Elena Urdaneta: "60 urtetik gorakoendako elikadura produktuetan asko dago oraindik hobetzeko"

Leire Kortabarria 2013ko urr. 15a, 02:00

Datozen 40 urteotan, munduko bost kontsumitzailetik batek 60 urte edo gehiago izango ditu. Horiek elikadura behar bereziak izango dituzte. Egoera horri aurrea hartzeko eta gaur egungo beharren gainean hitz egiteko, Growing Young sinposioa antolatu dute Basque Culinary Centerrek, Azti-Tecnaliak eta Afcak (elikadura-gehigarrien ekoizle eta saltzaileen elkartea). Urriaren 17an izango da, BCCren egoitzan.

Ze helbururekin antolatu duzue Growing Young sinposioa?

Pertsona nagusiendako ze elikadura-produktu garatzeko aukerak dauden jakitea da helburu nagusia. Produktu mota hori eta ikuspuntu hori 60 urtetik aurrerako pertsonei zuzendutakoa da, hau da, ez bakarrik oso pertsona nagusiei; izan ere, zahartzea prozesu bat da eta horretarako gertatu behar da norbera.

Zelako egitaraua prestatu duzue?

Diziplina-arteko ordezkaritza egongo da, eta bai soziologiaren ikuspuntutik, bai produktuen garapenaren inguruko ikuspuntu teknikoago batetik, bai ikuspuntu zientifikotik ere argumentatuko da zergatik den hain garrantzitsua pertsona nagusiek ondo eta egoki jatea. Dagoeneko merkatuan dauden produktuak aurkeztuko dira, eta garatzen dabiltzan prototipo berriak ere bai.

Zuk zeuk ere hitzaldia egingo duzu: SIforAGE project delakoa aurkeztuko duzu.

Bai. Europako proiektu bat da, lau urteko epearekin, eta 20 bazkide gabiltza. Proiektuaren helburua da modu osasuntsuan zahartzen laguntzeko lan-modu berriak garatzeko berrikuntza soziala bultzatzea, eta neuk koordinatzen dut. Proiektua bera eta orain arteko emaitzak azalduko ditut. Osasuntsu jateak modu osasuntsuan zahartzera nola eraman gaitzakeen azalduko dut.

Nolakoak dira 60 urtetik gorako biztanleak, kontsumitzaile diren aldetik?

Gure herrialdean, gero eta informatuagoak daude, erosketa-ahalmen handia dute eta oso arduratuta daude osasunarekin eta bere burua ondo zaintzearekin. Elikadurari garrantzi handia ematen diote. Euskadi da pertsona nagusi gehien duten autonomia erkidegoetako bat. 

Eta ze garrantzi du, bada, elikadurak zahartze-prozesu osasuntsu baten?

Oso garrantzi handia du ondo zahartzeko eta prozesu fisiologiko askotan ere. Zahartzerakoan, oso garrantzitsua da gure gorputzari behar dituen elikagaiak emateko gai izatea.

Aurrera diezagukezu nolakoak izango diren sinposioan aurkeztuko diren produktuak?

Pertsona nagusien elikadurarako aproposa den elikagai edo osagai baten aberastuta dauden produktuak dira; balio proteiko, bitamina-balio edo mineral-balio handia duten produktuak dira; elikagai-balio handiko produktuak edo elikagai funtzionalak dira.

Eta itxura aldetik, zelakoak izan behar dute nagusiendako salgai dauden produktuak?

Eurendako egokituta egon behar dute, nagusiak eurei komeni zaizkien produktuak erosteko gai izan daitezen nahi dugulako. Horregatik, etiketek eta ontziek, besteak beste, eurendako aproposak izan behar dute. Adibidez, etiketetako letrak erraz irakurtzeko gai izan behar dute; eta eurak hartzeko edo eroateko modukoak izan behar dira ontziak, pisu edo forma aldetik; hori oso garrantzitsua da. 

Gaur egun nagusiendako dagoen produktu eskaintza nahikoa dela uste duzu, ala badago non hobetu?

Nire iritziz, nagusiendako egokitutako produktuak garatzeko aukera handiak daude oraindik. Eskaintza ez da behar adinakoa.

Zertan hobe daiteke?

Adibidez, nagusiek hobeto gozatzeko eta dastatzeko moduko produktuak egin daitezke. Izan ere, zahartzen goazen neurrian, zentzumen-gaitasuna galtzen goaz, eta zentzumen-profil horretan hobe daitezkeen produktu asko daudela uste dut. Horrela, nagusiendako oraindik gozagarri eta gogoko diren eta, era berean, behar dituzten elikagaiak emango liezazkieketen produktuak izango lirateke.

Ohitura egokiak dituzte nagusiek jateko orduan?

Horretan ere hobe daiteke, baina ez bakarrik nagusiek; denok hobe dezakegu. Hala ere, ohiturak aldatzea zail samarra da, ez da bat-batean egiten. Jateko ohiturak bakarrik ez, bizimodu aldetik ere hobe daiteke; adibidez, ariketa fisikoa egitea eta substantzia toxiko gutxiago hartzea. Hor lan handiagoa egin beharko litzateke, eragina oso handia da-eta.

I+G zuzendaria zara Basque Culinary Centerren. Zeintzuk dira lan-arlo nagusiak sektorean?

Batez ere, nagusiendako egokituta dagoen elikadura moduak garatzea. Ohitura aldetik, zahartzeak jate-ohituretan nagusiei nola eragiten dien ikertzeko eta egon daitekeen defizita konpentsatzeko asko aurreratzen dabiltza.

Honek guztiak negozio-aukera berriak irekitzen ditu, ezta?

Bai. Aukera handiak irekitzen dabiltza, produktu enpresendako eta zerbitzu enpresendako. Adibidez, etxez etxeko zerbitzuetan oraindik badaude estaltzeko moduko hutsuneak. 

Basque Culinary Centerren, nola lantzen duzue honako gaia ikasleekin? 

Graduko eta masterretako ikasleek Elikadura ikasgaia dute, eta, horren barruan, nagusiei egokitutako elikadura ikasten dute. Horrez gain, kanpoko gaien gaineko hitzaldietan, nagusien elikadura gai garrantzitsua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak