Krisiak "hondoa jo duela" uste dute Gipuzkoako enpresek

Leire Kortabarria 2013ko urr. 1a, 14:15

Krisiaren "zuloan" jarraitzen dute Gipuzkoako enpresek, baina "badirudi hondoa jo" duen aztarnak daudela; horrela esan dute gaur Adegiko arduradunek, Gipuzkoako enpresaburuei egindako urteroko inkestaren berri emateko prentsaurrekoan. Sozietateen Zergaren eta gobernu akordio berriaren gaineko balorazioak ere egin dituzte.

Adegiko idazkari orokorrak, Jose Miguel Aiertzak, "ekonomiaren egoeraren gordina" adierazten duten datuak eman ditu lehenengo gaur goizeko prentsaurrekoan. Hain  zuzen, industriaren ekoizpen mailak 34 puntu egin du behera azken sei urte hauetan eta dagoeneko, duela 14 urte zuen mailan dago. Bestetik, esportazioek uztaila arte % -7,5 egin dute atzera; Gipuzkoako barne produktu gordina berriz orain dela 6 urteko mailan dago. Testuinguru ekonomiko horretan, Gipuzkoako enpresaburuek krisia igartzen jarraitzen dute, baina "hondoa jo duela adieraziko luketen zantzuak antzematen hasi" dira, Aiertzak esan duenez.

Adegiko idazkari orokorrak datuak eta enpresen pertzepzioak azaldu zituen: "Historikoki maila apalenean zeuden enpresen konfiantza datuek hobera egin dute. Barne salmenten beherakadaren erritmoa txikiagoa da. Eta kanpo salmentek %1,8 gora egin dute; salmenta horien erritmoaren abiadura, ordea, moteltzen doa". Gaineratu duenez, Gipuzkoako enpresen ekoizpen ahalmenaren erabilerak lau puntu egin du gora, oso baxuak ziren mailatik abiatuz eta bezeroen eskaerak % 0,3 "apalean" baino ez dira hazi.

Adegik egin duen inkestan galdetuta, enpresen % 58k bere eskari maila ahula dela diote; % 30ek, normala, eta % 12k, altua.

Enpleguari dagokionean, Adegiren esanetan, "ez du hobera egingo epe motz eta ertainean". Enpresen % 70ek enplegu mailari eutsiko diotela badiote ere, % 22k hurrengo seihilekoan enplegua murriztuko dutela esan dute, eta % 8k enplegua sortzea aurreikusten dute.

Enplegua, susperraldiaren gakoa

Aiertzak esan duenez, "ekonomiaren susperraldia, gertatzen denean, ahula eta geldoa izango da. Baina ez da susperraldirik izango, eta hiritarrek ez dute antzemango, enplegua sortzen ez dugun arte. Eta enpresek, azken finean enplegua sortzen dutenek, epe motz eta ertainean ez badute enplegua sortzeko aurreikuspenik".

Jarraitu du esaten enpresek duten erronka nagusia lehiakorragoak izatea dela, eta horretarako, "ezinbestean", bi baldintza bete behar dituztela: produktibitatea handitu eta soldatei eutsi. Lan-erreformak ezarri duen testuinguru berriaren gainean jardun du Aiertzak, esanez  "Adegi lan harreman eredu berri baten alde lanean" ari dela, "enpresetan lanean diharduten pertsonekin akordioan oinarritutakoa eta enpresaren lehiakortasuna areagotzea helburu duena".

Akordioa, "begi onez"

Egunotan berbagai den Sozietate Zergaren gaineko hitzak ere izan ditu Adegiko idazkari orokorrak, Adegiren betidaniko iritzia errepikatuz: "Sozietateen gaineko fiskalitateak ekonomia eta enpresen jarduera suspertzeko tresna izan behar duela. Ondorioz, ekidin egin behar dugu presio fiskala igotzeak enpresen jardueran eta ekimen egarrian sor ditzakeen arriskuak".

EAJ eta PSE-EEk sinatu berri duten akordio politikoa "begi onez" ikusten du Adegik, Aiertzaren hitzetan; baina ñabardura honekin: "Guk egingo genukeen erreforma fiskala ez da ordea akordio horretan jasotzen denaren berdina".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak