Kamaren objektibotik begira

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urr. 11a, 16:45

Argazki erakusketak, tailerrak, proiekzioak, eta beste hainbat ekimen batuko ditu Oñatiko Ilunpetan argazki taldeak gaur, egubakoitza, abiaraziko duen ARG! Festibalak. Hamabost egunetan luzatuko den egitaraua, Arantzazuko Gandiaga Topagunean irekiko dute gaur, Ixil Ar erakusketarekin. Arantzazurako espresuki sortu duten bilduma 18:00etan inauguratuko dute eta han izango dira, besteak beste, Jon Cazenave, Alejandro Marote eta Gonzalo Romero. Luntxa prestatuko dutela iragarri dute.

Orain zazpi urte sortu zuten Ilunpetan taldeak, herriko beste hainbat kultura elkartek moduan, Udalaren diru laguntza jasotzearen truke, urtean pare bat ekintza antolatzeko konpromisoa duela kontatu du Itziar Baztarrikak, taldeko kideak eta horrela egin dituztela hainbat ikastaro eta baita askotariko erakusketak ere. Baina azken bi-hiru urteetan erakusketetara hurbildu den jende kopuruak behera egin duela-eta, taldean hausnarketa egin eta beste leku batzuetan egiten dituzten jaialdi eta argazki erakusketak aintzat hartuta, argazkigintzarekin lotutako lanak erakusteko modu klasikoarekin apurtu eta beste formatu batzuekin esperimentatu gura izan dutela dio Baztarrikak, zaleak erakusketa aretoetara joatera behartu beharrean, argazkiak jendea dagoen tokietara ateratzea erabakiz: "Modu masiboan egin dugu, ez gara erakusketa edo tailer bakarra antolatzearekin konformatu. Formatuaz gain planteamenduarekin ere hautsi gura izan dugu eta shock-terapia moduan, cocktail potente bat prestatu dugu".

Publiko guztiari zuzendutako egitaraua osatu dute: haurrentzako, helduentzako, zaleentzako eta profesionalentzako ere bai.

Euskaldunak dira ARG Festibalean izango diren artista gehienak: Zaloa Fuertes, abadinoarra da; Legazpikoa, berriz, Gorka Salmeron; Luis Arellano, Iruñeakoa eta Donostiakoa Jon Cazenave. Horiez gainera, Madrildik datoz Cazenavek Gandiaga Topagunean lagun izango dituen Alejandro Marote eta Gonzalo Romero. Ilunpetan taldeko kideek ere erakutsiko dituzte eurenak.

Tailerretarako eta izen-ematea

ARG Festibala antolatzen hasi zirenean, batera eta bestera mugituta, askotariko ateak jo zituztela gaineratu du Baztarrikak: "Ideia asko genituen, batzuk aurrera eraman ditugu eta beste batzuk, berriz, beste batetarako gordeta geratu dira".

Aurrera egin dutenen artean daude helduentzako eta haurrentzako askotariko tailerrak: bi egunetako iraupena izango duten erretratuei eta bidaia argazkiei buruzko tailer bana helduentzat, eta argiarekin margotuz eta jolastuz, sei urtetik gorakoentzako egun bakarrean egingo dutena. Azken horretan doan eta aurrez izena eman barik parte hartzeko bidea badago ere, 60 euro ordaindu behar dira helduei zuzendutako bietan; plaza mugatuak dituzte eta horietan parte hartzeko, ilunpetan@gmail.com helbidean eman behar da izena.

Urriaren 19an, Gandiaga Topagunean, 11:00etan egingo duten Photobook Club Donostia argazki liburu zaleen bilkurarako ere izena eman behar da.

Elkar ezagutzeko helburuaz

Argazki zaleen topaleku bihurtuko dituzte, bada, herriko askotariko txokoak azaroaren 3ra bitartean. Ilunpetan argazki taldekoek, baina, profesionalen lanak ikusi eta entzun baino haratago eraman gura dute jaialdiaren helburua, horregatik lotu dituzte, bestelako ekimenak: zinekluba (urriaren 24an, kultura etxean, 20:00etan), Photo kafe proiekzioak (urriaren 27an, gaztelekuan, 18:00etan) eta Photobook Club Donostia argazki liburu zaleen bilkura (urriaren 19an, Gandiaga Topagunean, 11:00etan).

'Ixil-Ar': lurraren eta zeruaren arteko elkarrizketa isila

Hiru sortzailek elkarrekin osatutakoa da, Arantzazuko Gandiaga Topagunean gaurtik aurrera ikusgai dagoen Ixil Ar bilduma. Jon Cazenave donostiarrak eta Madrilgo Alejandro Marotek ateratakoak dira, Gonzalo Romero komisarioaren ezinbesteko gainbegiratuarekin.

Arantzazuri (tokiari) omenaldia egin asmotan aukeratu dituzte lurrarekin eta zeruarekin edo haizearekin lotutako 12 irudiak. Elkar ondo ezagutzen duten bi artisten objektiboek jasotakoaren arteko elkarrizketa estetikoa da erakusketaren muina: ilunak eta lurrari buruzkoak dira Cazenaverenak; eta irekiak eta argiagoak, berriz, Maroterenak. Ez dira argazki berriak, baina orain arte erakutsi gabekoak; are gutxiago Gandiagan izango duten tamaina handian. Egileek diote, aurrerapausu handia eman dutela bilduma horrekin.

Ixil Ar izenburua ostera,  jolas linguistiko baten ondorioa da, Jon Cazenavek Jorge Oteizaren omenez sortu duena: "Isiltasunaren espazio hutsa da; irudian, botere handia duena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak