Hur Gorostiaga: "Ikastolara datozen haur guztiak onartzen ditugu, toki arazoak ahal bezala konponduz"

Leire Kortabarria 2013ko urr. 9a, 02:00

Seaskak, Iparraldeko Ikastolen Elkarteak, leku eskasia arazoak ditu aspaldian. Ikastola berria eraikitzea debekatu berri dio Hendaiako Udalari Pauko epaitegiak. Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak dioenez, "80 ikasle behin-behineko lokaletan daude, aterpe eta jangelarik gabe".

Ze egoeratan utzi zaituzte Hendaian ikastola egiteko debekuak?

Hendaian 260 haur dauzkagu eta 160rendako geneukan ikastola. Udalak erabaki zuen ikastola berria egitea, baina suprafetak mehatxu-gutuna bidali zuen esanez erabaki hori kentzeko, bestela auzitara bidaliko zuela. Udalak gehiengoz eta demokratikoki hartutako erabaki horri eutsi zion, eta suprafetak auzitara eraman zuen. Auziak behin-behineko suspentsioa eman du. Kasik urte batez atzeratzen da auzitegiaren erabakia, baina proiektua izoztu edo bertan behera geratzen da. Baditugu gutxienez 80 bat haur gaur egun behin-behineko lokaletan, aterperik gabe euria egiten duenean, jangelarik gabe eta oso egoera txarrean. 

Bitartean, Beskoitzen ikastola berri bat eraiki dugu ikasturte hasieran, eta hor Udalak jartzen zigun lursail bat alokairupean, eta hori ere, nahiz eta ordaindu, debekatu nahi dio suprafetak Udalari. Beraz, Estatuak ikastolak jopuntuan ezarri ditu eta horri erantzun beharko zaio. Ondoko asteetan ditugu bilerak, ikastola guztien artean, ikusteko ze erantzun eman.

Falloux legea dago honen sustraian, Frantziako Estatuari ikastetxe pribatuak finantzatzea debekatzen diona. Zer diozu?

Falloux legea 1850ekoa da, estatua eta eliza oraindik bereizita ez zeudenean eskola katolikoak babesteko egindakoa. Baina 150 urte beranduago, eskola kristauak babesteko egin zen lege bat gure kontra erabiltzen dute, eta gu erabat laikoak gara; beraz, zentzugabekeria da. Ibili gara joan den urtean hainbat manifestaldi egiten, eta alderdi sozialistaren egoitza ere okupatu genuen joan den udan. 

Uztailean bilera izan zenuten Parisen. Ezer onik irten da hortik?

Barne, Kultura eta Hezkuntza ministerioekin bilkura izan genuen eta argi eta garbi ikusi genuen Barne Ministerioak duela gidatzen hizkuntza politika frantziar mailan, nahiz eta berez ez legokiokeen berari, baina hizkuntza politikan Valls ministroak errana du Korsikan ez dela onartuko koofizialtasunik, eta nahiz eta Hollande iritsi zenean boterera hitz eman zuen hizkuntzen lege bat egingo zuela, badirudi Frantzian orain ez dugula lehen ministro ez presidenterik, baizik eta barne ministro oro-ahaldun bat.

Eusko Jaurlaritzaren babesa, behintzat, badu Seaskak.

Babesa, morala eta teorikoa, bai, badugu, izan ere, 2012an, Lopezen gobernuak hitz eman zigunetik ez zen deus iritsi, eta gobernu berria iritsi zenetik zehaztekoa dugu ea sosetan laguntza emango diguten edo ez. Baina sostengu morala badugu, eta sostengu denak ongi etortzen dira. Gainera, sostengua ez da bakarrik Jaurlaritzarena; hainbat herritar, elkarte eta bestek ere sostengua adierazten digute urtero, eta momentu zail hauetan, bereziki.

Bestalde, Gipuzkoako Diputazioak Xalbador ikastegia egiteko 6.000 euroko laguntza onartu zuen, baina gobernuko delegatuak hori auzitara eraman duela dirudi, erranez Gipuzkoak ez zuela konpententziarik. Espero dugu laguntza hori ere ez digutela desbideratuko.

Gobernuarekiko harremanak gorabeheratsuak izan dira, baina inoiz akordioak ere lortu izan dituzue…

Beti lortu dira akordioak indar-harreman baten ondorioz. Ez digute inoiz deus eman. 80ko hamarkadan hainbat gurasok 30 eguneko gose greba egin behar izan zuten lehen onarpen bat lortzeko; gerora hainbat okupazio izan dira, eta oroitzen naiz ere 80ko hamarkadan Realak jokatu behar zuela partidu bat eta debekatu egin zutela partidu hori, eta sekulako istiluak izan zirela; guk uste genuen beste garai bateko kontuak zirela horiek. Baina egia da beti indar-harreman batera bultzatzen gaituztela, guk nahi ez duguna; gu hezkuntza eragileak gara eta badugu besterik egiteko, baina ez digute ezer eman nahi musu-truk, eta sozialistek hainbat aldiz egin duten bezala, berriz atzera egiten dute eta hitza jaten dute. 

Eta hori horrela izanda ere, Seaskak hazten jarraitzen du.

Bai. 31 ikastola –lizeo bat, hiru kolegio eta 27 lehen mailako ikastola– eta 3.100 ikasle inguru ditugu. Ikastolek sekulako arrakasta dute, D ereduko sistema bakarra baita, eta sekulako emaitzak lortzen ditugu. Kultur mailan eta pedagogia mailan hainbat abantaila ditu ikastolan izateak. 

Garapen betean gaude, eta aurten 150 ikasle gehiago eskolaratzen ditugu eta aterbea emango diogu honi modu batera edo bestera, eta gauza bat argi dugu: hemen herritar, udal eta hautetsi gehiengo handi batek sostengatzen gaituela eta Pariseri ideia aldarazi beharko diogula.

Euskara nahi adina transmititzen da Iparraldean?

Gero eta gutxiago. Hiltzen diren zaharren % 60 euskaldunak dira; aldiz, sortzen direnak, %10-15 izango dira euskaldunak edo euskalduntzen direnak. Eta horri gehitu behar diogu gaur egun Ipar Euskal Herrian bizi diren biztanleen % 50 kanpotik etorritakoak direla eta datozen 5-6 urteetan beste 30.000 biztanle etorriko direla kanpotik, eta horiek euskalduntzeko ez dagoela inongo plangintzarik. Guk susmatzen dugu haien asmoa dela gure hizkuntza poliki-poliki itzaltzen uztea, esateko eurek lagundu zutela baina, hizkuntza ahula zenez, hil egin zela. Heriotza hori kudeatu nahi du Estatu frantsesak, baina gu ez gaude prest.

Seaskako ikasleen etxeetan euskaraz egiten dute?

Ez; gaur egun gehiengoak guraso frantsesdunak dira. Horregatik, ikastola batera heldu baldin badira guraso batzuk, haien haurra ikastolan jarri nahi dutela erranez, nahiz tokirik ez izan, guk onartu egiten ditugu ume horiek, bestela haur horiek frantses izatera kondenatuko genituzke, eta gure hizkuntzak ezin du horrelako luxurik izaten, beraz datozen haur guztiak hartu eta lokal arazoak ahal bezala konpontzen ditugu.

Beste hizkuntza gutxitu batzuetako ikastetxeekin harremanetan dago Seaska, ezta?

Bai, hala da, eta azken urteetan, hemen egin den bezala, han ere saihesbideak aurkitu dituzte finantzazio batzuk lortzeko, baina estatuak bere jarrera gogortu nahi duela badirudi eta, egia erran, Ipar Katalunian, Alsazian, Okzitanian eta Bretainian guri begira eta beldurtuta daude, ea ze bilakatuko den egoera hau. Horiekin ere biltzen gara, eta noizbait konponduko da gaia, baina momentuz atzera goaz.

Etorkizun hurbila nola ikusten duzu?

Zailtasunak ezarriko dizkigute baina gu ez gaude horretan gelditzeko prest, eta beharra izan dugunean beti Euskal Herri osotik sostengua jaso izan dugu; duela gutxi ere Oñatin izan ginen, eta Laixan elkarteak Beskoitzeko ikastolarendako dirulaguntza eman zigun. Aurrera egingo dugu, ez dugulako beste erremediorik aurrera egitea baino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak