Arantza Tapiak, Energia eta Meategien zuzendari Javier Zarraonandiarekin eta Pilar Urrutikoetxea, Energiaren Euskal Erakundeko zuzenari nagusiarekin batera, bilera izan zuen Euskadiko enpresa-erakunde guztiekin, paperaren klusterrekin, nekazaritzako elikagaien eta energiaren industriarekin, baita energia-kontsumo intentsiboko ekoizpen-industriekin ere, eta guztiek ere euren zuzeneko kostuetan erreforma izaten ari den inpaktua azaldu zuten.
Industria ministroarekin, Jose Manuel Soriarekin orain gutxi izan duen bileraren berri eman zien sailburuak industria eta ekonomiako ordezkariei. Soriari eman zion Tapiak erreformak euskal enpresan duen inpaktuaren gaineko atariko azterlan bat. Zenbait proposamen kontuan har zitezen eskatu zuen Tapiak, baina, bere esanetan, oraindik ez du erantzunik jaso.
Eusko Jaurlaritzak enpresentzako laguntza teknikoko eta aholkularitzako sistema bat ezartzeko konpromisoa hartu du, klusterren bitartekotzaren bidez, kasuz kasu faktura elektriko bakoitzaren berezitasunak aztertzeko eta kasu bakoitzerako soluzio teknikoak bilatzeko, fakturen kostuak txikitzeko.
Sektoreen arabera erreformak duen eraginari buruzko informazioa modu zehatzagoan jasotzeko, EEEk galdera sorta bat landu du enpresek dagokien klusterrarekinbete dezaten.
Beste neurri batzuk ere bai
Laguntza horrez gain, zenbait ekimen planteatu ditu dagoeneko Eusko Jaurlaritzak, eta Industria Ministerioari jakinarazi dizkio guztiak ere. Besteak beste, kalteak arintzeko neurriak, Europan sektore estrategikoei egiten zaizkien salbuespen edo bonifikazioak aztertzea, egokitzapen-epeak malgutzea eta beste batzuk.