Bergara Zero Zabor: "Hondakinen Mahaian ezin izan gara adostasunetara ailegatu, ez helburuetan ez jasotze sistemetan"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ira. 26a, 22:25

Martitzenean Hondakinen Mahaiaren negoziazio fasea bertan behera geratu ondoren, balorazioa egin du bertako partaide izan den Bergara Zero Zabor taldeak. "Ez da ahalegin antzua izan, baina ezin izan dugu adostasunetara ailegatu, ez helburuetan ez jasotze sistemetan. Udal Gobernuarekin ados gaude aspalditik 'impasse' egoera batean zegoela mahaia", adierazi dute; eta horri gehitu diote, euren ustez, atez atekoak jarraitzen duela izaten "helburuak hoberen betetzen dituen sistema".

"Mahaian parte duten guztiek ahalegin handia egin dute hilabete hauetan", Bergara Zero Zabor taldetik aditzera eman dutenez eta, eurentzako behintzat, ez dela ahalegin antzua izan gehitu dute: "Hondakinen mahaia eratu baino lehenago komunikabideen bitartez eman den eztabaida zuzenean edukitzeko aukera izan dugu, eta guretzat behintzat hori positiboa da".

Bi arrazoi

Baina diote ezin izan direla adostasunetara ailegatu, bi arrazoiengatik. Batetik, helburuetan ez delako adostasunik egon, euren ustez: "Gure taldetik beti esan dugu prest geundela edozein sistema baloratzeko, beti ere sailkatuta jasotzen den hondakinen portzentajea atez atekoarekin jasotzen denaren antzerakoa bada. Atez atekoaren kontrakoak beti helburuak adosteari ihes egiten saiatu dira, euren ustez adostu behar zen gauza bakarra jasotze sistema zelako". Bestetik, "jasotze sistemei buruz ere ezinezkoa izan da adostasunera ailegatzea", esan dute: "Proposamen ezberdinak egon dira, baina atez atekoaren kontrakoen aldetik beti egon da erresistentzia handia kontrol pertsonalizatuko sistemen kontra; ezta frakzio batentzat ere. Guretzat mota honetako sistemak erabiltzea ezinbestekoa da lehen aipatutako helburuak lortu ahal izateko".

"'Impasse' egoeran"

"Udal Gobernuarekin ados gaude aspalditik 'impasse' egoera batera helduta zegoela mahaia. Asko hitz egin ostean, konkretatzeko ordua ailegatzen zenean beti arazo berdinekin egiten genuen topo, eta ez ginen aurrera egiteko kapaz izaten", diote prentsa oharrean.

"Atez atekoa, helburuak hoberen betetzen dituena"

Bukatzeko, eta Antzuolako eta Oñatiko kasuei erreferentzia eginez, esan dute, euren ustez, atez atekoak jarraitzen duela izaten "helburuak hoberen betetzen dituen sistema": "Gure ustez,  helburuak hoberen betetzen duen sistema atez atekoak jarraitzen du izaten (Antzuolan eta Oñatin dauzkagu gertuko adibideak). Hala ere, onartzen dugu herrian eman zen parte-hartze prozesuan adostu zen sistema (hau da, papera eta ontzien edukiontziak mantentzea). Espero dugu bergararrok sistema horrekin gure inguruko beste herri horien sailkatze tasetara hurbiltzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak