Industrialdeetako enpresek elkartu beharra daukate, lehenbailehen

Leire Kortabarria 2013ko urr. 10a, 02:00

Elkartzeko kultura eta, batzuetan, horretarako motibazioa falta dira; antolakuntza eskasa dago; administrazio publikoen eta enpresa askoren artean, arazoak eta ondorioak ikusteko nahi edo  gaitasun txikia… Asko dira industrialdeek dituzten arazoak eta gabeziak, eta horiek garaiz ez konpontzeak herrialde osoaren garapen ekonomikoa konprometitu dezake. Horiek izan ziren eguaztenean LKS Ingeniaritzak antolatutako Los retos para los polígonos industriales en la crisis económica mahai-inguruaren ondorio batzuk.

Industrialdeak sortzen esperientzia handia du LKSk, eta azkenaldian oso kezkatuta dago haietan antzeman duen egoera dela-eta. Ekonomia, industria eta merkataritzako erakunde publiko eta pribatuetako hainbat ordezkari joan ziren mahai-ingurura, eta bistan geratu zen haiek ere kezka berbera dutela, baina ez dagoela argi ze pauso zehatz eman behar den hurrengo. Ordea, garbi geratu zen soluzioak enpresak elkartzetik, ardurak onartzetik, kontzientzia hartzetik eta administrazio publikoari kontzientzia harraraztetik etorriko direla. 

Hondatze-espiral azkarra 

LKSk Baiona eta Iruñea inguruko industrialdeak konparatu eta aztertu ditu, eta Jose Luis Azkaratek atera dituzten ondorioak jakinarazi zituen. Azpimarratu zuenez, ezkortasunerako arrazoi asko egon arren, "pentsaera baikorra eta proaktiboa" bultzatu nahi da.

Industrialdeen gaur egungo arazoetan "zerikusi handia du industrialde bakoitzaren jatorriak", eta arazo gisa aipatu zituen hauek, besteak beste: ez dute planifikazio egokirik eta "urbanismoaren kultura industriala falta da" Euskadin; administrazioak ematen dituen zerbitzuek "gabeziak dituzte", industrialdeen sarrerak ez dira zaintzen eta askotan ez daude behar bezala seinaleztatuta; "enpresa askok duten sentsazioa da udaletik fiskalitate bikoitza jasotzen dutela", adibidez hondakinen kudeaketan; eta mantenu eta zaintze-kultura txikia dago norberaren enpresatik kanpo. Adibide batzuk eman zituen: Gasteizen, N-1etik bistara dagoen industrialde bateko espaloiari ez dio inork inoiz erratza pasatu; Jundizko hiltegi zaharreko industrialdea itxita dago eta "industrialdeek oso bizitza-ziklo azkarra dute, eta alde zaharrak oso azkar husten dira; politika industrialak gero eta industrialde gehiago egitekoak dira, eta inor ez da arduratzen hustutako lekuak betetzeaz. Eta horrelako ingurune baten, hondatze-espiral azeleratu baten sartzea oso erraza da. Horrek herri osoari eragiten dio", iragarri zuen Azkaratek. Eta Debagoienean bertan, galtzen uzte horren adibideak eman zituen: Arrasaten, Polmetasako industrialdean "jarduera aldaketa bat" egon dela eta horrek "eragina" izan duela esan zuen.

Elkarlan publiko-pribatua 

Kalte horien aurka lehenengo pauso bat elkarteak sortzea izan daiteke, Azkarateren arabera. Baina "elkartze-maila txikia da; Espainian, afiliazio-maila ez da % 30era iristen", eta gauza bera gertatzen da euskal industrialdeetan. "Pirinioetatik bestaldean, ordea, % 100 daude elkarte baten".

Arrakastaren gakoa enpresa pribatuen eta erakunde publikoen arteko elkarlanean dagoela dirudi; Azkarateren esanetan, "Frantzian duten elkarlan publiko-pribatua kopiatzeko oso interesgarria da". Ondoen zainduta dauden guneek "antolakuntza ona dute atzetik", esan zuen LKSko adituak. 

Enpresak elkartzera nola animatu eztabaidatu zen mahai-inguruan. Debegesako Luis Laskurainek etxebizitzetako bizilagun elkarteekin duen esperientzia erabili zuen konparaketa egiteko: "Nik 1987 inguru entzun nituen kezka horiek lehenengo aldiz, baina bizilagunei aplikatuta. Azken urteetan, kanpotik behin eta berriz eraginda, lortu da elementu komunetan lan egitea". Bere iritziz, "ezinbestekoa da industrialde bateko enpresa guztiek komunitate kontzientzia izatea", eta baita "nahi edo arazo komun bat izatea", elkartzera motibatuta sentitu daitezen. "Gakoa da enpresa guztiek industrialde horren arazoa bere egitea, eta gero has gaitezke ardurak banatzen".

Lege aldetik hutsunea dago 

Administrazio publikoaren jarrera mahai gainean ipini zuten ere. Izan ere, industrialdeetako pabilioiak eta lantegiak pribatuak dira, eta espazio publikoak, jabego publikokoak. Horrek eragiten du lantegi bakoitzetik kanpo dagoena errazago utzita geratzea, inor horretaz arduratu gabe.

Azkarateren iritziz, "enpresek zergak ordaintzen badituzte, udalek mantendu beharko lukete, baina industrialdeen arazoak administrazioek ez dituzte ikusi ere egin nahi. Eta hori erreibindikatu behar dute enpresek". Gaineratu zuenez, "enpresa-ekimenek bultzatu behar dute administrazioa, horrek ez dielako bere kabuz gainbehera-espiralei aurre egingo". 

Garapen Agentziako zuzendari Koldo Azkoitiaren iritziz, "industrialdeak birgaitzeko iniziatibek aktibitate ekonomikoa bultza dezakete. Ekintza mistoak egin daitezke, administrazio publikoak gazteen enpleguaren alde eginda eta birgaitzeari gazte taldeekin oratuz. Baina beti elkarlan publiko-pribatu baten bidez egin beharko da". 

Parte-hartzaile batzuk legez enpresak edo baita administrazioak ere elkartzera behartzearen alde agertu ziren. Edozein modutan, "lege aldetik hutsunea dagoela ondo identifikatutako arazo bat da", Jose Luis Azkarateren esanetan. Herrialde anglosaxoietan dagoen tradizioa azaldu zuen: "Herrialde horietan, industria komunitateetan arazo jakin bat dagoenean eta plangintza bat egiten denean, administrazioari plangintza hori betearazteko legeak daude eta itun publiko-pribatuak egiten dira; arazoa konpontzen denean, elkarte horiek desegin egiten dira. Hemen ez dago horren kulturarik".

-----------------

Ekonomiaren traktoreak dira, baina nor bere aldetik doaz

4.800 parke pasatxo: enpresa-parkeak Espainiako BPGren % 50 baino gehiago dira, eta Gizarte Segurantzaren afiliazioen % 16. CEPEren (Espainiako Enpresa-parkeen Koordinakundea) arabera, Espainiako 4.800 pasatxo parkeetatik bakarrik %20k dute erakunde kudeatzaileren bat.

Gestio faltari irtenbide bila: LKS Ingeniaritza aspaldian dabil parke eta industrialdeen egoeraz kezkatuta. Iazko irailean, CEPErekin elkarlan hitzarmena sinatu zuen, Hego Euskal Herrian eta Espainian dauden industrialdeen gestio faltari irtenbideak topatzeko.

Kultura desberdinak: LKSko Jose Luis Azkarateren esanetan, "ez dago 50 urte baino gehiagoko industrialderik, eta ez dakigu haiek ondo edukitzen; ez daukagu kultura hori". Iparraldean eta Frantzian, oso bestelakoa da kontua: "Industrialde txikiagoak dituzte, baina hemen baino askoz hobeto zaintzen dituzte".

Afiliazio maila txikia: Iparraldean eta Frantzian "enpresen afiliazioa % 100 da; denek ezagutzen dute elkar, elkarrekin hitz egiten dute…", esaten zuen Azkaratek. Hego Euskal Herrian eta Espainian, enpresen elkarteen afiliazio maila % 30 baino txikiagoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak