Petti: "Jende aunitz ibiltzen da eta denerako ematen du tabernak"

Txomin Madina Milikua 2013ko urr. 23a, 02:00

Urriaren 16an Logroñon ematekoa zen kontzertura bidean harrapatu genuen Berako bakarlaria Jaiotzez Juan Luis Perez Mitxelena, gitarra eskuan agertokiz agertoki ikusten dugu.

1. Etxean, Petti ala Juan Luis?

Orain dela gutxi arte Juan Luis, baina orain Petti ere bai; egunaren arabera. Petti ikastola garaitik dator; iseka egiteko Juan Luis Petit Suisse deitzen zidaten.

2. Ia hamabost urte zure lehen diskotik. Entzuten duzu oraindik?

Egia esan, ez; diskoak atera eta gero ez ditut entzuten: aldatzeko gauzak, akatsak ikusten ditut eta nahiago dut ez entzun. Bideoekin ere gauza bera gertatzen zait.

3. Musikan ibili, baina, aurretik ere bazenbiltzan.

15 urterekin hasi nintzen Noise Hole izeneko punk-rock taldean; beti maite izan dut rocka. Han gitarra jotzen nuen eta lauzpabost urte ibili ginen. Gero, Joseba Irazokirekin, Iñigo Telletxearekin-eta Zup taldean ibili nintzen, apur bat esperimentalagoa. Horren ondotik hasi nintzen bakarka.

4. Bakarlaria bai; baina askotan, agertokian, lagunduta.

Kolaboratu dut Anarirekin, Rafa Ruedarekin, Txuma Murugarrenekin; Barrence Whitfieldekin ere grabatu dut... Gustuko dut agertokian jendearekin egotea. Gehiagotan ez bada, diruagatik da: merkeagoa da bakarka aritzea.

5. Gau-beranduan duzu azkenengotako proiektua. Zer gertatzen da ordu horietan?

Azkenaldian, nahiko gauza gutxi. Orain arte denetik gertatu da, baina adinarekin, lasaitu gara.

6. Eta zer kontatu ahal diguzu proiektu honetaz?

Behin egin dugu. Harkaitz Cano, Josean Goikoetxea eta hirurok gaude: Canok poesiak irakurri, eta Goikoetxeak eta nik janzten ditugu. Nire kantuak ere egiten ditut. Poesia musikatua dela esan daiteke.

7. Izan duzu furgoneta edo autoa aparkatuta uzteko tentaziorik?

Orain hiru urte atera nuen gidabaimena; lehen, beti trenean eta autobusean nenbilen. Baina espero dut urte askoan segitzea.

8. Tabernari ibilitakoa zara. Zenbat kantutarako ematen dute barraren beste aldetik ikusitakoek?

Duela hiru urtera arte, kantu gehienak egiten nituen barra barrenean. Tabernarekin zerikusia duten kantuak ez; baina jende aunitz eta ezberdina ibiltzen da, eta denerako ematen du tabernak. Badut Tabernan izeneko kantu bat ere. 

9. Zertan nabari zaizu jatorri kanariarra?

Fisikoki ez bada... Ez dakit guantxe aurpegia dudan. Aita gaztetan etorri zen Tenerifetik, eta bitan edo hirutan bakarrik egon naiz Kanarietan. Baina eguzki pixka bat egitean, berehala belzten naiz. 

10. Debagoienean sarri ikusten zaitugu.

Eskoriatzan, Leintz Gatzagan, Arrasaten... lagun asko ditut. Azken urtean asko egon naiz, eta, akaso, etena egin beharko dut, jendea nazkatuko da-eta!

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Uniformea daramaten guztiak Fukushimara bidaliko nituzke bat-batean, eta han utzi, atera gabe; ea bakean uzten gaituzten! Buzoa daramatenak bai, baina kolorezko uniformea dutenak ez zaizkit gustatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak