Eraikuntzen Azterketa Teknikoa 2018ra atzeratzea aztertzen dabil Eusko Jaurlaritza

Leire Kortabarria 2013ko urr. 4a, 02:00

Eusko Jaurlaritza aztertzen dabil –eta badirudi bere asmoak hortik doazela– Eraikinen Azterketa Teknikoaren gaineko araua aldatzea. Horren eraginez,  derrigorrezko lehenengo epemuga 2018ko abenduaren 31n izango da, hau da, egun horretarako EAT (ITE, espainolezko siglekin) eginda izan beharko lukete aurtengo ekainaren 27an 50 urte edo gehiago duten eraikinek.

Gaur egun, bi arauk erregulatzen dute EAT Euskadin: Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek eta Espainiako lege batek. Adituen artean hainbat irakurketa edo interpretazio daude, eta segun eta ze interpretazio egiten den, Euskadin ere derrigorrez bete behar da Espainiako legea edo ez.

Edozein modutan, asmoak egia bihurtu arte, epemugak hauek dira: 2013ko abenduaren 31rako EAT eginda izan beharko lukete 1901 baino lehenago egindako eraikin guztiek; 2014ko abenduaren 31rako, 1942. urtea baino lehenago egindakoek; eta 2015eko abenduaren 31rako, 50 urte edo gehiago duten eraikinek. Arau berria onartuko balitz, hiru multzo horietako etxebizitzen betebeharra 2018ko abenduaren 31ra atzeratuko litzateke.

Dirulaguntzak, aparte

Baina soluzioa ez da hain samurra, izan ere, beste alde batetik, dirulaguntzen kontua dago. Gaur egun, EAT bera egiteko dirulaguntzak lortzeko aukera dago, gehienez ere 1.000 euro. Baina, azterketa teknikoaren arabera, eraikin horrek birgaitze edo konponketa lanak egin behar baditu, horietarako dirulaguntzak EATen gaineko arauek ez beste batzuek erregulatzen dituzte; araudi hori 1984koa da eta ez du inongo zerikusirik EAT-
ekin.

Etxebizitza ondarea birgaitzeko Suradesa agentziako Luis Laskurainek egoera azaltzen digu: "Udal batzuk bizilagunak informatzen hasi ziren EAT egin behar zutela, eta bizilagun batzuek laguntza eskatu zieten udalei". Laskurainek Etxebizitza Sailean kontsultatu du zelan dagoen kontua, eta, bere esanetan, agintariak "bi gauzak aztertzen dabiltza: epeena, batetik, eta dirulaguntzena, bestetik".

Dena dela, atzerapena dagoeneko errealitate bat da: Laskurainek esan du datorren artean duela batzar bat Bergarako bizilagun batzuekin, dagokien azterketa atzeratzeko.

Adituen txostena

Orain indarrean dagoen araudiak zenbait betebehar ezartzen ditu etxe-jabeendako. EAT txosten bat da, eta aditu kualifikatu batek bakarrik egin dezake; normalean, arkitekto edo arkitekto tekniko batek. Eraikuntzaren egoeraren gaineko txostena da, eta irisgarritasun-txostena eta energia-eraginkortasunaren gaineko txostena gehitzen zaie aurrekoari.

Eraikuntzen Azterketa Teknikoaren gaineko informazio gehiago dago albiste honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak