Kontsumo eredua aldatzeko asmoz, Erein Da Jan kooperatiba aurkeztu dute Aretxabaletan

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko urr. 10a, 12:57

Lehenengo sektorearen eta kontsumoaren egoerarekin kezkatuta, eta kontsumo eredua aldatzeko asmoz, Erein Da Jan izeneko kooperatiba bat eratzeko prozesuan daude Bagararekin batera, 8-10 pertsonako talde eragile bat Aretxabaletan. Atzo egin zuten jendaurreko aurkezpena eta interesatu ugari bertaratu ziren. Sortzaileen asmoa da orain kooperatibarendako bazkide berriak lortzea.

"Ikusten genuena da interes batzuk dituen kontsumo mota dagoela ezarrita merkatuan eta bertako kontsumoa ez zela egokia", azaldu digu Erein Da Jan-en talde eragileko Asier Agirrek.

Horri aurre egin nahian, kooperatiba bat eratzeko prozesuan daude eta horren lehenengo fasea atzo abiatu zen jendaurrean egin zuten aurkezpenarekin. Hauxe da lehenengo fasean planteatzen dutena: supermerkatu bat edukitzea bailarako ekoizleek euren produktuak bertara eramateko eta kontsumitzaileek aukera izatea bertako produktuak kontsumitzeko. "Gure helburua izango da ahal dela produktu ekologikoak izatea, baina horrek ez du esan nahi beste produktu batzuk egongo ez direnik", azaldu digu Agirrek. Eta beste hau gaineratu digu: "Guk nahi duguna da bailarako edozein ekoizlek ekartzea bere produktuak denda horretara eta bertatik kontsumitzaileek, kooperatibako bazkide izan edo ez, produktu horiek kontsumitzea".

Edozein modutan, proiektua ez litzateke horretan bakarrik geldituko, hori lehenengo fasea besterik ez litzateke izango eta sortzaileen asmoa da proiektua "haratago" eramatea.

Bazkide egiteko deia

Erein Da Jan kooperatibako bazkide egiteko deia zabaldu diete debagoiendarrei sortzaileek. Hala ere, adierazi dute dagoeneko jendea bazkide egiten dabilela eta momentuz jende dezente elkartzen ari dela. Azaldu dute baita ere euren asmoa dela bailara mailako jendea batzea proiektura, baina bailarakoak ez diren pertsona batzuk ere interesatuta daudela proiektuarekin eta horiek ere begi onez ikusten dutela proiektua.

Interesa dutenek bazkide egin ahal izango dira Aretxabaletako Bagararen egoitzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak