Aparteko dirutik 569.000 euro, Oñati-Arantzazu errepiderako

Leire Kortabarria 2013ko urr. 14a, 02:00

Foru Aldundiak defizitaren malgutzearen ondorioz izango dituen 18 milioi euroak inbertitzeko proposamena aztertzen dabiltza Batzar Nagusiak eta, ustekaberik ez badago, onartu egingo dute. Horren barruan aurreikusitako inbertsio handienetako bat Oñatitik Arantzazura doan GI-3591 errepidea konpontzeko izango da; hain zuzen, 569.000 euro ipini nahi ditu Foru Aldundiak horretarako. Errepide horrek 8 kilometro ditu eta dezente hondatuta dago.

Batzar Nagusiek datozen egunotan erantzungo dute proposamenaren gainean. Foru Aldundiko iturriek azaltzen dutenez, "aurrekontuen aldaketa proposamen bat da, eta gainera, aurtengo aurrekontuena; beraz, lehenbailehen erabakiko dute Batzar Nagusiek". Azpimarratu dutenez, proposatu diren proiektuak "ez dira berriak", 2013ko aurrekontuetan aurreikusitakoak baizik.

Udalendako, 6 milioi

Inbertsioaren ardatz nagusiak hiru izango dira, Foru Aldundiak egindako proposamenaren arabera: bide azpiegiturak hobetzeko ekintzak (7.421.800 euro), udal inbertsioak bultzatzeko plana (6 milioi) eta tokiko enplegu plana (3,15 milioi). Bide azpiegituretan, bigarren inbertsio handiena da Oñatiko errepidea txukuntzeari dagokiona, Irungo oinezkoen pasabidearen (990.000) atzetik.

Gizarte zerbitzu arloko ekintzetarako 1.825.175 bideratu nahi ditu Foru Aldundiak. Tartean daude 887.000 euroko inbertsioa gutxitu, mendeko eta babes bako adingabeendako hainbat zentrotan "presazko erreformak" egiteko; Getariako eguneko zentrorako 500.000 euroko partida; eta Gureak tailerretarako beste hainbeste.

Partida txikiagoak badira ere, kulturan, ingurumenean eta ekintza puntualetan ere inbertitu gura du Foru Aldundiak. Hala, Ondartxoko Itsaso-Kultura Zentrorako 300.000 euro ipini nahi ditu; 200.000, Santa Teresa komentua txukuntzeko; eta 100.000, Errenteriako Udalarendako, Dantzari Lekuona proiektuan inberti dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak