Joseba Villarreal: "Lan-erreformak oraindik ere ematen digu lan baldintzak bermatzeko aukera; balia dezagun"

Leire Kortabarria 2013ko urr. 2a, 02:00

ELAko Batzorde Eragileko kidea eta sindikatu horretan Negoziazio Kolektibo saileko arduraduna da Joseba Villarreal. Bere esanetan, ultraaktibitatea bukatu zenetik "enpresa gehienek estrategia berbera izan dute: langileei gutunak bidali".

Ia badira hiru hilabete ultraaktibitatea bukatu zela. Euskadiko langileen egoera zein da?

Kontuan hartuta ultraaktibitatea dela norberak lan baldintza berberekin jarraitzea beste hitzarmen batek iraungitakoa ordezkatzen duenera arte, legeak hori aldatu du, eta langileen askotariko egoera dute: gutxienei, lan baldintzak aldatu zaizkie; guztiei iragarri zaie aldatu egin daitezkeela datozen hilabeteetan; gehienek baldintza berberekin jarraitzen dute soldatan, kategorian, lanorduetan, egutegian… eta beste gauza batzuetan ez; eta, edozein kasutan, legezko bihurtu da hainbat enpresatan kontratatzen den jende berria beste baldintza batzuetan dagoela. Hori da ondorio garbiena eta bat-batekoa: diskriminazio legala langileen artean.

Dena dela, hitzarmen batzuek badaukate klausula bat, eta horren arabera, hitzarmen berria egin arte, hitzarmen zaharrak indarrean jarraituko du. Zenbat hitzarmenek daukate klausula hori?

Banaka batzuek bai, baina gehienak beste egoera baten daude. Batzuen hitzarmenak oraindik indarrean daude; beste batzuen kasuan, hitzarmenaren iraunaldia bukatu da eta ultraaktibitate horrek beste urte bat irauten du. Beste batzuek urte hori ere pasa dute. Eta beste batzuek enpresa-hitzarmenak dituzte eta euren baldintzak eurek erregulatzen dituzte enpresa mailan.

Gipuzkoan, 50.000 langile inguru dago metalgintzan, baina hortik parte batek enpresa-hitzarmenak dituzte eta lan baldintzak bere enpresan erregulatu dituzte. Lan erreformak berari aurre egiteko ematen duen aukera bakarra da zure enpresan hitzarmen bat osatu eta zure baldintzak bermatzea; edo, sektore-hitzarmena oinarri hartuta, hori hobetzen duen hitzarmen bat egitea.

Enpresaren arabera, beraz, egoera desberdina izango da, ezta? 

Denetarik dago. Krisian egoteak ez du esan nahi enpresa guztiak gaizki daudenik edo dirurik irabazten ez dutenik. Sindikatu batek duen inplantazioak ere eragiten du. Patronalak ez digu gure arazoa konponduko. Geratzen zaiguna da antolatzea lan zentroetan eta horiek erreformatik libre uztea, haren eragina gure enpresaren atetik kanpo uztea. Horretarako, organizazioa, konfrontazioa eta mobilizazioa beste alternatibarik ez dago.

Langileen aldetik badago horretarako jarrera?

Egoera konplikatua da, eta ulergarria da hori, denok garelako langile eta denok dakigulako nola baldintzatzen duen bakoitza bere egoera pertsonalak. Jendeak beldurra dauka, eta alternatiba askorik ere ez dago. Baina hala ere, guk aurten 160 hitzarmen berritik gora egin dugu enpresatan; erresidentziatan ere hiru falta dira lan hitzarmenak egiteko, baina 80tik gora egin dugu. Badakigu lan zaila izango dela, patronalak ez duela frenorik izango eta Gobernuak ez dizkiola mugarik jarriko, eta prest gaude borrokarako.

Guk hitzarmen sektorial probintzialak sinatu ditugu, baina lan erreformak bigarren maila baten jarri ditu. Lehen, Gipuzkoan, metalean, bateren batek enpresa bat ireki nahi bazuen, hitzarmen hori gutxienekoa zen. Orain, erreformarekin, etor daiteke Madrilgo enpresa bat bere hitzarmenarekin, eta 300 euro gutxiago ordaindu. Baina erreformak oraindik ere enpresetan gure lan baldintzak defendatzeko aukera ematen digu; beraz, baliatu dezagun utzi diguten esparru hori. 

Uztailaren 7an urtea bete zen lan erreforma indarrean sartu zela. Nolako urtea izan da?

Urte gogorra izan da, eta lan baldintzak behera botatzeko erabili du patronalak. Enplegua ez da sortu, eta desagertu ere egin da. Krisian, batzuek tunelaren bukaeran argia ikusten dute, eta guk, bukaera bakarrik. Krisiak berdin jarraitzen du eta lan erreforma batek sekula ez du enplegurik sortzen, lan merkatua prekarizatu baizik, eta hori da gertatu dena.

Zelan jokatu dute enpresek?

Estrategia orokorra izan da langileei gutuna bidaltzea, hiru gauza esanez: alde bakarrez lan baldintzei eutsiko zietela, denbora jakin batez; gai batzuetan, beste hitzarmen baten erreferentzia jartzen zutela, sektorearen arabera; eta hirugarrena, larriena, uztailaren 7tik aurrera kontratatuko zituzten langileek beste lan baldintza batzuk izango zituztela. Erreforma zuzenean aplikatzera jo dute batzuek.

Eta Espainiako Gobernuak erreformak egiten jarraitzen du… Orain gutxi, kontratu-eredu kopurua murriztu du. Ze ondorio ditu horrek?

Aurreko erreformak utzi dituen hutsuneak tapatzeko behar besteko erreformak egingo dituzte. Prekarietatea normala den lan merkatu baten, kontratu desberdinak egotearren baldintza desberdinak egongo direla planteatzeak ez du zentzurik. Kontratuaren izena izen bat da. 

Merkelek hauteskundeak irabazi eta gero, pentsatzekoa da erreforma gehiago etorriko direla.

Bai, Merkelek garbi esan zuen zapatuan bertan, Europari eta hego-Europako gizajoei laguntzen jarraituko diela baina murrizketekin aurrera jarraitu behar dutela. Merkelek arrakasta lortu du komunikazio aldetik ere lortu duelako, ez Alemaniako langileak hemengoak baino hobeto daudelako. Alemanak entzuten dabiltza Alemaniak kontrolatzen duela dena eta eurak besteak baino pixka bat hobeto daudela, baina Merkelena adierazle garbia da: lehen agintaria da Europan, krisian hauteskundeak egin dituenak eta berriz irabazi, eta inoiz baino gehiago aterata.

Berrikuntza eta ekintzailetzaren aldeko mezuak nola baloratzen dituzue?

Beharrezkoa eta ona da ekintzailetza, baina politikoek eurek neurririk ez dutenean egiten dute horren alde. Ze laguntza dituzte ekintzaileek? Ez dago finantziaziorik. Kutxabank, EAJ eta Bilduk babestutako erakundeak, ez du enpresentzat finantziaziorik ematen, eta ematen dena oso garestia da. Sortu behar diren enpresendako alternatiba baldin bada ekintzaileei tarifa laua ematea eta autonomoen tarifa ordaintzea, Gizarte Segurantzak duen arazoa ez da konponduko, izan jendea lanean egongo delako baina sarrerarik ez delako egongo. 

Gobernuek euren eskumenean dauden neurriak benetan erabili beharko lituzkete ganorazko enplegua sustatzeko, eta Berrikuntza, Garapen eta Ikerkuntza kontuak behar bazala erregulatu, gaur egun hori dena Ogasunari gutxiago ordaintzeko bakarrik erabiltzen delako: Sozietate Zergan, tipo nominala % 28 da, eta errealitatean % 7ra eta, kasu batzuetan, % 4ra ere ez da iristen. Ibex indizeko enpresa handienek irabazien % 4a ere ez zuten eman iaz, kenkariak direla-eta. Beraz, ez da ulertzen: ekintzaileei autonomoen kuota merkeagoa eskaintzen bazaie eta hilabete batzuetan ez badute ezer ordaindu behar eta, bestetik, irabazten duten enpresek ez dute ezer ordaintzen eta, azkenik, hemen iruzur egiten duena ergela da… Politika fiskala erabili beharko lukete enplegua era zintzoan suspertzeko.

Egoera horrelakoa izanda, ezkutuko ekonomia hazi egin da?

Bai, beti egon da eta orain ere badago. Ekonomia hori izan behar da, ez badago beste alternatibarik. Emakume asko konturatu dira ezingo dira erretiratu, beraz, zergatik kotizatu beharko dute lau orduko garbiketa? Zeren truke gabiltza kotizatzen? Lanaldi partziala ere bultzatu behar da, borondatezkoa bada eta norberaren errealitate baten zerbitzura badago; baina hori ez da aukeran dagoen zerbait, sektore askotan aukera bakarra da. Ekonomia ezkuturik ez balego, ezingo litzateke ulertu estatuan sei milioi langabe egotea eta % 40k prestaziorik ez izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak