Gripearen aurkako txertoa hartzea komeni da birusa agertu baino lehen

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko urr. 2a, 02:00

Udazkenarekin batera hainbat gaixotasun agertzen dira; horietako bat gripea da. Bada, gripearen agerpenari aurre egiteko, Osakidetzak gripearen kontrako txertatze kanpaina abian jarri du. Irailaren 23an hasi ziren txertoak ematen eta kanpainak azaroaren 6ra arte iraungo du.

Osakidetzak bost arrisku talde zehaztu ditu, eta txertatze kanpaina horiei zuzenduta dago: 65 urtetik gorakoak; gaixotasun kronikoa duten 65 urtetik beherakoak; haurdun dauden emakumeak; osasuneko profesionalak; eta, hegazti-granjetako langileak. Kizkitza Alustiza Oñatiko osasun zentroko erizainak azaldu du osasuneko profesionalek txertoa hartu beharko luketela adineko pertsonekin tratu zuzena dutelako, eta ondorioz pertsonak kutsa ditzaketelako. Gaixotasun kroniko moduan hartzen dira bihotzeko, giltzurruneko eta gibeleko gaixotasunak dituztenak, diabetikoak eta inmunosupresore tratamendua hartzen dutenak, besteak beste.

Hitzordua hartu behar da 

Lehenengo aste honetan oso erantzun ona izan du kanpainak. Jende asko joan da osasun zentroetara txertoa hartzera. Alustizak azaldu du txerto gehien lehenengo bi asteetan jarri ohi dituztela. Txertoa jartzeko hitzordua hartzea beharrezkoa dela nabarmendu du. Behin hitzordua hartuta, osasun-zentrora edo anbulatoriora joan beharra besterik ez dago. Arrasaten, anbulatorioan astelehenetik egubakoitzera emango dute txertoa; horrez gain: gaur, irailak 30, Uribarriko jubilatuen etxean 12:00etatik 13:30era; eta, bihar, martitzena, Etxaluze eraikinean 12:00etatik 13:30era. Bergaran, osasun zentroan astelehenetik egubakoitzera jarriko dute txertoa, eta horrez gain: urriaren 3an, eguena, Osintxun 10:30etik 11:00etara; eta, urriaren 10ean, eguena, Labegaraietan 10:30etik 11:30era. Aramaion, Antzuolan, Elgetan, Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan anbulatoriora joan beharko dute, astelehenetik egubakoitzera, aurretik zita hartuta. Gatzagarrek Eskoriatzako osasun zentrora joan beharko dute.

Etxetik irten ezin direnei etxera joango zaie erizaina.

Konplikazio larriak  

Alustizak azaldu du txertoa jartzeak saihestu egiten duela gripea hartzea. "Ez bada txertorik hartzen samurragoa da gripea harrapatzea. Hala ere, ez du esan nahi txertoa jarriz gero ez duzula griperik hartuko. Birus oso aldakorra da eta har dezakezu, baina sintomak txikiagoak dira edo ez dira hain larriak". Gaineratu du arrisku taldean daudenek txertoa jarri beharko luketela, pertsona ahulagoak direlako, eta gripea hartuz gero euren gaixotasunaren ondorioz konplikazio larriak izan ditzaketelako.

Gripearen sintomak 

Gripea gaixotasun infekziosoa da, oso kutsakorra dena eta goiko arnasbideetan eragiten du. Gripearen birusa aldatu egiten da urtetik urtera, horregatik txertoa ere aldatu egiten dute. Gripearen sintomak dira: sukar altua, buruko eta hezurretako mina, arnas estua… 5 eta 7 egun bitartean irauten du, eta osatzeko atseden hartzea gomendatzen dute. 

-----------------

Kizkitza Alustiza (erizaina): "Arrisku taldekoek gripea harrapatuz gero konplikazio larriak izan ditzakete"

Kizkitza Alustiza Oñatiko anbulatorioko erizainak azaldu digu zer den gripea eta ze sintoma dituen. Arrisku taldean daudenek txertoa hartu beharko luketela nabarmendu du.

Zer esango zenieke txertoa jartzen ez dutenei? Komeni dela, gaixotasun kronikoa dutenek edo 65 urte baino gehiago dutenek txertoa hartzea. Ahulagoak dira, eta gripea harrapatzen baldin badute konplikazio larriagoak izan ditzakete.

Jendea animatzen da txertoa hartzera? Jendea etortzen da, Oñatin batez ere. Lehenengo aste honetan jende asko etorri da. Oñatin, beste urte batzuetan %70 inguru etorri izan da txertoa jartzera.

Etxetik irten ezin direnek zer egin behar dute? Euren etxeetara joaten gara, ez da arazorik izaten. Errolda bat daukagu, eta horren arabera badakigu zenbat diren euren etxeetan dauden pertsonak. Arantzazura, komentuetara, etxeetara… joaten gara.

Arrisku taldean ez daudenek har dezakete txertoa? Bai, badute aukera txertoa hartzeko baina txertoa eurek erosi beharko lukete.

Txertatze kanpaina honetan murrizketarik nabaritu dituzue? Ez, txertatze kanpainan ez. Beste urte batzuetan haina txerto kantitate ditugu eta txertatzera datozen denak txertatzen ditugu.

Zer da gripea? Gaixotasun infekziosoa da, oso kutsakorra dena. Birus batek eragiten du, eta birusa aldatu egiten da urtetik urtera. Komeni da argitzea, gripea eta katarroa ez direla berdinak; hortaz, txertoa hartuz gero katarroa harrapa dezakegu. Gainera, katarroaren aurkako txertorik ez dago.

Nola sendatzen da? Batez ere lasai egoteko eskatzen diegu, egun batzuk etxean egon daitezela. Sintomak gutxitzeko antitermikoak eta analgesikoak, eta likido asko edatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak