Lan-orientazio zerbitzu ibiltaria hasiko da bihar, martitzena

Leire Kortabarria 2013ko urr. 14a, 12:00

Enplegu Zentroa dago Mankomunitatean, bi orientatzailerekin; aurrerantzean, herriz herri ere bai. Eskoriatzan estreinatuko du Mankomunitateak bere enplegu orientazio zerbitzu ibiltaria, Lanbiderekin elkarlanean.

Hain zuzen, bihar, martitzena, joango da Mankomunitateko Garapen Agentziako Zuriñe Galartza orientatzailea Eskoriatzako udaletxera, goizean zehar jendea atenditzeko gertu. Asmoa da bi astean behin, martitzenetan, egotea orientatzailea Eskoriatzan, betiere baldin eta jendeak aurrez izena eman badu aholkularitza hori eskatzen; baina, hasteko, datorren martitzenean, hilak 22, ere joango da.


Eskoriatzan bakarrik ez, zerbitzu ibiltari hori Debagoieneko herri gehienetan izango da –Aretxabaleta     , oraingoz, ez ematea erabaki dute. Azken asteotan ibili dira Garapen Agentziako ordezkariak, batetik, eta udaletako eta Bideberri Mankomunitateko arduradunak, bestetik, egutegi bat eta zerbitzuaren ezaugarriak lantzen. 


Urteetan egon izan da enplegurako orientazio zerbitzua, ez bakarrik Mankomunitatearen egoitzan, baita Lanbiderekiko erakunde kolaboratzaile gehiagotan ere. Orain, UGT sindikatuaren egoitzan, Arrasaten; Bergarako udaletxean; Aretxabaletako Lanbide Eskolan eta Kutxa Zeharo, Katealegaia eta Gureak enpresen egoitzetan ematen da.


Enplegu Zentroa Arrasaten

Orientazio zerbitzu hori Enplegu Zentro baten ematen duen bakarra Mankomunitatea da. Bertan egoten dira Agurtzane Arregi eta Zuriñe Galartza orientatzaileak. Zerbitzua doakoa da eta langileak eta langabeak berdin joan daitezke berau jasotzera; aurrerantzean, beste herri batzuetan ere bai, zerbitzu ibiltaria martxan jartzen denean. Oraingoz, Mankomunitatearen egoitzan orientatzaile batekin egoteko, onena da aldez aurretik hitzordua egitea, 943 79 30 90 telefonora deituta edo orientatzailea@debagoiena.net edo enplegu_zentroa@debagoiena.net helbidera mezua bidalita. Astelehen, eguazten eta egubakoitzetan, 09:00etatik 14:00etara arteko ordutegia dute, eta martitzen eta eguenetan, 09:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 16:00etara.


Lana bilatzeko orientazioa ematen dute Agurtzanek eta Zuriñek. Horrez gain, Mankomunitatearen enplegu zentroan, Internetera konektatutako ordenagailuak erabil daitezke, eta kontsulta-material ugari ere badago erabiltzaileen eskura: lan-eskaintzak, ikastaroak, lan-deialdi publikoak, praktika eta beka deialdiak, atzerrian lana bilatu nahi dutenendako informazioa, prentsa-ebakinak…


Interneten bere kabuz interesatzen zaiona bilatzen badaki orientazio zerbitzura joaten den jende askok; beste batzuek, berriz, ez, eta horiei laguntzen ahalegintzen dira: "Interneten informazio asko dago, baina oso sakabanatuta egoten da. Beraz, jendeak eskertzen du informazio hori leku baten, bateratua egotea. Baina Interneten ondo moldatzen denak ere aurrez aurreko tratua nahi eta eskertzen du", azaltzen dute Agurtzanek eta Zuriñek.


Lehenengo, helburua zehaztu

Agendak beteta dauzkate orientatzaileek "datozen bi asteotarako". Hala ere, beti daude jende berria hartzeko gertu. Jende asko atenditzen dute; Agurtzane Arregik Arrasateko udaletxean ematen zuen lehen orientazio zerbitzua, eta, bere esperientziaren arabera, "orientazio bila datorren jendearen tipologia asko aldatu da 2008tik hona. Debagoiena enplegu beteko eskualdea zen, eta orain, ez".


Langile eta langabeendako zerbitzua den arren, pentsatzekoa da gehienbat langabeek erabiliko dutela; eta hala da. Helburua, edozein kasutan, beti berbera da: pertsona horrek lanpostua aurkitzeko dituen aukerak hobetu, pertsona hori enplegura bideratu. Nondik hasi? "Lehenengo pausoa helburu profesionala argitzea da. Izan ere, orientazio profesional ona jasotzeko, ezinbestekoa da norbera zeren bila doan ondo jakitea", azaltzen du Zuriñek. Gero, "plangintza bat egin eta horra ailegatzeko laguntza" ematen diote. Norberak dituen baliabideen arabera eta hobetu dezakeenaren arabera, helburu batzuk edo beste batzuk betetzen saiatuko dira: "Izan daiteke formazioa, komunikatzen ikastea, curriculuma hobetzea, elkarrizketak egiten ikastea…", esaten dute Enplegu Zentroko orientatzaileek.


Orientatzailearen eta bezeroaren artean "dinamika bat" sortzen dute: "Adibidez, curriculuma eguneratu nahi badu bateren batek, horretan laguntzen diogu; baina, gero, horrekin lan bila hasten denean, baliteke berriz ere etortzea", esaten dute.


Bestalde, behar den adina alditan joatera animatzen dute erabiltzailea. Izan ere, "curriculuma osatu, helburuak zehaztu eta lan bila denbora baten ibili baldin bada, emaitzarik gabe, zerbait gaizki egiten ari garen edo zerbait falta den seinalea da".


Denetariko egoerak

Askotariko jendea eta premiak izaten dituzte: "Jende askok ikasketak bukatuta dauzka eta luzaroan lanean egon da, baina orain lanik gabe dago eta ez du bere burua inoiz horrelako egoera baten topatu; ez daki nola bilatu lana. Etortzen dira ere etxean lan egin izan duten emakumeak eta orain soldatapeko lanpostu bat behar dutenak; edo enplegua aurkitzeko zailtasun bereziak dituztenak".


Beste erabiltzaile mota bat ikasketak bukatu berri dituztenak dira: "Horiek curriculuma oso landuta izaten dute, eta beharbada atzerrian bilatu gura dute lana".

Denbora luzean lanik gabe dagoen jendea ere badago. Orientatzaileek ohartarazten dutenez, "langabezian kronifikazio arriskuan dago jende asko. Erabiltzaile bat orain 20 urte hasi zen lanean eta ez zuen bere burua prestatzen jarraitu, eta gaur egun formazioa eduki behar du lan bila dabilen batek".
Langabe horietatik asko "galduta" sentitzen dira, eta horiekin "modu integratuan" lan egin behar izaten dute: "Lehenengo, ikuspegi orokor bat behar izaten dugu, ze premia eta ze baliabide dituen ikusteko; motibazioa lantzea oso garrantzitsua da…"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak