Mondragon Korporazioak elkartasun mekanismoak indartuko ditu “egoera zail honi aurre egiteko”

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 23a, 15:00

Kooperatibismoaren defentsa eta elkartasun mekanismoen indarra. Bi ideia horiek azpimarratu ditu korporazioak, berriki Goienara bidalitako ohar batean. 'Indarrean dagoen eredua' darama izenburutzat oharrak; albiste barruan, osorik.

"Berrestu egiten dugu pertsonen protagonismoan eta elkartasunean  oinarritutako bere eredu kooperatiboaren baliagarritasun eta indarra. Ez dugu uste, inondik inora, eredu kooperatiboa kolokan jarri behar dugunik, nahiz eta Fagor Etxetresna Elektrikoak egoera zailean egon. Izan ere, oso dibertsifikatuta dauden industria sektoreetan liderrak diren enpresak ditu MONDRAGONek, hala nola, makina erremintan, jasokuntzan, kontsumo ondasunetan, industriarako osagaietan, automozioan, aholkularitzan, edo eraikuntzan. Fagorri dagokionez, gure bailaran aski ezaguna denez,   etxetresna elektrikoen sektorera bakarrik mugatzen ez den marka bat da, beste zenbait industria jardueratan punta-puntakoak diren kooperatiben merkatu ikurra ere baita, adibidez, automozio, osagai elektroniko edo ekipo ondasun sektoreetan. Beraz, konfidantza osoa agertu nahi dugu gure eredu kooperatiboan.
 
Ezaguna da baita ere, zenbait elkartasun mekanismo dugula komunean eta mekanismo horiek  taldea osatzen duen kide bakoitza indartu egiten dute. Mekanismo horiek sorreratik funtzionatu dute eta baliagarriak izan dira kooperatiben nazioartekotze eta berrikuntza programak abiatzen laguntzeko, jarduera berriak garatzeko eta zailtasunak dituzten kooperatibei laguntzeko. Mekanismo horiek indartu egingo ditugu egoera zail honi aurre egiteko, eta Korporaziotik dagoeneko konpromisoa sendoa hartu da negozio berrien promozioa sustatzeko, lanpostu aukera berriak sortzeko; eta langabe geratu diren pertsona guztiei konponbide bat emateko asmoz. Elkartasunak ekarri gaitu honaino, eta elkartasunean oinarrituko da gure etorkizuna, batez ere oinarri horretatik etorriko baita Fagor Etxetresna Elektrikoetako hainbat bazkide eta langileren egoerari buelta emateko aukera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak