Itten deituko da aurrerantzean Etorlur, eta norabide berria izango du

Leire Kortabarria 2013ko ira. 27a, 14:13

Etorlur sozietate publikoak norabide eta irudi berriak ditu aurrerantzean: Itten izena izango du eta bere eginkizun nagusia udalerri txikiei aholkularitza eskaintzea izango da, Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Peio Gascon Lurralde Antolaketako zuzendariak gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian azaldu dutenez.

Azaldu dutenez, "Foru Gobernuak oso egoera ekonomiko larrian topatu zuen, legealdi honetan, Etorlur sozietate publikoa: kiebra jotzear". Errazkinek esan du aurreko legealdietan "hainbat operazio espekulatzaile" egin zituela eta, horren ondorioz, sozietateak 20 milioi euro galdu zituela. Administrazio Kontseiluak kontuak birformulatu egin zituen, eta deskapitalizazio baten bidez, sozietatearen balioa balio errealera egokitu zuen, Herri Kontuen Euskal Auzitegiak behin baino gehiagotan eskatu zuenaren arabera.

Foru Gobernuak Etorlurri eustea erabaki zuen, Gipuzkoako erakundeendako eta jendartearendako "tresna interesgarria" izan zitekeen ustetan. "Argi zegoen, ordea, sozietate publiko honek norabidea aldatu behar zuela derrigor, proiektu espekulatzaileak alde batera utzita", esan du.

Datozen urteetan, Gipuzkoako 2.000 biztanletik beherako udalerriei aholkularitza eskaintzea izango da Itten sozietatearen eginkizun nagusia. "Herri horiek baliabide mugatuak dituzte, eta askotan, zenbait proiektu gauzatzeko, kanpoko kontratazioetara jo behar izaten dute aholkularitza bila (arkitektura arloan edo maila juridikoan, esaterako). Horixe eskainiko die foru sozietateak: aholkularitza. Eta horrek baliabideak konpartitzeko eta optimizatzeko eta bitartekoak eta dirua aurrezteko aukera emango die Gipuzkoako instituzioei", esan du Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. 

Urriaren 2an, aurkezpena

Itten, herriekin lan egiten izango da sozietatearen izen osoa hemendik aurrera. Zazpi langile ditu eta, Peio Gasconek esan duenez, "esperientzia" handia dute arkitekturan edo lege kontuetan. "Etorlurren egindako lanaren bidez harreman estua izan dute udalekin, eta kapital hori guztia udalerri txikien esku jarriko dute orain, aholkularitza eskainiz eta haien lana erraztuz", esan du Gasconek.

Proiektu honetan interes zuzena duten guztientzat aurkezpen-bilera bat antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urriaren 2an izango da, Anoeta herriko auditorioan, 18:30ean, eta 2.000 biztanletik beherako herrietako alkateak, batzarkide taldeak eta sozietateko Administrazio Kontseiluko kideak daude gonbidatuta. Martin Garitano diputatu nagusia, Iñaki Errazkin diputatua, Peio Gascon zuzendaria eta sozietateko langileak bertan izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak