Urriaren 17an hasiko da epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean; Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuneko ordezkari izandako 36 lagun epaituko dituzte aipatutako auzian –Bixente Enekotegi eskoriatzarra tartean–, eta haien inguruko erabakiari lotuta dago –edo litekeena da egotea– aipatutako ondasun zerrendaren geroa.
Ezker abertzaleko 36 lagun horiek epaituko dituzte ETAko arduradun izatea, ETAko kide izatea edo ETArekin kolaboratzea egotzita. Eta ze parte dute auzian aipatutako elkarteek? Epaiketan elkarte horietako batzuen defentsa eramango duen Unai Iturriotz abokatu arrasatearrak azalpena: "Akusazioan ez dago elkarteekiko aipamen indibidualizatu eta zuzen bakar bat ere, baina zigorra planteatzerakoan fiskalak planteatzen du zigor osagarri bat, zigor printzipalak –inputatuentzako kartzela zigorrak– izango lukeen beste ondorio bat; eta hori da komisoa. Horrek zer esan nahi duen? Delitu batekin zerikusia duten ondasunak –delitu hori prestatzeko erabili direnak, delitua gauzatzerakoan tresna bezala erabili direnak edo delitu horren ondorio direnak– Estatuaren esku geratzen direla".
Iturriotzek dio fiskalak planteatzen duela finantziazio bat egon dela ETAren, aurrez aipatutako alderdien eta elkarteen artean. Alabaina, elkarteetako kide bat ere ez dago inputatuta, eta "kuriosoa da", bere hitzetan, " elkarteon ondasunak afektatuak suertatzea elkarteotako kide ez diren beste pertsona batzuek ustez esan edo ustez egin dutenagatik, haien ustezko jarduera bategatik". Eta gehitzen du: "Gure planteamendua argia da: elkartea elkartea da, bere izaera juridiko propioa dauka eta ez dauka ez ETArekiko ez Herri Batasuna, Euskal Herritarrok edo Batasunarekiko menpekotasunik. Elkarteak hartzen ditu berari dagozkion erabakiak". "Ondasun horiek guztiak elkartearen izenean daude, ez dira ETArenak", dio, ezker abertzaleko alderdi horien izenean ere ez daudela azpimarratuz: "Ondasun horiek elkarteko bazkideen ekarpenekin erosi zituzten eta euren jarduerarekin aurrera eraman". Iturriotzek dio eurek planteatzen dutela kasu honetan ezin dela komisoa gauzatu.
Bazkideen ekarpenez
1980an inauguratu zituzten, adibidez, Arrasateko Irati taberna eta Arrano elkartea. Sortzaileetako bik, Kepa Ormaetxeak eta Mariasun Pagoagak gogoan dute nola 400 bazkide lortu zituzten: "Kuoten bitartez egin genuen aurrera; 1.000 pezeta ordaintzen genituen bakoitzak hilean". Eta hitzok berresten ditu Bergarako Artatse elkartean presidente den Maite Guridik, zera gehituz: "Edozein elkartetan bezala". Eta kutxetan kredituak ere eskatu zituztela dio, eta horiek ordaintzen joan direla poliki-poliki. Zentzu horretan, elkartea beste ezerekin lotzen duen ezer ez dagoela dio Guridik: "Ez paperik ez ezer".
Artatseko presidentearen arabera euren elkartearen jarduerak beste edozein kultura elkarte-elkarte gastronomikorenak modukoak dira. Eta politikari dagokionez, zer? "Egia da elkarte hau izan daitekeela halako kezka batzuk badituen jendearen elkartea; ezin da esan bataren aldekoa edo bestearen kontrakoa denik, baina badaude gure bazkideen artean, orokorrean, Euskal Herriaren edo langileriaren aldeko kezka sozial edo politikoa".
Arrasatearrek badiote, baita ere, herriko hainbat talde eta ekimenek jardun izan dutela euren lokaletan, ateak irekita eduki izan dituztela, eta askotariko gauzak antolatu izan direla haietan. Baina orain beldur dira ateok behin betiko itxiko ote dizkieten –Ormaetxeak, Pagoagak eta Guridik hainbat egunetan joan beharko dute Madrila, epaiketara–.
Balizko epaien gainean mintzo da Unai Iturriotz abokatua ere: “Aukera horietako bat da inputatutako pertsonak kartzelara bidaltzea leporatzen zaizkien delituen egiletzat jota, eta elkarteen ondasunei dagokienez komiso bitartez Estatuaren esku geratzea”; izan ere, Iturriotzek dio auzi honek “konnotazio politikoa erabatekoa” duela. “Beraz, sententzia juridiko soil bat espero izatea gehiegi espero izatea da”. Ostera, epaileak ebatziko balu komisorako arrazoirik ez dagoela, badaezpadako neurriak altxa egin beharko lizkiekete elkarteei –ondasunen bahitura eta kontuen blokeoa, adibidez–.
Gazteen kontrakoa ere bai
Egoera honetan, Libre plataformak –zehazki Oñatikoak– gogor salatu du Estatuaren jarrera, "berriro ere errepresioaren aldeko apustua" egin izana. “Normalizazio politikoa oso urrun” dagoela dio Librek, "beraien lan politikoagatik kriminalizatuak eta epaituak diren pertsona asko" daudela oraindik. "Herri erantzun sendo bat ematea inoiz baino garrantzitsuagoa” dela diote, eta egingo diren protesta eta aldarrikapen ekintzetan parte hartzera dei egin dute. Bergaran, Oñatin eta Arrasaten izango dira halakoak datozen egun eta asteetan.
Hain justu ere, Arrasaten, Irati Libre Eguna egingo dute datorren egubakoitzean, hilaren 11n. Umeendako ekintzak, jan-edana eta musika, kantua eta bertsoak izango dira. Irati Libre Eguna izango da aldarrikatuko dutelako Irati tabernaren –eta beste lokalen– kontrako neurririk ez dezaten ebatzi 35/02 sumarioko epaiketan, eta baita bertako langile den Irati Muxikaren askatasuna ere. Aramaion bizi den gazte amezketarra Segiko kide izatea egotzita epaituko dute, urrian –14an– hasiko den beste makroepaiketan. 2009ko operazio baten ondorioz atxilotutako 40 euskal herritar gazte epaituko dituzte epaiketa horretan.
-----------------
35/02 auziko epaiketa, bi aste barru
Hilaren 17an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean 35/02 sumarioaren epaiketa. Baltasar Garzon epailearen aginduz 2002 urtean abiarazitako auzian Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuneko ordezkari izandako 36 lagun epaituko dituzte, ETAko arduradun izatea, ETAko kide izatea edo ETArekin kolaboratzea egotzita. Debagoieneko hiru elkarteren –tabernak barne– etorkizuna inputatuekiko ebazpenaren araberakoa izan daiteke.
-----------------
Antolatutakoak
Arrasaten:
Urriaren 11n, arratsalde-gauez.
Irati Libre Eguna, Irati inguruan
Urriaren 17an, 19:30ean.
Manifestazioa, Seberotik.
Oñatin:
Urriaren 14an, 19:00etan.
Elkarretaratzea, plazan.
Urriaren 17an, 19:00etan.
Elkarretaratzea, plazan.
Bergaran:
Urriaren 17an, 19:00etan.
Herri harresia-ren irudikapena, plazan.
Bilbon:
Urriaren 26an.
Manifestazio nazionala.
-----------------
Irati muxika (Segiren kontrako auzian auzipetua): "Herritarrak aktibatuz bakarrik lortuko dugu epaiketa hauek geldiaraztea"
Irati Muxika (Amezketa, 1985) 2009an atxilotu zuten. Bi urte egin zituen preso, bermea ordainduta baldintzapean aske geratu aurretik. Urriaren 14an Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko den epaiketan sei urteko kartzela zigor eskaria dute, berak bezala beste 39 lagunek. Euren kontrako frogak "autoinkulpazioak" direla dio Aramaion bizi den gazteak; epailearen aurrean torturak salatu zituztela, baina kasu gehienak artxibatu egin dituztela.
Nolako epaia izatea espero duzu? Juridikoki egin daitekeen defentsa ez dut oso baliagarri ikusten, aurrez erabakitako epai bat izango delako: batzuk bai, beste batzuk ez akaso. Gure kontrako frogak komisarian jaso zituzten, torturapean. Eta egindako jarraipenetatik eta miaketetatik: ez dakit zeinekin bildu zarela, etxean ez dakit ze txosten zenuela... Baina gu torturatu gintuzten poliziak baldin badira gure kontrako frogak eman behar dituztenak, niri horrek ez dit balio.
Eta gaur egun epaiketok egiteari zer deritzozu? Auzitegi Nazionalak inoiz ez du izan zilegitasunik euskaldunak epaitzeko. Baina Aieteko konferentziaren bigarren urtemuga betetzera doanean, ETAren erabakia eta bi urtera horrelako epaiketei hasiera ematea da oztopatzea. Espainiarrek esaten digute hor daudela eta betiko bidean jarraituko dutela: errepresioa, kartzela, atxiloketak, epaiketak... Agerikoa da borondaterik eza.
Nola ikusten duzu jendartea epaiketon aurrean? Auzipetuok herritarrengan eta ingurukoengan dugu jarrita konfiantza osoa. Epaiketa Madrilen izango da, baina fokua Euskal Herrian egongo dela badakigu. Herritarrak aktibatuz bakarrik lortuko dugu epaiketa hauek gelditzea eta aurrerapausoak ematea konponbidean. Irati Libre dinamika martxan dago eta atxikimenduak biltzen ari gara, eta Aramaion ere egin zen batzar bat. Hori da bidea Estatua baldintzatzeko, urratsak eman ditzan.