Markel Irizar: "Nirea defentsako lana da, golak sartzea beste batzuena"

Xabier Urtzelai 2013ko urr. 24a, 08:00

Markel Irizarrenak (Oñati, 1980) ez du erremediorik. Urtarriletik hasita milaka kilometro egin ditu bizikleta gainean. Eta orain, Oñatikoak atseden egunak dituenean ere ez daki geldi egoten. Aramaiotik gora, Tellamendira bidean doala urriko zaparrada bakarretakoa harrapatu du. Gantzaga auzoko elizaren babesean zira jantzi, eta gora, lehenengoz zapalduko duen tontorrerantz. Kirol bizitzakoa bai, gailur horretara iritsi da dagoeneko, edo oso gertu dauka. Eta Tellamenditik moduan, gauza asko ikusten ditu bertatik; denak ez dira ziklismoaz lotutakoak [Elkarrizketa].

Denboraldia amaituta ere ezin geldi egon?

Norberaren izaeraz bat egiten duen zerbait da, berez naizelako ipurterrea. Ohituta nago bizikleta gainean energia asko gastatzera, eta kirolik egiten ez dudanean igarri egiten dut; kosta egiten zait lo hartzea. Eta, aurten mendiko bizikletan nabil gustora. 

Zerbait pentsatu beharko dozu erretiroa hartzen dozunerako. Hiperaktibitate hori...

Emazteak ere gauza bera esaten dit. Lehenago edo geroago errepideko bizikleta utzi beharko dut, baina ez naiz geldi egongo, triatloiren bat prestatu, mendiko eskia egin... Kirolari lotuta jarraituko dut, zaila izango da ni taberna bateko barran harrapatzea. 

Oraindik euri dezente egin beharko du, edo? Erretiroa hartzeko, esan nahi dut.

Pirritx eta Porrotxen abesti batek dioen moduan, jubilatua bai, baina erretiratua ez. Askotan esaten dut zaila izango dela nik erretiratzeko erabakia hartzea, gehiago izango dela taldeak erabakitzea ez dutela nire beharrik. Arlo pertsonalean izan ditzakedan amets asko beteta daude, etxea jaso, familia sortu... Eta horrek ematen duen lasaitasunaz beste erronka batzuk irudikatzen dituzu, esaterako, kirol bizitza luze bat izatea. 

Sarritan entzun izan dizut hori. 

Nire ogibideak izugarri betetzen nauelako, eta garbi daukadalako pribilegiatua naizela. Taldean sekulako giroa dugu eta oso gustura nago. Sekula ezin daiteke esan ez dudala taldez aldatuko, inork ez dakielako etorkizunean zer gerta daitekeen, baina ondo sentiarazi naute. Eta, gainera, hasierako ilusioari eusten diot. Gogoan dut Radioshack-eko lehen urtean bizikleta jasotzeko irrikan nengoela, eta zapatu gauez, 23:30ean hasi nintzen etxean bizikleta berria muntatzen. Orain Trek-eko ekipazio berria noiz iritsiko zain nago; ilusio hori galtzen dudan egunean... 

Kirol ibilbide luze hori aldatuko zenuke, esaterako, datorren urtean Paris-Roubaix irabaztearen truke?

Ez, benetan. Hilabetez bakarrik izango nintzatekeelako zoriontsu, baina gero amorratzen egongo nintzatekeelako. Bizikletaren gainean lehiatzeak egiten nauelako zoriontsu. 

Hiru urteko kontratua sinatu duzu Trek Factory talde berriaz.

Paris-Roubaix lasterketaren ostean etorri zitzaidan Luca [Guercilena, taldeko managerra] eta aurreratu zidan eskaintza polita egingo zidatela, gustura zeudelako nire lanaz. Horrek lasaitasun handia eman zidan, eta Tourrean eskaintza formala egin zidatenean harrituta geratu nintzen, urte kopuruagatik, baldintzengatik, eta batez ere eman zidaten konfiantzagatik.  

Talde berrian lehenetarikoa izan zinen eskaintza jasotzen, Cancellararen eta Andy Schleck-en ondoren; zer pentsa ematen du.

Halako detaileek ematen dute konfidantza. Eta argi dudala talde barruan ze lan egin behar dudan. Ni atzelaria naiz, nire ardura ez da golak egitea, eta bai nire taldeak ahalik eta gol gutxien jasotzea. Nire lana da 25 laguneko ihesaldi bat saihestea, liderrari haizea kentzea, babestea, ikusten ez den lan hori egitea. Eta, talde barruan izan dezakedan beste rol bat da berezkoa dudan positibismoa transmititzen ahalegintzea. Taldean baditut erraz kexatzen direnak, edozein tontokeriagatik "zelako kaka" esaten dutenak. Eta nik esaten diet hori ez dela kaka bat, eta bai langabezian egotea, edo kantzerra izatea. 

Bestetik, aurten zorte handia izan dut, egutegi ona izan dudalako, eta taldeak lortu dituen garaipenetan parte hartu dudalako: Flandesen, Roubaix-en, Kalifornian etapa bat, Tourrean etapa bat, Donostiako klasikoa, Espainiako Vuelta... Eta horrek ere norberaren balioa handitzen du. Gakoa dago betetzen duzun postuan onena izaten saiatzean, eta horretarako, oso lagungarria izaten da liderraren lekuan jartzea, eta pentsatzea zelan nahiko nukeen nire taldekideek lan egitea. Amaitzeko, nire buruari ez dizkiot jarri bete ezin ditudan helburuak.

Baina esker txarreko lana da hori.

Bai, ez da erraza ulertzea bost hilabete ematen ditudala entrenatzen, esaterako, Flandes edo Roubaix prestatzeko. Jakinda, seguruenik, lasterketa amaitu ere ez dudala egingo. Zergatik? Nire lana hasierako kilometroetan dagoelako, tropelean kontrarioak kontrolatzen. Aurten, esaterako, ezin nuen onartu Omegako edo Sky-ko ziklistez osatutako ihesaldi bat. Hotz egiten zuen Belgikan, baina oso arropa gutxirekin irten nintzen, hasieratik bero-bero joan behar nintzelako. Eta, lan hori egiteko ardura taldeko bik genuen: ihesaldi guztietara etengabe irten. Gero, lasterketa lasaitzen zenean niri eskatzen zidaten tira egiteko. Behin lan hori eginda, 170. kilometroan nire zain dago taldekideren bat, arropaz aldatu eta lasterketatik erretiratzeko. Baina, puntu horretan lasterketa kontrolpean badugu, eta Fabian [Cancellara] utzi badut 80 kilometroren faltan sei laguneko taldean sartuta, nire lana ondo egin dut. Hark errematatu behar du lasterketa, berak du gola egiteko ardura. Baina, badakit bere garaipenaren %5a nirea dela.

Inoizko eskaintza onena jasotzeaz batera ikusi duzu zelan desagertu den profesionaletara eraman zintuen Euskaltel. Edo kirol arlotik kanpora, Fagorreko gorabeherak ere bertatik bertara bizi izan dituzu.  

Egoerak beldurra ematen du, egia esan. Eta halako adibideek erakusten didate zorionekoa naizela. Horregatik, amorrua ematen dit kexuka entzutea, esaterako, Suitzako edota Danimarkako taldekide bat, hau da, bere lurraldean krisia bizitzen ez dabilen bat; horiei esaten diet zelako zortea dugun, okerrago daudela asko eta asko. Ez dut esango krisiaren kontua ondo etorri zaidala jabetzeko benetan ze pribilegiatuak garen, horrek esan nahi duelako ni zerbaitetaz konturatzeko besteek txarto pasatu behar dutela. Baina bai, minbiziak erakutsi zidan moduan osasuna izatea ze garrantzitsua den, inguruan gertatzen ari denak erakutsi dit ze garrantzitsua den lanpostu bat izateak, eta gainera, gustuko duzun zerbaitetan jarduteak.  

Zelan kudeatzen da hori? Hau da, alde batean lagunak langabezian ikustea, eta bestetik, urtea kirolari aberatsekin pasatzea?

Beno, bi munduak bereiztuz, baina bi lekuetan norbera pertsona bera izanda. Ez da nire kasua, baina nire taldekide gehienak aberatsak dira: auto garestiak, etxeak... Eta hor, garrantsitzua da jakitea zein den norberaren maila. Baina hori hemen ere gertatzen da, koadrilan badaude soldata oso onak dituztenak, eta langabezian daudenak; eta, momentu jakin bakoitzean jakin behar da zein den norberaren egoera. Garbi dago gustura hartuko nukeela Fabianen [Cancellara] kontratua baina ez naiz kexatzen, aberatsa ez naizen arren egoera onean nagoelako, eta gainera, aberats izateko beharrik ere ez dudalako.  


Hamaikagarren denboraldiari ekingo diozu. Zure kirol ibilbidearen gailurrean zaude? 

Erdian, erdian nago! Hamar egin ditut, bada, beste hamar ditut aurretik [Barre]. Gailurrean? Egia da urte oso ona izan dela. Emaitza pertsonalei dagokienez, Radioshackeko aurreko bi urteak hobeak izan dira, baina taldearekin aurten lortu dudana... Esaterako, Fabianekin Flandes eta Roubaix irabazi izana sekulakoa izan zen, sekula ahaztuko ez dudan zerbait. Edo, Chris Hornerrekin Vueltan bizi izan dudana. Bestalde, Tourrean gustura geratu nintzen egindako lanaz, tropelean zelan mugitu nintzen, esaterako. Beste batzuetan baino esfortzu txikiagoa eginda aurrean egon naiz une erabakigarri askotan; izango da esperientzia hartzen goazelako-edo.  

2013a markatu duen beste gertaera bat izan da Informe Robinson grabatu izana, eta horrek izan duen oihartzuna.

Egia izan pasada bat izan da, ez nuen espero horrenbeste jendek ikusiko zuenik.  

 

Zenbat aipamen izan ditu, esaterako, tuiterren?

Asko, pasada bat. Gogoan dut saioa emititu aurretik Haimarrek [Zubeldia] esan zidala ikusteko zenbat jarraitzaile nituen tuiterren, eta 6.000 nituen. Eta, orain bikoiztu egin da kopuru hori. Youtube-n bisita mordoa izan ditu... [84.000]. Oso txukuna egin zuten, polita geratu zen saioa. Bestalde, egia da saioa egiteko gure intimitatea alboratu egin behar izan genuela, non bizi garen, gure haurrak zeintzuk diren... Baina garbi nuen saio hark norbaiti laguntzen bazion, esfortzuak merezi zuela. Eta bai, jende askori lagundu dio.  

Adibide asko daude. Hilabeteetara oraindik esker oneko mezuak jasotzen dituzu.

Benetan hunkitu ninduen kasu bat da Mallorkan bizi den aita batena; pentsatzean oraindik oilo ipurdia jartzen zait. Kontua da aita horrek epilepsia-krisiak izaten zituela, eta kontatzen zidanagatik ez zen kapaz hiru urteko alaba txikiarekin bakarrik inora joateko. Horrek ernegatu egiten zuen, baina ez zen ausartzen bakarrik joatera, alabarekin zegoela krisi bat izanez gero bakarrik utziko zuelako, parkean, esaterako. Bada, dokumentala ikusteaz batera emaztearengana joan zen, eta esan zion egun hartan bakarrik joango zela alabarekin, beldur hori gainditu egin behar zuela. Istorio horren berri izan nuenean Alaitzi [emaztea] esan nion, honegatik bakarrik merezi izan du dokumentala grabatzea.  

Orain zuri dagokizu momentu txarrak pasatzen dabiltzanei animatzea. Eta ez da ardura makala.

Konziente naiz nik bizi izandakoa askorendako lagungarri izan daitekeela, besteak beste, nire bizitzak film bateko gidoi baten antza daukalako. Gazte nintzela aita galdu izana, Amstrongen kantzerraren berri izandakoan gutuna bidali, gero kantzerra nik izan eta Armstrongen erantzuna jaso; gaixotasuna gainditu eta profesionaletan harekin korritzen amaitu... Beste barik, ahalegintzen naizena da bizitzak eman didana gizartera bueltatzen, eta norbaiti animo mezu bat bidaliz bada, ederto.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak