Goiena gida, geroago eta osatuago

Ubane Madera 2013ko urr. 11a, 10:29

Martxan da 2014ko gida, Goiena Komunikazio Taldeak lantzen duena, eta urte hasieran banatuko dute Goienako bezeroen artean; 20.800 etxetara iritsiko da. Erronka inportanteak ditu, gainera: izan ere, orain artekoari eutsi eta berritasunak eskainiko ditu, merkatuko beharren arabera.

Hiru euskarritan izango da datorren hau ere. "Paperean urte asko goaz (2000tik) gida kaleratzen. 2010ean, berriz, ikusi genuen inportantea zela Interneten egotea ere, Internetek hartu zuen indarra ikusita. Eta 2013ko gida prestatzen hasi ginenean (iaz) pentsatu genuen Interneten dagoen bezero horri zerbait hobea eskaintzea. Eta gure eskaintza izan zen orri propioa eskaintzea: bezeroaren direktorioan (izena, helbidea eta telefonoa agertzen den lekuan) klik eginda. Mapa ere gehitu genuen. Googlek hala ohitu gaituelako. Horrez gainera,  iaz Goienak atera zuen smarphoneetarako aplikazioa, eta hor bolkatu zen gidako estruktura guztia. Hala, iaztik aurrera dago aukera gidako bezero guztiei zuzenean telefonoz deitzeko. Hori asko gustatu zen. Ze, adibidez, edozein zerbitzu behar duzula ere, momentuan duzu bertara deitzeko aukera", azaldu du Mireia Larrañagak, Goienako Komertzial Saileko arduradunak. Eta hark adierazi du aurten ere izango dela horretarako aukera.  

Zabalkundea: 20.800 etxe

Larrañagak Goienaren gidaren zabalkunde handia eta horrek duen garrantzia ere nabarmendu gura izan ditu. "Papereko gida jasotzen dute bertan azaltzen diren bezeroek, eta egubakoitzeko GOIENA Papera jasotzen duten bezero guztiek. Zabalkunde inportantea da, 20.800 etxetara iristen da". Internetari dagokionez, berriz,  esan beharrik ez dago aukera ematen duela berorrek edozein lekutan egonda ere gure bailarako informazioa jasotzeko, nahiz eta gure bailaratik kanpo egon.

Denden erakusleiho birtual

Bestalde, urtero dakartza berrikuntzak gidak eta aurten ere hala ekarriko ditu. "Ikusi duguna da inportantea dela bezeroari aukera ematea berak dendan dituen produktu horiek gidan bertan erakusteko; hau da, erakusleihoa eskaintzea bezeroari. Ez da erosketa leku bat, da erakusleihoa. Hala ere, aukera izango luke bere eskaintzak erakusleiho horretan jartzeko. Modu horretan, on-line horrek lagunduko luke gure bezeroen off-lina indartzen eta jendea dendara erakartzen", azaldu du Larrañagak.

Webgune eta guzti

Erronka inportanteak ditu, beraz, aurtengo gidak: orain artekoari eutsi eta berritasunak eskaini, merkatuko beharren araberakoak: "Inportantea ikusi dugu negozio txikiak ere sarean egotea. Lehen esandako bidearekin (gida barruko orritxoarekin) aukera hori bermatzen dugu; eta, behintzat, diseinu oinarrizko batekin Interneten dago. Baina nahi dugu harantzago jo, eta nahi dioguna da bezeroari identitate propioarekin (bere izenarekin) sortutako webgunea eskaini. Modu horretan ahalik eta gehien pertsonaliza dezake bere orria, eta, gainera, bilatzaileetan lehenengoetakoak agertzeko aukera ematen dio Interneten. Eta beste tipologia bateko bezeroak erakartzeko aukera ere ematen dio". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak