Ruper Ordorika: "Ez dut euskal kantu onenen antologia bat egin gura izan"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urr. 7a, 13:01

Gustuko dituelako, kantu hurbilak dituelako, bertsionatutako taldeak aspaldiko lagunak dituelako, garai baten elkarrekin kantatu izan zutelako edo gehienen telonero izan delako; horiek dira, besteak beste, Ruper Ordorikak kaleratu berri duen Azukre koxkorrak diskoan batutako kantuen bildumaren aitzakiak. "Gutizia bat izan da" dio Oñatiko musikariak; diskoaren izenburua oinarri hartuz, berriz: "euskal musikariok edaten dugun infusio horretan dauden urtutako azukreak koskortu egin ditut berriz ere".

Ez du erantzun zehatzik baina, diskoa orain kaleratzearen gainean galdetuta: "Gauzak egin egiten dituzu eta orain, berriz, pentsatzen jarrita, nik uste, barru-barruan nuela horrelako lan bat egiteko gogoa. Egin ditudan lan gehienak talde moduan aurkeztu izan ditut eta kasu honetan gehiago. Zuzeneko taldekide (Harkaitz Miner, Lutxo Neira eta Hasier Oleagarekin) eta teknikoarekin (Jonan Ordorika) grabatu dut. Bost urte elkarrekin egin eta gero, batuago gaude eta sonoritate bat dugu; egokiera ona zela pentsatu nuenez, kantuak proposatu nizkien, jolastu eta gure esparrura ekarri genituen. Nire asmoa, kantu guztietan musikarien aldean jarri eta garai hartako ikusmoldean kokatzea izan da. Geureganatu egin ditugu baina originalak errespetatuz". Ben Monder oñatiarraren aspaldiko lagunak ere parte hartu du.

Kantuen aukeraketaren zergatiaz, Ruper Ordorika:

  • Sigarrillos Amariyos:Hertzainak-en kantu berezia da, musikalki eta esanahigatik. Garai bateko bizimodua isladatzen du. 
  • Ezekielen Prophezia: Sarritan abestu nuen abestia, Itoiz-ekin eta Juan Karlos Perezekin geroago. Gertuko kantua dut. 
  • Sarri Sarri: Kortatu-ren kantuaren sorreran izan nintzen eta ez nuen uste sekula joko nuenik. Diskoari oinarri ona eman diola uste dut.
  • Garraztasuna: Beti gogoan izan dut Koska talde handiaren kantua. Oroitzapen garbia dut ume denboretan Oñatiko jaietan ikusi nituenekoa.
  • Txakurren partia: Hurbileko lagun batek proposatuta aukeratu nuen Txomin Artolarena. Txuriko txakurraren istorio polita.
  • Kanpo: Izugarrizko taldea zen Iparraldeko Errobi. Zuzenean ikustea sekulako deskubrimendua izan zen.
  • Emazurtz: Natxo de Feliperen bitartez ezagutu nuen Gabriel Aresti; balio handi moduan gordetzen dut une hori. 
  • Izarren hautsa: Diskoaren abiapuntua izan da. Euskal olerkariei buruz iaz Galizian egin zuten jaialdirako prestatu nuen.
  • Nahia: Delirium Tremens-ekin harreman estua izan dut eta oso gustuko beti, Andoniren kantatzeko era.
  • Ama Euskadi: Umetatik dut gogoan, Jean Mixel Bedaxagarren kantua baina Niko Etxart eta haren aitaren bertsioa erabili dut.
  • Non duzu zauria?: Estribillo baten indarraren adierazle da, aspaldiko lagunak ditudan  Balerdi Balerdiren kantua.
  • Gure bazterrak: Mikel Laboa handiaren omenezko Txinaurria diskorako egin nuen.

Hitzetan ere moldaketa batzuk

Oñatiarrez kantatu du Sarri-Sarri, baina orokorrean, bere horretan utzi ditu kantuen hitzak, nahiz eta egokitzapen bat edo beste egin behar izan duen: "Bestelakoa zen garai baten zegoen euskara maila edo euskara ikasteko zegoen aukera; azpiko hizkuntza bat zen eta akatsak agertzen dira han eta hemen. Hitz batzuk eguneratu egin ditut" dio Ruper Ordorikak.

CDan eta sarean entzungai

D formatuan dago diskoa eskuragarri orain, eta LP formatuan ateratzeko asmoa dute Elkarrekoek Durangoko Azoka helburu. Hala ere, badago sarean entzun eta erosteko aukera ere, Spotify bidez: "Elkarrekoek dute horren erantzukizuna. Anabasa batetan gaude; lehen horrelakorik ez zegoen, neurri eta bide berriak probatzeko garaian gaude".

Sarean entzuteko:

Zuzenekoen agenda

Elgetako Espaloian izango da abenduaren 29an. Aurretik baina, hainbat dira lotuta dituen emanaldiak: herri txikietan egingo ditu zuzeneko lehenengo frogak, Nafarroako Ituren eta Mirafuentesen; Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izango da azaroaren 24an; Durangoko Plateruenan, azaroaren 29an; Bilboko Kafe Antzokian abenduaren 14an eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoan abenduaren 27an. "Ez dakit nola sartuko dugun disko hau zuzenekoetan, baina asmatuko dugu zer edo zer", dio irribarrez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak