Aluminioa batzeko kanpainarekin jarraituko du ikasturte honetan Arizmendi ikastolak

Iure Eizagirre 2013ko urr. 7a, 13:07

Arizmendi ikastolak gutuna bidali du bere ikasleen etxeetara aurten ere Zu behar zaitut elkarteak aluminioa biltzeko garatzen duen kanpainarekin bat egingo duela jakinarazi eta laguntza eskatzeko. Ester Merino ikastolako Bizikidetza arduradunak azaldu duenez, "udako hiru hilabeteetan lasaitu egin gara eta gutunaren bidez gogorarazi nahi izan diegu ikasturte honetan ere jarraituko dugula egitasmo honetarako bilketa egiten".

Zu behar zaitut elkarteak garuneko paralisia edo antzeko gaixotasunen bat duten umeen aisialdia bultzatzea du helburu. Kanpaina honekin, berriz, bi asmo betetzen ditu: batetik, familiei eta haurrei laguntzea eta bestetik, aluminioak ingurumenari eragiten dion kalteaz jendea kontzientziatzea.

Aurreko ikasturtean zabaldu zen aluminioa biltzeko kanpaina Arizmendi ikastolako zentro guztietara eta egun, denetan dago aluminioa uzteko kutxa bat egokituta. Horregatik eskatu zaie gurasoei etxean aluminioa batzeko eta gero umeei eskolara eramateko ematea. Zentroetan batutako materiala ikastetxeetako mantentze lanetako arduradunek eramaten dute Zu behar zaitu elkartearen egoitzara.

Elkarlanean

Egitasmoa txertatzen aitzindariak Eskoriatzako Almen zentrokoak izan ziren eta gero zabaldu zen gainerako zentroetara.

Eraikin ezberdinetako Batxilergoko lehen mailako ikasleek gaia landu zuten aurreko ikasturtean bai euren tutoreekin bai elkarteko Marisol Andraderekin. Honek azaldu zien ikasleei zein kaltegarria den aluminioa naturarendako eta bide batez, hau bilduta elkartasun keinu bat egin zezaketela azaldu zien.

Ikasle horiek izan ziren eurak baino txikiagoei gaiaren garrantzia azaltzearen arduradunak: maila ezberdinetako haur eta gaztetxoei zuzendutako emanaldi eta materiala prestatu zuten. "Txikienei antzezlan batekin azaldu zieten kanpainaren arrazoia eta pixka bat helduagoendako PowerPoint bat prestatu zuten".

Lan hari esker, ikasturte berrian ikasle txikienei helduagoek azaldutakoa gogora ekartzea nahikoa izango da kanpaina zailtasunik gabe berreskuratzeko. Hala uste du Merinok.

Herrietan ere bai

Ester Merinok gogorarazi du Arizmendi ikastolan ez ezik, zenbait herritan ere badaudela kaxak jarrita aluminioa bildu eta Zu behar zaitut elkartearen kanpainarekin bat egiteko. "Arrasaten eta Aretxabaletan hainbat dendatan daude, esaterako". Gaineratu du denok lagundu diezaiekegula beharra duten haurrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak