Pozik bizi izaten ikasi, bi egunean

Leire Kortabarria 2013ko urr. 19a, 11:14

Entrenamendu mentalaren bidez poziago bizi izan nahi du jende askok; horren erakusgarri da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) azaroko bi egunerako antolatu duen ikastaroak –Emozioak eta norberaren gaitasunak lantzen– izan duen arrakasta.

Urko Arotzena musikari eta entrenamendu mentalean adituak emango ditu jardunaldiak, eta, haren esanetan, "hogei lagunendako lekua zegoen eta bete egin da; arrakasta hori dela eta, UEUko arduradunek esan dute balitekeela beste ikastaroren bat antolatzea".

Azaroaren 9an eta 16an izango dira eskolak. Bi egunetan ikas daitezke teknika horiek eta pozik bizi izateko helburua bete? Hauxe diosku Arotzenak: "Teknikak nire blogean daude, edozeinek erabil ditzan. Benetan inplikatu nahi denak gaizki pasatuko du eta negarrez irtengo da ikastarotik, baina bere beldurrei aurre egiteko adorea hartzen duenean, konturatuko da bere buruari zelako mezuak bidaltzen dizkion eta bere burua barkatuko du orain arte halako zoritxarrekoa izateagatik".

Teknika horiek Urkoren blogean daude: entrenamendumentala.blogspot.com.es.

Konturatzea da giltza 

Zoriontsu izaten ikasteko, gure buruarekiko ditugun pentsamenduak aldatu behar ditugu: "Norbaitekin afaltzera baldin bagoaz, gure subkontzientea mezuak bidaltzen hasiko da, besteak niregandik hau eta bestea espero duela esaten, ematen ez badiot zer gertatuko den… Mezu horietaz ohartu hutsarekin, onartu, gainditu eta oso-oso ondo sentitzea lortzen dugu". 

Dirudien moduko erraza da? "Bai, aldaketa oso erraza da. Baina beldurra ematen digu onartzea pentsamendu ez onargarri horiek ditugula".

Subkontzientearen mezuak 

Horrez gain, ametsak aztertzeko pistak emango ditu Arotzenak ikastaroan: "Gure subkontzienteak gurekin harremanetan jartzeko erabiltzen dituen moduetako bat dira ametsak. Ametsetan, gure subkontzientea esaten ari da zer egin beharko genukeen zoriontsu izateko. Bere mezua hauetako bat da: "Hau egin beharko zenuke", edo "Egiten duzun hau ez zenuke egin behar". Eta, Urkoren esanetan, bide txarretik baldin bagoaz, "hortik ateratzea oso erraza da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak