Txapel preziatua eskuratzeko, bertsolariak lehiatzeko prest

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko ira. 27a, 11:00

Domekan, irailaren 29an abiatuko da, lau urtetik behin jokatzen den Bertsolari Txapelketa Nagusia. Aurtengoa, XVI. edizioa, Amasa-Villabonan hasi eta abenduaren 15ean amaituko da, aurten hirugarrenez, Barakaldoko Bilbao Exhibition Center-en. Beste edizio batzuetan moduan, oraingoan ere, Debagoienak izango du Txapelketan ordezkaritza. Lau bertsolari izango dira: Elgetako Ainhoa Agirreazaldegi; Aramaioko Manex Agirre eta Aretxabaletan bizi diren Miren Amuriza eta Maddi Sarasua. Aretxabaletakoa da, era berean, epai-mahaiko kide bat: Mikel Fernandez de Arroiabe. Aurtengoan, debagoienean ez dute Txapelketako kanporaketarik egingo.

Bertsozale Elkarteak antolatzen duen zortzigarren txapelketa honetan, 14 saio izango dira eta 43 bertsolarik, 14 gai-jartzailek eta epaile lanetan 16 lagunek hartuko dute parte.

Protagonisten ikuspuntutik

Bertso Txapelketa Nagusiaren ateetan, debagoieneko bertsolarien iritziak batu ditugu. Ainhoa Agirreazaldegi izango da taularen gainera igoko den lehena; bertso saioak kokatzerakoan, antolatzaileek lurraldetasuna zaindu dutela dio eta orokorrean aurten esanahi zein teknika aldetik landutako jendea dagoela, akaso gazteen freskura faltako dela gaineratuz. "Aurreko txapelketatik hona, aldaketa asko bizi izan ditut; hori horrela, teknikoki baino, mamitik gurako nuke nire ekarpena igartzea" dio elgetarrak.

Manex Agirre aramaioarrak lehen aldia du Txapelketa Nagusian: "Umil-umil eta kanporaketa bakarrik helburu hartuta joango naiz ahal dudan guztia egiten saiatuz". Aurtengo Txapelketa, interesgarri datorrela dio, parte-hartzaileak gogotsu ikusten dituelako eta Agirreren ustetan, freskura egongo da. Aretxabaletan bizi diren Maddi Sarasua eta Miren Amurizarekin lehiatuko du Agirrek Oionen. Aurkariak baino lagunak direla dio, gaineratuz, saio horretan igarriko dela Txapelketan eskarmentua duten eta lehenekoz parte hartzen dutenen arteko aldea.

Txapelketako gazteena da, jatorriz Itsasukoa den Maddi Sarasua. Urduri baina, era berean, ilusioz dagoela kontatu digute Aretxabaletako familiakoek. Sarasuarekin ederto bat egiten duela dio Miren Amurizak: "Ni orain lau urte nengoen moduan egongo da seguru, zorterik onena opa diot; ni berriz, lasai eta gogotsu nago. Finalera begira aldaketak egon daitezkeela uste dut".

Goiena Telebistan ere ikusgai

Goiena Telebistaren bitartez ere jarraitu ahal izango da txapelketa, Tokiko telebistek EITBrekin duten hitzarmenari esker.

Sarrerak on-line salgai eta finalerako, debagoienean ere bai

Dagoeneko salgai daude kanporaketa zein finalerako sarrerak, bertsosarrerak.eu atarian. Horrez gainera, izango da debagoienean finalerako sarrerak erosteko aukera ere:

  • Arrasaten: Irati ta Monten tabernetan
  • Bergaran: Jardunen
  • Oñatin: Txokolaterixan
  • Aramaion: Eki tabernan

 

 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak