Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko atarian, bi oñatiar

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urr. 12a, 10:00

Jose Antonio Azpiazuk eta Jerardo Elortza oñatiarrek, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide egingo dituzte; bazkide izateko baldintzak dira: ikerketa bat egitea, lehenik, eta ondoren, hori jendaurrean aurkeztea. Gaur, zapatua, egingo dute Elortzak eta Azpiazuk hitzaldi bana Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitateko areto nagusian, 11:00etan.

Juan Bautista Mendizabal elkarteko Gipuzkoako lehendakariak emango dio ekitaldiari hasiera. Amaieran, berriz, Amaia Azpiazuk elkarteko sortzaile izan zen Munibe berak idatzitako kantak abestuko ditu, Xabier Ugartek gitarraz lagunduta.

Oñatiko gaiez

Azpiazuk garai bateko bizimoduak ikertu ditu eta Oñatiko Sancti Spirit Unibertsitatearen inguruan jardungo du. Egoitzaren gaineko ikerketa gutxi egin direla dio. Azpiazuk, berak, aztertuta ditu Oñatiko artxiboan dauden dokumentuak (hain zuzen ere, bildumako agiri garrantzitsuenak eta zaharrenak dira). Valladoliden, baina, artxiboaren beste zati bat dago, egoitza itxi zutenean eraman zutena. Horregatik, bada, aurkezpena urteetan eginiko lana azaltzeko aprobetxatuko duela gaineratu du Azpiazuk.

Jerardo Elortzak, ostera, orain arte jarraitu duen ildotik egingo du hitzaldia. 1805 inguruan idatzitako bi libururen gainean egingo du berba, Oñatiko Arrazola Azpiko baserrian, Olabarrieta auzoan, aurkitutako dokumentazioetan oinarrituz. Orduko garaiko bizimoduari buruzko idatziak dituzten Eliz liburuak dira; besteak beste, txokolateari buruz bitxikeria oso interesgarriak daudela dio. Liburuek balio etnografiko eta filologiko handia dutela gaineratu du Elortzak, Oñatiko euskalkia aztertzeko dokumentu aberatsak direla gaineratuz. Batetik eta bestetik eskatzen zioten eginiko lan hori; horregatik, bada, hitzaldiaren aukera aprobetxatuko du zuen guztia batu eta argitaratzeko. Sarean jarriko dute edonoren eskura; horrez gainera, Elkarteko buletinean edo aldizkarian ere argitaratuko dute.

Lanean jarraitzeko aitzakia

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izatea, lanean jarraitzeko aitzakia bat dela diote biek ala biek eta eskuartean dituzten hainbat gauza argitaratzeko bidea ere emango dietela; izan ere, eginiko lanak Elkarteko buletinean argitaratzen dira. Azpiazuk dagoeneko jaso du Elkartetik urte amaierarako, lehen lana egiteko proposamena.

Elkartearen funtzioak

XVIII. mendearen bigarren erdialdean sortu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, ideia trukaketarako helburuarekin. Gure historia, kultura eta euskara ikertu eta bultzatzea helburu duen elkarteak, 250 urte beteko ditu datorren urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak