Euskara bizi indar moduan, TopaEgunean

Jon Berezibar 2013ko ira. 30a, 14:03

Topaguneak egun osoko jaia egin zuen zapatuan Soraluzen: ehunka euskaltzalek indarra erakutsi zuten.

Zapatuan, Deba ibarreko euskara elkarteek eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, festa egunean euskara elkarteen balioa ospatzea izan zen nahia, mugimendu sozial moduan, duten eragina erakusteko. Jolasak, musika, bertsoak... eta Jon Sarasuak liburua aurkeztu zuen: Hiztunpolisa

Elkarteen balioen lorea 

Egun osoko festan, arratsaldeko ekitaldian, Deba ibaian bertan, petaloetan euskara elkarteen balioak erakusten zituen lorea osatu zuten ur-azalean elkarteetako ordezkariek: euskalduntasuna, auzolana, plazera eta plaza. Egunak utzitako irudia horixe izan zen, aldarrikapenen irudikapen bitxi bezala. 

Jon Sarasua, Mikel Irizar eta Jose Angel Irigarai.

Mikel Irizar, Euskara Elkarteen Topaguneko lehendakariak hartu zuen hitza. Hain zuzen, hari egokitu zitzaion aipatutako lore horren petaloetako bat jartzea. Uretatik atera berritan, Topaguneko lehendakariak bi berezitasun azpimarratu nahi izan zituen. Bat, balio nagusia, "euskara batzeko indar moduan" aldarrikatzea. Irizarrek azaldu zuenez, "batzuetan euskaldunok euskara obligazio edo agobio maila batekin bizi izan" dutela baina "aldi berean nahi horrek batu" egiten gaituela. Soraluze eta Deba ibar osoa ere aintzakotzat izatekoak direla gehitu zuen Irizarrek "herri eta bizi indarra" erakutsi zelako zapatuan. "Tokikotasuna" da oinarria, haren esanetan, eta bakoitzak bere tokian indartu behar duela euskara, hain zuzen. Deba ibarreko elkarteek, horretan, "sekulako" laguntza eman dutela nabarmentzen du.

Deba ibaian egin zuten lorearen irudikapena, azken petaloa jartzen.

Debagoieneko euskara elkarteen eta Goienako ordezkaritza zabala ere izan zen Soraluzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak