Beldarrainek.

Elkarlanerako asmoak

Bestalde, lasaitasunerako mezu zuzenik ez, baina lanerako eta elkarlanerako prestutasuna bagabiltza ikusten egunotan erakundeei dagokienez. Astelehenean bertan, "Fagorren sortutako egoera aztertzeko" batzarra egin zuten Debagoieneko ia alkate guztiek eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta bukaeran iragarri zuten hasi direla lanerako ildoak zehazten.

Indarrak jartzeko unea

Agerian dagoen moduan, beraz, ikusteko eta jakiteko asko dago oraindik: eragin zuzenaz aparte, zeharkako eragina zenbaterainokoa izango den, zer pasatuko den Mondragon Taldeko aldi baterako langileekin Fagorreko 1.000 bazkide birkolokatu beharra badago… Dena dela, agerian dagoena da, baita ere, Fagorri, bertako langile ohi eta bazkideei, hemengo zein Euskal Herriko erakunde eta ekonomiari, eta jakina, Debagoien guztiari komeni zaiola orain sortu den egoera latzari irtenbide positiboa ematea. Horretan indarrak jartzeko unea iritsi da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak