Uraren eta Errekaren Astea, herritarrak sentsibilizatzeko

Irati Goitia 2013ko urr. 2a, 17:59

Uraren eta Errekaren Astea antolatu du Mankomunitateak urriaren 13tik 19ra herritarrak kontzientziatzeko helburuarekin, besteak beste. Egingo diren ekintzen artean, Deba ibaia garbitzeko deialdia eta araztegietara bisitak dira azpimagarrienak.

Deba ibaia arrantzarako edo bainua hartzeko gune bezala erabili ohi zela entzun izan dugu. Egun, baina, hori imajinatzea zaila dela adierazi du Jon Pereda Mankomunitateko Ingurumen arduradunak, azken 50 urteotan Deba erreka kutsatuta joan da-eta: "herritar askok ibaia beti ezagutu dugu kutsatuta. Jaio ginenetik egoera horretan ezagutu dugu. Guk ez dugu bizi izan gure gurasoek ibaiarekin zuten harremana".

Ibaia garbi ikusteko "ilusioa"

Egun, baina, "ilusio" une batean bizi garela esan du Peredak: "Epeleko araztegia martxan jarri zenetik, ibaia askoz garbiago doa". Hala ere, jasangarritasunaren bidean, urratsak ematen eta inbertsioak egiten jarraitzea ezinbestekoa dela gaineratu du. Hala, zehaztu du azken urteotan bailarako udalek inbertsio handiak egin dituztela, esaterako, ur zikinen eta euri uren kanalizazioak bereiztu dituztela bi sare osatuz.

Peredak esan du, baina, hori ez dela nahikoa. Horrekin bakarrik ez dela lortzen ibaia garbi joatea eta gaineratu beharrezkoa dela herritarren ohituretan eta jokabideetan eragitea: "herritarra urak eta ibaiak duen garrantziaz inoiz baino gehiago sentsibilizatu behar da. Araztegia martxan jarri delako, herritarrek ezin dute nahi dutena egin. Hain zuzen, araztegia martxan jarri den une honetan, herritarrek ardura gehiago izan behar dute egunerokotasunean".

Uraren eta Errekaren Astea

Hala, mankomunitateak herritarrak kontzientziatzeko helburuz, Uraren eta Errekaren Astea antolatu du urriaren 13tik 19ra bitarte.  Hainbat ekintza izango dira: batzuk, komunak izango dira bailarako herri guztietarako, eta beste batzuk, herri bakoitzean antolatutako ekimenak izango dira. Komunean izango diren ekintzen artean azpimagarrienak bi dira: batetik, urriaren 13an ibai garbitzea egingo da herri guztietan, eta bestetik, urriaren 19an Mekolalde eta Epeleko araztegietara bisita egingo da (bi saio egingo dira: 10:30ean euskaraz eta 12:00etan gazteleraz).

Ibaia garbitzen parte hartu nahi dutenek, Bergaran, aurretiaz eman beharko dute izena. Dagoeneko eman daiteke Agorrosinen, kultur etxean eta udaltzaingoan. Beste herrietan berriz, egunean bertan hitzordura azaltzearekin nahikoa izango da, hau da, ez da aurretiaz izena eman beharko. Arropa egokia eramateko gomendioa egin dute Mankomunitatetik.

Egitaraua- Uraren eta Errekaren Astea by Goiena Komunikazio Taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak